GARA
DAMASKO

Emirerrietako satrapak Baxar al-Assad Siriako presidentea bedeinkatu du

Siriako presidenteak, Baxar al- Assad-ek, Arabiar Emirerri Batuetako Kanpo Arazoetarako ministro Abdulah bin Zayed al Nahyan xekea hartu zuen Damaskon. Duela 10 urteko Udaberri Arabiarreko matxinadaren testuinguruan sortu zen gerra zibila hasi zenetik, Golkoko satrapiako goi kargudun baten lehen bisita da. Sana Siriako agentziak jakitera eman zuenez, bi gobernuen arteko harremanak sendotzeko konpromisoa berretsi zuten bilkura horretan.

Al-Assadek Emirerriekin azken urteotan duen harreman ona goratu zuen. Abdulah bin Zayed al Nahyan xekeak, berriz, Sirian egonkortasuna izatearen garrantzia azpimarratu zuen, auziak herrialde arabiar guztietan eragin zuzena duelako.

Emirerriek Damaskon zuten enbaxada itxi egin zuten 2011 hartan, baina handik zazpi urtera berreraiki zuten, gerran Al-Assaden –hobeto esanda, Errusiaren eta Iranen– garaipena onartuz.

Golkoko satrapiek, Saudi Arabiak eta Emirerriek hain zuzen, kezkaz hartu zituzten Udaberri Arabiarrak hainbat herrialdetan piztu zituen matxinadak.

Eta matxinadak gerra bihurtzen saiatu ziren, talde jihadistak eta salafistak bultzatuz eta oposizio «laikoa» alboratuz.

Estrategia horrekin bat egin zuen Siriako Gobernuak, eta ehunka preso jihadista kaleratu zituen, Al-Qaeda eta gero Estatu Islamikoa indartu zitzaten. Matxinada gerra sektarioan urtuz, Errusiaren eta Iranen laguntza eskuratu eta Mendebaldearen paralisia lortu zuen.

Washingtongo Gobernuak bazekien kide dituen Emirerriek pauso hori emango zutela, baina kezka agertu du, bere esanetan Al-Assad «diktadore basatia» delako. .