GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Derbian, dena parekatuago

Bera Bera eta Zuazo aurrez aurre arituko dira gaur 18.00etatik aurrera Donostiako Gasca kiroldegian. Jaitsieratik gertu dauden bizkaitarrek lider diren donostiarren erregulartasuna kolokan jarri nahi dute.


Ezustekoa ematea. Horixe bilatuko du Zuazok Bera Beraren etxean. Talde donostiarren arerio guzti-guztiek dute helburu bera –ligako txapelduna eta egungo txapelketako liderra izanik, Bera Bera garaitzea beti da ezustekoa–, baina, oraingoz, gutxik lortu dute. Denboraldi honetan, egiari zor, inork ez, Imanol Alvarezen taldeak ez baitu oraindik ere partidarik galdu. Berdindu ere, bi partida soilik berdindu ditu, bat ligan –Porriñon– eta bestea EHF European League txapelketako kanporaketako joaneko partidan.

Iragan denboraldian ere, hori bai, Bera Bera sekulako sasoian zegoela bisitatu zuen Zuazok Gasca. Lehenengo fasean soilik Malagak lortu zuen Imanol Alvarezen taldearen aurka berdintzea, baina talde barakaldarrak gauzak nahi baino gehiago estutu zizkion Bera Berari eta, azkenean, 25-25eko berdinketarekin bukatu zen norgehiagoka. Zuazok inoiz lortu gabeko balentria lortu zuen, baina emaitza ez zen azkenean erabakigarria suertatu bi taldeen etorkizunerako, Alvarezek atarikoan gogoratu lez.

Oraingoan, baina, desberdina izango dela abisatu du. «Taldeak badaki irabazi beharreko partida dela, etxean jokatzen dugu eta, iaz ez bezala, bi puntuak garrantzitsuak dira», adierazi zuen. Izan ere, lidergoa mantentzeko eta sendotzeko balio dezakete bi puntuok. Hori bai, gipuzkoarrentzat lidergoa sendotzeko puntuak funtsezkoak diren moduan, bizkaitarrentzat ere oso garrantzitsuagoak dira jaitsiera postuetatik urruntzeko.

Azken jardunaldian Zonzamasen aurka lortutako garaipenak hauspoa eman dio beste urtebetez Joseba Rodriguez Haito entrenatzailearen aginduetara den Zuazori, jaitsiera postuetatik atera baitzen. Oraindik jaitsiera postuetan dauden taldeen puntu kopuru bera duen arren, gol diferentziak atera du oraingoz arriskutik. Nolanahi ere, entrenatzaile bizkaitarrak azaldu zuenez, «behingoz jaitsiera atzean utzi nahi badugu, punturen bat batu behar dugu ezinezkoak diruditen partida horietan».

Gascara egingo duten bisitaren atarian, honela laburbildu zuen Haitok Zuazoren egoera: «Pabiloi konplikatuetan xehetasun ñimiñoengatik galdu dugu eta, sailkapeneko beheko aldean dauden taldeen aurka, berriz, nagusitasunez irabazi dugu. Gauden lekuan zerbaitengatik gaude eta sailkapenean gora egiteko arerio zailen aurka kolpe bat eman behar dugu».

Azken euskal derbia duela hilabete jokatu zen Elgoibarren, Open Cup txapelketako finalerdietan. Orduan ere Bera Berarentzat izan zen garaipena eta finalerako txartela (32-26). Denboraldiaurrean jokaturiko bi partidetan ere donostiarrak izan ziren nagusi.

Bi taldeek izango dituzte gaur baja garrantzitsuak. Bera Beran, taldea utzi duen Adriana Cardosoz gain –Metz talde frantsesera joan da–, Aalla ere ez du eskuragarri izango Alvarezek. Eli Cesareo deialdian sartu da. Zuazon, aldiz, Alba Sanchez kapitaina zalantza da eta Maddi Bengoetxea min hartuta dago.