GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROL ESKALADA

Laura Rogora da zailtasuneko erregina berria

20 urteko eskalatzaile italiarrak Arcon dagoen «Erebor» bidea (9b/+) kateatu berri du. Maila hori egin duen munduko lehen emakumeada. Igoera historiko hori egiteko, Rogorak sei eguneko lana soilik egin behar izan zuen. Azken egunotan, berriz, 8b+ bistan sinatu du.


Laura Rogorak kirol eskaladan historia egin berri du. Arcon (Italia) dagoen “Erebor” bideak eman dio ohore hori. 9b/+ zailtasuna duen marra hori kateatu du; hots, orain arte emakumeen maila gorena. Eta 20 urte baino ez ditu.

Eskalatzaile italiarrak aitzindarien bidetik jarraitu nahi du. Zaila da jakitea Josune Bereziartu eskalatzaile historikoak idatzitako urrezko letrak errepikatzeko gai izango ote den. Baina, ziur gaude, bide horretatik (eta onetik) doala. Batetik, sasoi aparta duelako, eta bestetik, aurretik ibilbide luzea duelako.

“Etxe” berezi hori eraikitzeko jarri dituen zimenduak sendoak dira oso. Sei urterekin hasi zen eskalatzen, eta zazpirekin, Alessandro Marrocchirekin entrenatzen. Seigarren, zazpigarren eta zortzigarren zailtasuneko bideak sinatzen ez zuen inolako arazorik izan. Nerabezaroaren atarian, 13 urterekin, Rogoraren maila oso azkar handitzen hasi zen. 8c zailtasuneko lehen bideak iritsi ziren.

Baina garai haietan eskalatzaile gazte hau lehiaketekin erabat zentratuta zegoen. Gazteen kategoria ezberdinetan makina bat titulu irabazi ditu, eta podiumen kutxa ezberdinetara igo da. Aitzitik, arroka ez zuen baztertu, eta, 14 urterekin, hedabide espezializatuetan muturra sartu zuen; izan ere, “Grandi gesti” (9a) igo zuen. Ondoren, marra hori 8c+/9a mailan utzi zen, baina Rogorak ez zuen etsi eta Olianan “Joe cita” (9a) eskalatu zuen.

“Pure dreaming”-ekin, berriz, iaz 9a+ zailtasunean sartu zen. Eta jarraian “Ali Hulk extension total sit start” (9b) heldu zen. Denera, 8c+/9a eta 9b arteko hamalau bide egin ditu. Eta ezin dugu ahantzi ere 8b+ bistan egiteko gai izan dela.

Argi geratzen denez, protagonista hau ibilbide oparoa izaten ari da, eta, arestian aipatu dugun bezala, hilaren hasieran jauzi historikoa egin zuen “Erebor” sinatuta.

Atzera begiratuta, 9b maila eskalatu zuen lehen neska Angela Eiter izan zen. 2017. urtean, eskalatzaile austriarrak “La planta de shiva” igo zuen. Iaz, berriz, Rogora izan zen zailtasun hori egin zuen bigarren emakumea, eta hirugarrena (iaz hau ere) Julia Chanourdie frantziarra izan zen “Eagle-4” marrarekin.

“Erebor” bideari dagokionez, aipatu behar dugu Stefano Ghisolfik eta Severeno Scassak ekipatu zutela. Joan den urtarrilaren 21ean, Ghisolfik berak marra horri puntu gorria jarri zion, eta 9b/+ proposamena egin zuen.

Rogorak bide horren lehen igoera femeninoa sinatu eta historia egiteaz gain, azpimarratu behar da oso denbora gutxi behar izan duela proiektu hori biribildu ahal izateko. Hain zuzen ere, sei egun. Era horretan, gazte hori gizonezkoen mailara hurbiltzen ari da. Gogora dezagun, Adam Ondraren “Silence” dela gaur egun munduko 9c mailako bide bakarra. Bederen, txekiarrak proposamen hori egin zuen, eta orain arte ez du errepikapenik izan. Sendotuta dagoena, aldiz, 9b+ maila da. Ez dira eskalatzaile asko esfera horretan sartu direnak, baina zailtasun horrekin ez dago eztabaidarik.

