GARA Euskal Herriko egunkaria

Eredu berria abian


Munduko txapelketa bat hondartzatik ikusteko leku onenetakoa da Hossegor; izan ere, baldintzak onak direnean olatuak oso indartsuak eta handiak izan arren urertzetik oso gertu lehertzen dira, eta horrek ikuskizuna are eta ikusgarriagoa bilakatzen du. Ikusleek gertutik ikus ditzakete lehiakideek egiten dituzten mugimenduak eta baita leku egokian mantentzeko dituzten zailtasunak ere.

Aitzitik, sistematikoki lehiakideei urautsira joaten laguntzeko uretako motoak baliatzen hasi zirenetik olatutik kanpo surflari batek korronteak menderatzeko eta itsasoko baldintzen arabera estrategia egokiak bideratzeko izan behar duen abileziak balioa galdu du. Nire ustez, surflari baten talentua olatu gainean egiten duenera soilik mugatzea oso pobrea da, baina hori da egungo ikuspegia, igerilekuko surfaren aroan bizi baikara. Ez du bueltarik, ez behintzat epe motzera; beraz, WSL erakundeak aldatuko ez duen ikuspegi horretatik harago, ezarritako helburuak betetzen dituzten baloratzea baino ez zaigu geratzen.

WSL erakundeak Challenger Series itzulia sortu zuen lehen mailako eta bigarren mailako surflariak elkarrekin lehian jarri eta ikusleen artean ikusmina sortzeko. Nire iritziz, helburu hori lortu dute. Ezagunak diren munduko surflari hoberenetakoak lehen mailara igotzeko irrikaz diren surflari gazteekin lehian ikusteak aurpegi berriak ezagutzeko aukera ematen du. Alegia, etorkizunean munduko lehiakide hoberenen artean izan daitezkeen surflari berriak zeintzuk izan daitezkeen apustu egiteko aukera ematen du.

Hala ere, uste dut WSL erakundeak ez diela Challeger Series itzuliko lehiakideei behar hainbat exijitzen. Lehen mailako lehiakideei eskatzen zaiena eskatu beharko litzaieke CT mailara igotzeko lehian ari diren surflariei. Profesionalak zergatik diren erakutsi beharko lukete. Baldintzak zailak direnean ez lukete txapelketa eten beharko Hossegorren, olatuak handiak eta itsusiak direnean frogatzen baitute surflari onek beren balioa eta ikusleok ere orduan gozatzen baitugu gehien, ez dugulako irudikatzen geure burua halako baldintzetan surf egiten, ezta uretako moto batekin lagunduta ere.

Txapelketak antolatzen dituzten erakundeek edo lehiaketetako epaileek puntuazio irizpideak alda ditzakete, baina eredua bere osotasunean aldatzea ikusleek eta surflarien komunitateak soilik eska dezake. Baina nola egin hori, zer eta nola gustatu behar zaigun agintzen diguten berberak badira aldaketarako baliabide gehien dutenak? Irudimena...