GARA Euskal Herriko egunkaria
KRISI HUMANITARIOA MEDITERRANEOAN

Aita Mari 105 lagunekin porturatu daiteke, sei egun zain eman ostean

Erreskatatutako 105 migratzaileak non lehorreratu jakin gabe ia astebete eman ostean, Sizilian porturatzeko baimena jaso zuen atzo Aita Marik. Maltako uretako erreskate eremuan hartutako lagunen artean gaixoak eta tortura larrien biktimak zeudela jakinarazi zuen. Maltak laguntza ukatu eta bere uretatik aldentzeko eskatu zion.


Joan den asteartean Maltako uretan erreskatatutako 105 lagunak hainbat egunez non lehorreratu jakin gabe egon ostean, Sizilian porturatzeko jakinarazpena jaso zuen atzo Aita Mari erreskate-ontziak. Bertako kideek azaldu zutenez, gauerdi aldera espero zuten Trapaniko portura heltzea, sei egunez Europar Batasunaren, Italiaren eta Maltaren erantzun humanitarioaren zain egon ondoren.

Albistea jaso zutenean, sare sozialetan, erreskatatutako lagunen artean sortu zen poza erakusten zuten irudiak partekatu zituzten.

Maltako uretan, SAR (bilaketa eta erreskate gunea ingelesezko sigletan) itsas eremu gisa ezagutzen den kokapenean aurkitu zituzten 105 migranteak joan den asteartean, jitoan zegoen egurrezko txalupa batean.

Maltak, halere, laguntza ukatu eta, gainera, bere uretatik alde egiteko ohartarazi ziela salatu zuten larunbatean. Esplikatu zutenez, eremu hori zen, gainera, olatu gutxien zegoena. Ondoren, itsaso zakarreko orduak helduko ziren, sareetan partekatutako informazioaren arabera.

GKE-ko aktibistek jakinarazi zutenez, adingabeak, gaixoak eta tortura latzen biktimak zeuden erreskatatutako lagunen artean. «Pertsona horiek Libian torturak, estortsioak eta tratu txarrak jasan zituztela kontatu» zutela adierazi zuen gobernuz kanpoko erakundeak, atzo bidalitako ohar batean.

Tortura zantzuak

Maltaren ohartarazpena jasota, bizi zuten egoeraren berri eman eta migratzaile batzuek gorputzean zituzten tortura latzen aztarnak erakusten zituzten irudiak zabaldu zituzten. «Sinestezina da estatu multzo batek baldintza ankerretatik datozen pertsonei tratu txarrak luzatzea, inolako beharrik gabe», salatu zuten aktibistek.

Jokabide horren aurrean, migranteen portaera ona nabarmendu du GKEak. «Ontziko pertsonek portaera eredugarria dute, gizatasunaren eta adiskidetasunaren erakustaldi aparta», azpimarratu zuten duela egun batzuk, oraindik porturatzeko baimenik ez zuten arren.

Erreskatea izan eta gutxira, Naiz Irratian, Europak giza eskubideak babestu ordez «interes politikoak lehenesten» dituela salatu zuen itsasontzitik bertatik zuzenean Iñigo Mijangosek. Kontatu zutenez, zeuden egoera zailean, Libiara itzularaziko zituzten mamua hauspotzeko arriskua zegoen, eta horrek estres zein arazo psikologikoak azalaraz zitzakeen.

Aita Mariko lehen ofizial eta ontziaren kudeatzailea den Itsas Salbamendu Humanitario GKEko presidenteak argitu zuenez, Maltak eta Italiak ez zieten porturatzeko baimenik eman, betiko jokabideari eutsiz. Kontatu zuen, gainera, migratzaileen egurrezko ontzia noraezean zegoela ikusita, egoeraren berri eman zietela Italia eta Maltari, eta ez zutela ezer egingo jakin zutenean, erreskateari ekin ziola Aita Mariko tripulazioak.

Antzeko egoeran egon zen, 412 lagun erreskatatuta, Sea Match 3 ontzia, azken asteetan Mediterraneo itsasoan izaten ari diren erreskate operazioetako batean. Azken egunetan, denboraleek sortzen dituzten zailtasun eta arriskuak gehitu dira egoera larrira.

Aita Marik amarrak askatu zituen urriaren 15ean, Burrianako portutik (Castelló) Mediterraneo erdialdera joateko, edukiera 120 lagunetik 150era handitzeko ontzia eraberritu ondoren.

 

296 migratzaile erreskatatu ditu egunotan Geo Barents-ek

Mugarik Gabeko Medikuek (MSF) atzo jakinarazi zutenez, Mediterraneo erdialdean 95 lagun erreskatatuak izan dira eta azken egunetan izandako operazioetan Geo Barents salbamendu-ontziak jada 296 pertsona erreskatatu ditu. «Bizirik atera direnen artean emakume eta haur asko daude. MSFren taldea laguntza medikoa eta psikologikoa ematen ari da», jakinarazi zuen GKEak Twitterren.

Operazioari buruz azaldu zuen Libiako kostazainak iritsi aurretik lortu zutela esku hartzea, migratzaileak «indarkeriara, esplotaziora eta abusura itzultzea» saihestuz. Erreskaterik handiena larunbat goizeko lehen orduan izan zen, azaldu zutenez, jitoan zegoen ontzi bateko ehun bat lagun salbatu ahal izan zituzten, askok ez zeramaten salbamendu-jakarik.GARA