Amaia U. LASAGABASTER
FUTBOLA

Kapitain baten agurra...

Carli Lloydek azken partida jokatu du AEBetako selekzioarekin, karrera luze eta oparo bati amaiera emanez.

Historiako jokalaririk handienetakoa da Carli Lloyd estatubatuarra, mito deitzea benetan merezi duten gutxi horietakoa. Gaurtik aurrera, baina, jokalari ohia da dagoeneko, bart bere ibilbideko azken partida jokatu ondoren. AEBetako selekzioarekin jokatzen zuen 316. partida zehazki, Kristine Lillyk bakarrik gainditu duen marka. Hori bai, ez da harritzekoa, Lloydez aritzerakoan zenbakiak beti batira horrelakoak, benetan itzelak.

New Jerseyn 1982an jaioa, baloiaz maitemindu zenean 5 urte besterik ez zituen. Ostean, institutuan, Lloyd bera izan zen futbola maitemindu zuena, atzo arte luzatu den karrera apartari hasiera emanez. High School garaian lortutako estatu eta nazio mailako sariek unibertsitatera jauzia egiteko aukera eman zioten eta, bertatik, golez gol eta sariz sari, oso azkar eman zuen jauzia AEBetako 21 urtez azpiko selekziora. Bertan hiru urte eman ostean, 2005ean debutatu zuen AEBetako talde nagusiarekin. Lehen gola sartzeko urte eta erdi itxaron behar izan zuen aurrelariak eta hiru lehen titulua eskuratzeko. Hori bai, behin hasita ez zen gelditu.

Urteak pasa ahala, lorpenak pilatzen hasi zen Lloyd, hainbat marka haustera iristeraino. Hiru hamarkada desberdinetan jokatu du AEBetako selekzioarekin eta bost hautatzaile izan ditu. Selekzioan emandako lehen zazpi urteetan, 36 gol sartu zituen “bakarrik”. 30 urte bete zituenetik 39rekin erretiroa hartu arte, berriz, 98 sartu ditu, beste inork baino gehiago. AEBek inoiz izan duten golegile zaharrena da eta eta marka hori hainbatetan berritu du. Normala 2019an selekzioko golegile nagusia izan zela eta 2021 honetan ere horrela izan dela kontuan izanda.

Gol horiei esker sekulako palmaresa osatu du. Munduko txapelketa birritan irabazi du (2015 eta 2019), baita urrezko domina Olinpiar Jokoetan ere (2008 eta 2012). Sei CONCACAF txapelketa ere eskuratu ditu. Tokion osatu zuen abuztuan domina bilduma, brontze gazi-gozo batekin. Ezinbestekoa izan zen gainera bere ekarpena Australia gainditzeko, azken partida horretako lau goletako bi sartu baitzituen. Ez da salbuespena bere ibilbidean. Sarri adierazi duen bezala, erronketan aurkitzen du motibazio handiena eta erantzukizun goreneko uneetan eskaini du askotan bere onena. Horren erakusle, jokatu dituen Olinpiar Joko eta Munduko Txapelketa guztietan sartu ditu golak. 2015eko Munduko Txapelketako finalean, adibidez, Japoniari ordu laurden batean hat trick ikusgarria sartu zion, zelai erditik egindako jaurtiketa batekin lortutako gol aparta barne.

Klub mailan ere ibilbide luzea egin du Lloydek. Ez, berriz, hain oparoa. W-Leaguen Central Jersey Splashekin debutatu zuenetik azken hiru denboraldietan etxe izan duen NWSLko Gotham taldera heldu arte, kamiseta ugari jantzi ditu, 11 zehazki. Hori bai, titulu bakarra irabazi du, AEBetatik kanpo izan duen esperientzia bakarrean gainera: Manchester Cityrekin eskuratutako FA Cupa, hain zuzen. Banakako sariekin kontsolatu behar: 2015eko Munduko Txapelketako Urrezko Bota edo 2015eko eta 2016ko FIFA The Best saria kasu.

Laburrean

Jardunaldia. Nazioarteko partidek eragindako etenaldiaren ondoren, Lehen Mailako zortzigarren jardunaldia jokatuko da asteburuan. Lau euskal taldeen kasuan, igandean. Alavesek Granadilla hartuko du Ibaian (12.00), Realak Bartzelona bisitatuko du (13.00), Athleticek Betis (11.00) eta Eibarrek Madril.

Mirari Uria. Nazioarteko hitzordu ugari izan dituzte bai euskal futbolariek bai euskal taldeetan aritzen diren atzerritarrek. Protagonismo handiena Realeko Mirari Uria azpeitiarrak izan du, Europako Txapelketara sailkatzeko fasean lau gol sartu baititu 19 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin –horietako hiru Txekiaren kontra–.

Ongietorria. Azken orduko arazorik ez bada, Racahel Kundananjik ostiralean egingo du lehen lan saioa Eibarrekin behin oztopo burokratiko guztiak gaindituta. Orain dela bi aste espero zuten armaginek jokalariaren etorrera, baina udan jokatuko den Afrikako Koparako sailkatzeko lehen kanporaketa jokatu behar izan du Zambiako selekzioarekin.

Irainak. Osasuna Bko Karolina Sarasua jokalaria iraindu eta mehatxatu zuten gazteak identifikatu ditu Poliziak. Adin txikikoak dira denak.

Euro. Bihar egingo da 2022ko Europako Txapelketako multzokako fasearen zozketa. Ingalaterra, Herbehereak, Danimarka, Norvegia, Espainia, Finlandia, Suedia, Frantzia, Belgika, Alemania, Italia, Islandia, Austria, Errusia, Suitza eta Ipar Irlanda dira Ingalaterrak uztailaren 6tik 31ra hartuko duen txapelketa jokatuko duten selekzioak. Atzo bertan UEFAk berretsi zuenez, 16 milioi euro banatuko dira saritan, aurreko edizioko kopuru bikoitza.

Nazioartekoa. Galesek eta Estoniak atzo jokatutako Munduko Txapelketako sailkapen faseko partidako laugarren epailea izan zen Bea Arregi bizkaitarra.

Hego Amerika. Libertadores Kopako finalean VAR sistema erabiliko da lehen aldiz. Uruguaik antolatuko du txapelketa azaroaren 3tik 21era bitartean eta hamasei taldek hartuko dute parte guztira.