Manex ALTUNA
ATHLETIC

Villalibre, lesioak gainditu eta golak etorriko direla sinetsita

11 gol egin dituzte zuri-gorriek jokatu diren 12 jardunaldietan eta, lehen hamar sailkatuen artean, gutxien eskuratu dituen taldea da.

Azken denboraldietan argi geratu da, sailkapenaren goialdean kokatzeko eta Europako postuetako lehian egoteko, Athleticek pauso bat eman beharra daukala erasoko jokoan. 11 gol bakarrik lortu dituzte zuri-gorriek jokatu diren 12 jardunaldietan, eta lehen hamar sailkatuen artean gol gutxien egin dituen taldea da. Getafek eta Alavesek bakarrik egin dituzte gol gutxiago Lehen Mailan.

Iñaki Williamsek hiru gol egin ditu eta bi lortu dituzte Muniainek, Raul Garciak eta Iñigo Martinezek. Vivianek falta batean burukada batekin sartuta eta Rayoko jokalari batek bere atean sartuta heldu dira beste golak.

Aurreko denboraldian golegile nagusia izan zen Berenguerrek ez du baloirik sarera bidaltzea lortu, ezta Asier Villalibrek ere, nahiz eta gertu egon zen Atleticoren eta Celtaren kontrako azken minutuetan. Defentsarekin gertatzen den bezala, erasoko jokoa eta golak egitea talde osoaren lana dela azpimarratu zuen aurrelariak Lezaman egindako agerraldian.

Gernikako “bufaloak” ez du batere zorterik izan denboraldi hasiera honetan. Sei partidatan parte hartu du, baina bakar batean sartu da hamaikakoan. Rayoren kontrako partidan izan zen. Marcelinok aldaketa ugari egin zituen, taldeak asko nabaritu zuen eta galdu egin zuten luzapenean. Villalibre, gainera, lesionatu egin zen. Pare bat partida jokatu ezinda egon zen eta Vila-realen kontra azken minutuetan atera ostean berriro min hartu zuen.

Klubak zabaldutako mediku txostenaren arabera, taldekideekin batera ari da lanean dagoeneko eta gainerako lesionatuak ere bide onean doaz. Yuri aste honetan baloia ukitzen hasi da eta Nolaskoainen itzulera luzerako doa. Vivianek, berriz, giharretako lesio bat dauka eskuineko hankan.

Aurrelari bizkaitarrak azaldu zuenez, lesioa gainditzeko zorian dago eta gogo handia dauka berriro jokatzeko. Cadizen kontrako porrota mingarria izan zela aitortu zuen eta hurrengo helburua Levanteren zelaian irabaztea dela. Ez zion garrantzirik eman nahi izan taldeak erasoan dituen zailtasunei eta golak etorriko direla uste du.

Aurrealdean aritzen diren beste jokalariekin –Williams, Raul Garcia eta Sancet– zelaian ondo konpontzen dela esan zuen eta lan eginez minutu gehiago izango dituela sinetsita dago. Gola zainetan daramala erakutsi du bere ibilbidean. Iaz 6 gol egin zituen –4 ligan, bat Kopan eta beste bat Superkopako finalean–. Aurreko denboraldian, berriz, 5 gol lortu zituen –3 ligan eta 2 Kopan–. Bilbao Athleticekin 23 gol egindakoa da 2018-19 denboraldian, errematatzaile aparta dela erakutsiz. Athleticek lehen taldean daukan erdiko aurrelari bakarra da eta 24 urte ditu.

Villalibre bezalako gehiago behar ditu Athleticek eta futbolak. Jatorra, umila eta jendearekin hurbila, lotsati samarra den arren. Egunerokoan jarrera aparta erakusten du, barrutik ateratzen zaiolako. Udako oporretan umeekin kalean futbolean jolasten ikusi dute, baita Basurtu taldeko gazteen entrenamendu batean atezain. Elektrotxaranga batekin ere aritzen da tronpetarekin. Horren inguruan galdetuta, beste batzuk zinemara edo garagardo bat hartzera joaten diren bezala, berak lagunekin musika jotzea gustuko duela esan zuen. Xelebrea futbolaria izateko eta horrek egiten du berezi gernikarra.

Orsai taldearen ezusteko kontzertua

“Thinking Letrak eta Futbola” jaialdia AEBetako emakumeen selekzioko jokalariek soldatetan berdintasuna lortzeko egindako borrokari buruzko dokumentalarekin abiatu zen, astearte iluntzean. Amaieran “One club men” kantuaren doinuak entzun eta Orsai taldeko kideak agertu ziren taula gainean: Dani Garcia bateria jotzen, Iñigo Lekue baxuarekin, Vesga eta De Marcos gitarrarekin, Balenziaga teklatuekin eta Villalibre tronpeta eta ahots nagusian. Gernikarrari Fitorekin San Mamesen joko duten galdetu zioten Lezaman, baina urruti dagoela eta futbola dutela buruan esan zuen. M.A.