GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Aurrerapausoa izango da hitza betetzen badute


Klima larrialdiari buruzko goi-bilera Glasgown hastear zela, munduko herrialde aberatsenek, Erroman bilduta, gai honen inguruan adostutako agiria ezagutarazi zuten. Besteak beste, berotze globala gehienez 1,5 gradukoa izan dadin lanean jardungo dutela onartu zuten, Pariseko Akordioan ezarritakoa berretsiz. Horrez gain, erregai fosilen inguruan eta ikatzaren bidez energia ekoizteko lantegien inguruan erabakiak hartu dituzte, eta, aurrekariak ikusita, logikoa da askok G20koek onartutakoa aurrerapausotzat jotzea. Gogoan izan behar da, alde horretatik, AEBek 2015ean hartutako konpromisoak bertan behera utzi zituztela Donald Trump presidente izendatu zutenean, eta iragan udan Txinak eta Indiak ezezkoa eman ziotela orain onartutako testuaren antzeko bati.

Gauza jakina da, ordea, klima larrialdiaz ari garenean orain arte alde handia egon izan dela hitzen eta ekintzen artean, eta horren adibide da urtero-urtero erregai fosilen isurketa handiagoa dela edo garatze bidean dauden herrialdeei laguntzeko 2009an onartutako diru kopurua ez dela orain arte bildu. Horiek hala, Erroman adostutakoa aurrerapausoa den jakiteko, paperean idatzitakoa betetzen duten ikusi beharko da, eta, alde horretatik, dokumentuan badaude zenbait gauza mesfidantza sortzen dutenak. Ekonomiaren deskarbonizaziorako 2050. urtearen erreferentzia ezabatzea eta «mendearen erdialdea» ezartzea eta hartu beharreko neurriak herrialde bakoitzaren egoeraren araberakoak izatea konpromisoak arintzeko bide gisa bakarrik uler daitezke, bestela ez baitute zentzurik. Eta horrek auzitan jartzen du agiri osoaren zintzotasuna.

COP26aren presidenteak aitortu zuen goi-bilera arrakastatsua izatea zaila izango dela, Parisekoa baino zailagoa, haren hitzetan, batez ere arrazoi geopolitikoengatik. G20an bildutako herrialdeek zailtasun horiek guztiak ezabatu zitzaketen, euren esku baitago oso neurri handi batean haren emaitza. Baina atzo onartutakoak ez ditu zalantzak uxatu; alderantziz, areagotu baino ez ditu egin.