GARA Euskal Herriko egunkaria

«Influencer»-ak


Ez naiz inoiz izan teknologia berrien zalea. Beharrezkoak dira zurrunbilo honetan igeri egiteko, baina ez naiz batere trebea. Ordenagailuan idazteko ere oraindik bi behatz erabiltzen ditut, nahiz eta sarritan programa desberdinekin ikasten saiatu naizen.

Sare sozialekin gauza bera gertatzen zait. Batzuk ezagutzen ditut eta apur bat jarraitzeko gai naiz, baina mundu erraldoi bat nire eskumenetik urrun geratzen dela eta ihes egiten didala sentitzen dut. Horregatik surflari gazteei dagozkien hainbat albiste galtzen ditut eta beste hainbat ulertzeko zailtasunak ditut.

Horixe bera gertatu zait Koa Smith surflariaren inguruko albisteekin. Antza, surflari hawaiiarra “influencer” bat da. Oraindik ez dut oso ongi ulertzen horrek zer esan nahi duen, baina egun hori iritsiko da, bere garaian “freaky” hitzarekin gertatu zitzaidan bezala.

Orain artean Hawaiiko olatu beldurgarrietan tuboak egiten agertzen zen Koa Smithen bideoak liluraz ikusi ditut; hemendik aurrera, ordea, olatu bakoitzean noiz eroriko den zain egongo naiz, bere jarrerak nigan piztutako lilura oro pikutara bota baitu.

Lehen mailan lehiatzeko, surflariek postu onak lortu behar dituzte WSL rankingean, bestela ezin dute parte hartu. Beste modua gonbidapen wildcard bat eskuratzea da eta horretarako eskumena soilik WSL erakundeak du, baina inoiz ez ditu hautaketa irizpide zehatzak finkatu eta ondorioz sarritan polemika izaten da.

Laburbilduz, surflari batek lehen mailan aritzeko merituak behar ditu eta bestela, WSL erakundeak eman ditzakeen bi gonbidapen wildcardetako bat. Koa Smithek sekulako bideoak egiten ditu, baina ez ditu lehen mailan aritzeko gutxieneko puntuak lortu; beraz, aukera bakarra gonbidapen wildcard bat eskuratzea da eta horretarako kanpaina bat jarri du abian. Finean, bere alde bozkatzeko eskatzen dio jendeari sare sozialetan zabaldu duen bideo baten bitartez, baina ez hori bakarrik, munduko txapelketak antolatzen dituen WSL erakundearen kontrako kanpaina bat ere abiarazi du presio egiteko.

Niri eskandalagarria iruditu zait. Inoiz ez naiz fidatu norberaren interesak hain lotsagabe defendatzen dituztenekin, baina surf foroetako eztabaidak irakurtzen ohartu naiz egungo gazteek normaltzat jotzen dutela Koa Smith egiten ari dena, eta, gainera, defendatu egiten dutela. Ziur aski, ni naiz garaiz kanpo geratu dena, baina sarri diodan moduan, ez dut ez aldatzeko asmorik ez gaitasunik; beraz, aurrerantzean Koa Smithen tuboek baino bere erorketek gozaraziko didate.