GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA - SASKI BASKONIA

Euroliga Bartzelonan zuzentzera

Gasteiztarrek Europako azken hiru jardunaldiak galdu dituzte. Lamar Petersek debuta egin lezake, joan den ostiralean iritsi eta gero.


Bartzelonaren aurka Palau Blaugranan jokatzea beti da zaila. Beraz, ez du merezi Bitci Baskoniak gaur gauean, 21.00etatik aurrera, Euroligako bederatzigarren jardunaldian aurkituko duen zailtasuna azpimarratzea.

Zortzi jardunaldiren ostean katalanek 6-2ko balantzea duten bitartean, 3-5ekoa daramate gainean gasteiztarrek, Euroligako azken hiru jardunaldietan kale egin ondoren. Barçak berak ere azkenengo bi demak galdu ditu, baina begi-bistakoa da talde gasteiztarrak zer zuzendu gehiago duela aste honetako bere aurkariak baino.

«Bartzelonaren aurka jokatzea beti da zaila. Berdin dio azken bi partidak galdu edo irabazi dituen», laburbildu zuen Dusko Ivanovicek partida bezperako prentsaurrekoan.

Gauzak garbi laga zituen Montenegrokoak. «Defentsa da gure jokoaren gakoa. Bartzelonak defentsa bikaina dauka eta errebotean min handia ematen du, eta errekurtso handiak ditu uztaipean, Mirotic edo Brandon Daviesekin, baita kanpotik beren jaurtitzaileekin ere, erasoa okertzen bazaio. Guk defentsan zorrotz aritu behar dugu. Hala ibili garen bakoitzean azken minutuetara aukerekin iritsi gara», adierazi zuen.

«Integrazio prozesua»

Joan den ostiralean iritsi zen Lamar Peters jokalaria Gasteiza. Antolatzaile estatubatuarrak ez zuen ez Maccabiren aurka, ezta igandean Unicajaren aurka minuturik izan.

«Antolatzaile berriari dinamismoa eskatzen diot. Lamarrek ahalegina berarekin dakar, baina kostatzen ari zaio; normala da, hala ere. Taldeak lehiaketako martxa hartu du eta martxa horretara egokitzea ez da erraza, baina nik uste lagundu dezakeela», aurreratu zuen teknikariak, gaur debutatzerik izan dezakeela adierazi nahian edo.

Horren harira, igandean Unicajaren aurka jokatzeke geratu ziren Nnoko, Enoch eta Baldwin aipatu gabe ere, prentsaurrekoan presente izan ziren.

«Partida guztiak hutsetik hasten dira. Zentzu horretan, jokalari hauen betebeharra da egokitze prozesura ahal bezain arinen biltzea, taldearen mesedetan», azaldu zuen hitz gutxitan Ivanovicek. «Kontua zera da: egun bakoitzean zeinek sortzen duen garaipena erdiets litekeen sentsazioa», amaitu zuen.