GARA Euskal Herriko egunkaria

Justizia klimatikoa aldarrikatu dute milaka gaztek Glasgown

COP26 goi bilerarekin bat eginez, mundu osoko milaka gaztek hainbat elkarretaratze egin zituzten atzo Glasgown justizia klimatiko eta arraziala exijitzeko. Extinction Rebellion, Fridays For Future eta COP26Coalition bezalako eragile ekologistak izan ziren mobilizazioen antolatzaile nagusiak. Deitzaileen kalkuluen arabera, 25.000 gazte inguru elkartu ziren atzo Kelvingrove Park eta George Square lotu zituzten protestetan, asko eskola adinean dauden ikasleak.


Gazteriaren eta Jabekuntza Publikoaren Eguna izendatu zuten atzoko hitzordua Fridays For Future, Extinction Rebellion eta Cop26Coalition bezalako talde ekologista antolatzaileek. Testuinguru horretan, milaka gazte batu ziren Glasgown, Eskozian, «justizia klimatikoa» aldarrikatzeko xedez. Antolatzaileen arabera, 25.000 pertsona inguru batu ziren COP2 goi bileran bildutako agintarien «immobilismoa» salatzeko protestetan eta, ondorioz, hiria erabat blokeatuta gelditu zen, hogei kale nagusi baino gehiago itxi behar izan baitzituzten.

COP26 goi bilera «greenwashing hutsa» dela salatu zuten Glasgown batutako gazte ekologistek, tartean Greta Thunberg aktibista suediarra. Hala, gobernuei «denbora galdu eta jendea engainatzea» leporatu zieten manifestariek. Hain zuzen, horretan datza greenwashing-a, norbere irudia ekologikoagoa dela sinetsarazteko informazio engainagarria zabaltzean. Batutako gazteek «berehalako» neurriak eskatu zizkieten goi bileran batutako agintariei, ez «2050. urtera begirakoak».

Klima larrialdiak kolonialismoarekin eta arrazismoarekin duen lotura estuaz ere ohartarazi zuten bildutako gazteek. Andrea Ixchiu guatemalarra Futuros Indigenas talde ekologistako kidea da eta justizia klimatikoa «kolonialismo, patriarkatu, arrazismo eta estraktibismoaren amaiera» dela deritzo. «Indigenak gara megaproiektu estraktibista eta kolonialistek eragindako Latinoamerikako jatorrizko herrien suntsiketaren eta krisi klimatikoaren ondorioak pairatzen lehenak», deitoratu zuen aktibistak.

Bilera arrakastatsua?

Klima aldaketaren aurkako eragileen CAN nazioarteko sareak azaldu zuenez, COP26 goi bileraren arrakasta herrialde aberatsenek txiroei klima aldaketak eragindako «kalteen erreparaziorako» eskaintzen dieten «finantzaketa ekonomikoaren araberakoa» izango da. «Iragarpen handiak ikusi ditugu, baina konpromisoetako asko borondatezkoak dira eta sarritan letra xeheak hutsune handiak izan ohi ditu», ohartarazi zuen Jennifer Morgan Greenpeace erakunde ekologistako zuzendariak.