Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA

Bigarren zatian iratzarrita, Bera Bera garaile derbian

Lehen zatian Zuazok 17 gol sartu zituen baina bi goleko abantailak ihes egin zion bigarrengoa hasi orduko.

BERA BERA 30

ZUAZO 27


Pasa den denboraldian lehen aldiz, Zuazok berdinketa erdietsi zuen Bera Beraren aurka. Ordura arte, sekula ez zuen punturik batu talde bizkaitarrak euskal derbi batean –liga txapelketan, Euskal Kopa bat irabazita baitauka–. Bada, atzo oso gertu ibili ziren Joseba Rodriguez Haito-ren jokalariak garaipena eskuratzetik. Jose Antonio Gasca pabiloira hobeto kantxaratu ziren, hala erakusten du lehendabiziko 0-3ko partzialak. Mada Fernandez-Agusti, Izei Permach eta Anne Erauskin sekulako buruko mina izan ziren donostiarrentzat, ez baitzuten asmatu jokaldi hauek defendatzeko garaian. Pibote zarauztarra erraz bilatzen zuten eta hala ez bazen, Erauskin zegoen hegalean eta bestela Fernandez-Agusti bera ausartzen zen. 

Hasierako partziala izan zitekeenak lehen zatiaren hondarreraino iraun zen, donostiarrei ezinezko egin baitzitzaien aldeak murriztea –lau golengatik galtzen ere joan ziren–. Korrontearen kontra joan behar izan zuten Zuazoren defentsan hutsunerik topatu ezinda eta hala, jokaldi pertsonalen bitartez saiatu ziren. 

Baina defentsa egokitu ezean, ezinezkoa zen Zuazo gelditzea. Bigarren zatiaren hasieran, baina, Bera Bera hobeto kantxaratu, eta 9-3ko partzialarekin, garaipenaren bidera itzuli ziren donostiarrak. Alice Silva ere gehiago agertu zen –defentsa hobeto ari zen seinale– eta berriro, Permach eta Fernandez-Agusti ahizpen bidez, 22 goleko berdinketa egon bazen ere, etxekoek ez zuten huts egin eduki zituzten abantaila minimoetan.