GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Big Wave Awards 2020 / 2021: Dupont eta Lenny txapeldunak

Peter Mel, Sebastian Steudtner, Paige Alms, Kai Lenny eta Justine Dupont dira 2020/2022ko Big Wave Awards izendapenetako irabazleak. Dupont eta Lenny dira izendapen eta txapel gehien irabazi dituztenak.


Urriaren 29an jakinarazi zituen WSL erakundeak 2020/2021 sasoiko olatu handien izendapenetako irabazleak. Ohiko moduan Los Angelesen egin zen Big Wave Awards sari-banaketa ekitaldia eta 350.000 dolar banatu ziren saritan izendatuak izan ziren lehiakideen artean.

Nesken zein mutilen kategorian lau maila desberdin bereizten dira egun eta maila bakoitzean bost izendapen izaten dira. Horrela, «errendimendu hoberena», «urteko surflaria», «arraun eginaz hartutako olatu handiena» eta «moto baten laguntzaz hartutako olatu handiena» saritzen dira.

Guztira 600 olatu baino gehiago aurkeztu ziren aurtengo lehiaketarako, baina horietatik soilik 32 olatu izan ziren izendatuak eta, azkenean, zortzi izan ziren garaileak. Kontuan hartu behar da surflari batek olatu bat baino gehiago aurkez ditzakeela, horregatik posible da pertsona berak hartutako bi olatu desberdin kategoria berean izendatuak izatea.

Dupont eta Alms

Aurtengoan izendapen gehien eskuratu dituen surflaria Justine Dupont izan da eta txapel gehien ere berak irabazi ditu. Landetako surflariak sei izendapen jaso zituen guztira nesken kategorian. Hau da, maila bakoitzean izendatua izan zen, baina horrez gain, bi kategoriatan bi bider izendatu zuten.

Dupontek txapela eskuratu zuen «urteko surflaria», «moto baten laguntzaz hartutako olatua», eta «errendimendu hoberena» kategorietan. Alegia, sei izendapen eta hiru txapela irabazi zituen Landetako surflariak, Pea’hin, Nazaren eta Mavericksen hartutako olatuei esker.

Honela laburbildu zuen Dupontek denboraldia: «Uste dut orain arte egin dudan denboraldirik hoberena izan dela. Nazaren itsasaldi handienetako bat izan zen, ia handiegia zela esango nuke, eta Garrett McNamarak bultzatuta olatu erraldoi bat hartu ahal izan nuen. Oso azkar nindoan eta olatuaren leherketa sentitzen nuen nire gibelean, Nazaren inoiz hartu dudan olatu handienetakoa izan zen zalantzarik gabe».

Pe’ahiko esperientzia ere hizpide izan zuen Dupontek: «Jawsen olatu handi bat hartzeko gogo itzela nuen, zeren Nazaren beti ezkerrera jotzen nuen eta eskuin olatu handi bat hartu nahi nuen. Jawsen tubo bat egitea lorpen ikaragarria da, ez nuen espero, ez nuen uste negu honetan helburu hori lortuko nuenik, baina lortu egin nuen eta horregatik oso hunkitua sentitzen naiz».

Paige Alms hawaiiarra izan zen nesken mailan arraun eginaz hartutako olatu handienaren saria irabazi zuena. Orain artean olatu handietako bi titulu mundial irabazi dituen 33 urteko surflariak, hiru txapelketa garrantzitsu ere irabazi ditu Pe’ahin, 2016, 2017 eta 2019. urteetan, baina oraingo honetan Mexikoko Kalifornia Beherean aurkitzen den Todos Santosen urtarrilean hartutako olatu bati esker lortu zuen txapela.

«Pasa den neguko olatu hoberena izan zen, denboraldi erdia lehorrean egin behar izan nuen lesio baten ondorioz, hortaz Mexikora olatu on bat hartzeko itxaropenarekin abiatu nintzen, eta zorionez, lortu nuen», adierazi zuen Almsek.

Lenny, Mel eta Steudtner

Mutilen kategorian, ostera, izendapen eta txapel gehien eskuratu zituen lehiakidea Kai Lenny izan zen. 29 urteko surflari hawaiiarrak bost izendapen eskuratu zituen eta bi mailatan txapela irabaztea lortu zuen. Gainera, txapelik irabazi ez zuen kategoria bakarrean, hau da, arraun eginda hartutako olatu handien kategorian, bi izendapen eskuratu zituen hawaiiarrak.

Pe’ahin hartutako olatuei esker lortu zituen Lennyk lau izendapenak eta horietako biri esker bi txapel irabazi zituen, «arraun eginda hartutako olatu handiena» eta «urteko surflaria» kategorietan. «Ilargian bezala nago, zeren nire heroiak olatu handietako izendapenak irabazten oroitzen ditut eta orain ni gauza bera egiten ari naizela konturatzen naiz, sekulakoa da», nabarmendu zuen surflari gazteak.

Prestigio gehien duen izendapena «urteko surflaria» izaten da eta sari hori Peter Mel kaliforniarrak irabazi zuen mutilen kategorian, bere etxeko olatu kuttunean, alegia, Mavericksen hartutako olatu bati esker. Surflari mitikoaren esanetan, «inoiz ez nuen Big Wave Awards sari bat irabazi, beraz pozarren nago, baina bide luzea izan da, Mavericks leku berezia da niretzat eta olatu hura opari bat izan zen, banekien aparteko olatu bat izan zela».

Moto baten laguntzarekin hartutako olatu handienaren saria, berriz, Sebastian Steudnerek irabazi zuen Nazaren 2020ko urriaren 29an hartutako olatu erraldoi bategatik. Honela mintzatu zen olatu handietan oso ezaguna den surflari alemaniarra: «Epikoa izan zen, momentu zinez berezia izan zen, uste dut ordura arte inoiz ez nintzela olatu baten gainean halako abiaduran joan».

Sasoi berria abian

Big Wave Awards lehiaketak formatu berezia du, ez da leku eta une jakin batean burutzen den ohiko lehiaketa bat. Parte-hartzaileek munduko edozein lekutan urtean zehar hartutako olatu baten irudia aurkezten dute eta epaimahaiak kategoria bakoitzean finalerako bost olatu edo irudi izendatzen ditu. Gero, bost horietako bat izango da irabazlea, baina jada izendatua izatea garrantzitsua da zeren, gehiago edo gutxiago, sariak izendatu guztientzat izaten dira.

Izendapenezko txapelketaz harago ohiko formatuan egiten diren olatu handietako txapelketak ere antolatzen ditu WSL erakundeak. Datorren denboraldian bi txapelketa izango dira, bata Nazaren izango da eta moto bidez lagundutakoa izango da. Bestea Pe’ahin izango da eta lehiakideek arraun eginaz hartu beharko dituzte olatuak. Itxaronaldi epea azaroaren 15ean ireki eta martxoaren 31n itxiko da.

Bestalde, Punta Galeako txapelketa egiteko itxaronaldi epea ere ireki da. Martxoaren 31 bitartean itsaski handi bat sartzen bada Getxoko eskuin olatura deituko dituzte mundu osoan barreiatuak diren gonbidatuak eta 20.500 euro banatuko dira saritan.