9b+ aipatu dugunez, esan behar dugu Gisolfik aholku berezia eman diola Rogorari. Iragan udaran, eskalatzaile italiar honek Ceusen dagoen “Bibliographie” bidearen bigarren igoera egin zuen. Lehena Alex Megosena da, eta alemanak marra horrentzat 9c proposamena egin zuen. Ghisolfi, berriz, ez zegoen ados iritzi horrekin, eta 9b+ mailara jaitsi zuen. Bada, eskalatzaile honek dio azken bide hori “Erebor” baino pixka bat samurragoa dela. Eta sare sozialetan honako gonbidapena egin dio Rogorari: «Aurreratzen dizut ‘Bibliographie’ ez dela askoz ere zailagoa. Datorren urteko oporrak oraindik planifikatuta ez badituzu, aholkatzen dizut bide hori proiektu gisa hartzeko. Iradokizun bat besterik ez da».

Oso azkar

Rogorak “Erebor”-en izan duen prozesuari dagokionez, aipatu behar dugu ez duela misterio berezirik izan. Eta hori diogu oso-oso azkar biribildu duelako. Gazte honek hedabideoi jakinarazi digunez, lehen ekinaldiak joan den martxoan egin zituen: «Lehiaketen denboraldia oso luzea izango zenez, hasi aurretik bi egunetan probatu nuen. Etxe ondoan izaera horretako xede bat aurkitzea ez da batere erraza, eta ‘Eregor’ oso gertu nuen. Lehen egunean, mugimendu guztiak egin nituen. Baina atseden hartzeko lekurik ez dagoenez, kateatzeko arras zaila iruditu zitzaidan. Bestalde, adierazi behar dut Ghisolfiren sekuentziak ez nituela erabili. Onartu behar dut ere bideak dituen sekzio gogorrenetan ez nuela buruhausterik izan. ‘Eregor’-en ezaugarriak niretzat oso egokiak dira; erresistentzia nagusitzen da. Horregatik guztiagatik, ekinaldi bakoitzean ikusi nuen aurrerapen esanguratsuak egiten nituela».

Baina esan dugun bezala, lehiaketen denboraldia oso beteta zetorren: Olinpiar Jokoak, Munduko Kopa, Munduko Txapelketak... Horrek guztiak esku artean zuen helburuan etena egitea eskatzen zuen. Baina Errusian jokatu ziren Munduko Txapelketak bukatu bezain laster, Arcora abiatu zen: «Lehia guztiak alde batera utzi eta gero, ‘Eregor’-en jo eta su jardun nahi nuen. Lehen egunean soilik mugimendu guztiak probatu nituen. Bi egunetara itzuli nintzen. Ekinaldi batean, bi atseden eginda, katera iritsi nintzen. Hurrengoan, atseden bakar batekin. Une horretan jabetu nintzen katera erorikorik gabe heltzeko oso-oso gertu nengoela. Egun bat eskalatu gabe igaro ostean, D eguna iritsi eta ‘Eregor’ kateatzea erdietsi nuen. Sei eguneko lan eskerga eskatu dit; bi martxoan eta besteak orain. Eguneko hiru ekinaldi egin ditut».

Nahiz eta maila horretan eskarmentu handia ez duen, Rogorak adierazi du “Eregor” dela orain arte egin duen bide gogorrena: «Uste dut marra hori ‘Ali Hulk’ baino gogorragoa dela,. baina azken honek buruari askoz ere gehiago eskatu zion. Izan ere, etxetik urrun nengoen eta eskalada horrek mugimendu eta atsedenleku gehiago ditu. Eta horiek guztiak kudeatzea ez da batere erraza».

Beraz, emakumeen artean 9b/+ maila egin duen lehena 20 urteko gazte hau da. Berriro diogu, zaila da jakitea gizonezkoen zailtasun gorenera helduko ote den, baina, bederen, argi eta garbi uzten ari da benetan sasoi bikainean dagoela.

Olinpiar Jokoak amaitu zirenetik, hilero 9a mailako bide bat egin du. Azkena, joan den asteburuan. Hori nahikoa ez balitz, Camaiore izeneko eskalada eskolara egin berri duen bisitan 8b+ mailako marra bat bistan egin du: “Obi One Kenobi”. Ez da estilo horretan sinatu duen lehena; iazko urtarrilean, Raco de Misan (Montsant) “L-Mens” kateatu zuen.

Hori guztia soka gerrira lotuta egin berri du, baina Rogorak argi utzi du boulderrean ere gogor estutzen duela. Suitzako Magic Wood-en izan da, eta, blokeko espezialista handia ez bada ere, handik ekarritako uzta azpimarratzekoa da. 8a+ zailtasuneko pare bat korapilo askatu zituen: sona handia duen “New base line” eta “Sofa surfer”. Etorkizunak Laura Rogora du izena.