GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Nikaragua; datuez harago


Poliziak etxearen kanpoaldean ziren, bertan bizi zen laguna noiz atxilotu zain. Denbora eman zuten esperoan. Jolasean ibili ostean, parketik bueltan, zortzi urteko haurra etxera itzuli zenean, orduantxe sartu ziren bere ama atxilotzera.

Kolpatu eta bahitu egin zuten, bere alabak dena ikus zezan. Bahitu, ez baita sekula ofizialki jakin zergatik eraman zuten preso; zergatik den preso.

Nikaraguaz ari gara, baina ez iragan garaietako erregimenaz, orainaz baizik. Emakumeekin jazotzen dena ontzat ematen dutenek ere, zelan justifikatu ditzakete kazetarien bahiketak eta hedabideen itxierak? Non eta hemen, horretaz horrenbeste dakigun herrian.

Ez naiz izan berri diren hauteskunde delakoetan izandako parte hartzeari buruzko datuetan sartuko. Beste datu bat aipatu nahiko nuke. Sei milioi eta erdi biztanleko Nikaraguan, Erdialdeko Amerikako herrialderik seguruena izanik, urtean 30.000 emakumek baino gehiagok salatzen dute euren kontrako bortizkeria. Feminizidio esaten zaie datu horiei.

Eztabaidak luze jo dezake, baina ez nazala inork Ameriketako Estatu Batuetako guda zikinaren lobbyen pare jarri. Nikaraguako emakume aktibistak ezagutzen ditugunok sikiera euren ahotsa entzun beharko genuke. Eta hemendik, feminismoa baliatuz, euren ahotsa zabaldu. Feminismoa, zerbait izatekotan, giza eskubide denen defentsarako tresna delako.