GARA
tegucigalpa

Ezkerreko hautagaia ageri da nagusi Hondurasko hauteskunde inkestetan

Hauteskundeak izateko hiru aste falta direnean, Hondurasen Libertad y Refundación (Libre) alderdiko hautagai Xiomara Castro ageri da irabazle inkestetan, Tegucigalpako alkatea den Nasry Asfura-ren (Alderdi Nazionala) eta Yani Rosenthal-en (Alderdi Liberala) aurretik.

2009ko estatu kolpeak kargutik kendu zuen Manuel Zelaya presidente ohiaren emaztea da Castro eta hirugarren aldiz saiatuko da Presidentetzara iristen, 2013an eta 2017an hauteskundeak galdu ondoren. Bietan gaur egungo Juan Orlando Hernandez presidenteak iruzur egin zuela salatu zuen. Azken aukera horretan hautagaitza Salvador Nasrallari utzi zion.

Demokraziarako Ikerketa Zentroak (Cepad) urriaren 27an zabaldutako azken inkestan agertzen denez, Castrok, berriro Nasrallarekin aliatuta, aurrea hartu zion Asfurari, aurreko hilabeteetan haren atzetik egon ondoren. Cepaden arabera, Castrok botoen %38 lortuko lituzke eta Asfurak, berriz, %21. Rosenthal %3an geratuko litzateke eta hautesleen %21ek oraindik ez du erabaki botoa nori eman.

Hiriburuan egindako beste ikerketek soilik ematen diote garaipena Asfurari, baina Honduraseko hainbat eskualdetan Castrok 10 puntu baino gehiagoko abantaila du.

Libre ezkerreko alderdiak burutzen duen aliantzaren helburua Juan Orlando Hernandez eta bere Alderdi Nazionala boteretik kentzea da. Hauteskundeak iruzur eginez irabaztea ez ezik, narkotrafikoa eta ustelkeria leporatzen diote hari eta, legeak debekatzen duen arren, boterean jarraitzen ahaleginduko dela uste dute.

Xiomara Castrok irabazteko aukera garbiaren aurrean, eskuina mobilizatzen hasi da eta Alderdi Nazionalak Asfuraren alde eta «komunismoaren» eta abortuaren aurkako manifestazioa egin zuen joan den asteburuan.