GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Laba


Mamiak bezainbesteko garrantzia du narrazioak. Aspaldi utzi genion, ordea, bigarrenari arreta jartzeari eta behin eta berriz erabiltzen ditugu hitz berak, euren hizkien loturari esker sor dezaketen esanahiari muzin eginez.

Euskararen erabilerari buruz piztu den eztabaidak penatuta nauka, hizkuntza baten galerak dakarren desastreaz jabetzen ote garen zalantza baitut. Hitzak murrizten ditugun heinean, pertzepzioak ideiak eta ikusmoldeak ezabatzen ditugu.

Laba izena du Iruñean zenbaitzuek desagerrarazi nahi duten euskararen defentsarako jaiotako guneak. Bitartean, lekutan den lava aurretik duen oro irensten ari den unean jaio dela bururatu zait. Eta jarraian, gu, sumendietatik urrun, gurean desegiten ari denaz benetan kontziente ote garen otu zait.

Hizkuntzarenari bezala, abiadura handiko trenari buruzko eztabaidari ere hitzak falta zaizkiola iruditzen zait. Egitasmoak erabat desagerraraziko ditu paisaiak eta istorioak. Historiak eta bizimoduak. Bizitzak narratzeko hotsak, finean.

Postaletako irudiek herri bat saltzeko balio dezakete, baina ez dira herriaren argazki. Herriak, pertzepzioekin, ideiekin, norberaren eta kolektiboaren pentsamenduekin eraikitzen dira eta, beraz, ezin ditugu bizierak desegin, ez eta hitzak ere. Herri bat kontatu ahal izateko, hizkuntza propioa behar du izan eta horretarako akordioak ere behar dira.