GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Estatuak eragindako biktimak ere, europarrak


Aurreko astean Europako Legebiltzarreko ordezkaritza batek Gasteiz eta Madrilera egindako bisita Eskaeren Batzordea deiturikoak burutu du. Herritar batek eragin du bidaia beraz, bere eskaeraren bitartez, kasu honetan guztiz argitu gabe dauden ETAk egindako atentatuetara mugaturik. Pentsatzekoa da beste herritar batek, edo aurreko berberak, Estatuak eginiko indarkeria aztertzeko eskaera egingo balu, batzordearen gehiengoak errefusatu egingo lukeela, Madrilek eta Parisek errealitate honen aurrean erabilitako negazionismoak Europa itsu, gor eta mutu bihurtu baitu.

Hala izanik ere, bide hori jorratu beharko da, Euskal Herrian hamarkadotan gertatu dena nazioartekotzea bidezkoa eta beharrezkoa delako. Eta horretarako tresnak egon badira. Adibide bat emateagatik, jada bost urte pasatu dira Lakuako Gobernuak torturaren erabilera masiboa egiaztatzen duen txostenari zigilua jarri zionetik eta haren eragina ez da beharko lukeena izan: ez Euskal Herrian, arrazoi ulergarri batengatik, errealitate hori aski ezaguna baitzen; ez Madrilen, ez ikusirena egitearen jarrera nagusitu delako; ez Europa mailan, oihartzuna ez zaiolako iritsi. Estatu frantsesean Elizaren barrutik ateratako pederastia kasuak, Irlandako umezurztegietan gertatutako hilketak eta beste zenbait ikerketak arrazoi osoz kontinente mailako eskandaluak piztu badituzte ere, ez da gauza bera gertatu Euskal Herrian estatuen aparatuen aldetik erabilitako bortizkeria politikoarekin. Eztanda hori pendiente dago oraindik, lan hori egiteke da eta ezin dute biktimek bakarrik egin; hemengo erakundeen eta gizartearen laguntza beharko dute.

Europar delegazio honen buru izan den Agnes Evrenek behin eta berriz adierazi zuen Madrilen egindako agerraldian ETAk eraginiko biktimak europarrak direla. Zilegi da galdetzea nongo biktimak diren estatu terrorismoak eragindakoak, euskal herritarrak izateaz gain: beste kontinente batekoak agian? ez mundu honetakoak akaso?