Miren Echeveste
Podemos Ahal Dugu-ko Hizkuntza Politika arduraduna
KOLABORAZIOA

Euskaldun agrafoak, belarriprestak eta hizkuntza ziurtagiriak

Euskararen ezagutza neurtzeko moduak garrantzi handiko instituzioak dira euskal gizartean. Azkenengo hamarkadetan milaka eta milaka euskaldun 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketatik pasatu dira, HABE, IVAP, Hizkuntza Eskolak edota EGA tartean.

Gurean azterketa horiek errebalida zentralizatuaren formatua hartu ohi dute, BEC, Ficoba edo antzeko makroegoitzetan. Sistema horren bidez, euskaltegietan ehunka ordu igaro eta bertan proba ezberdinak egin ondoren, kanpoko azterketa masiboak egin behar dira, eta dena egun bateko ordu pare batean jokatzen da.

Egia da, duela 9 urte, ikasketak proportzio handi batean euskaraz egin dituztenak aitortza ofiziala jasotzen hasi zirela, zorionez. Baina helduen kasuan, egiaztatze-sistema oraindik ez da berritu, eta beste herri eleaniztunetan erabiltzen diren teknikak hemen noiz ezarriko zain gaude.

Dena den, sisteman badaude bestelako arazoak, edukiari lotuta, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren A1 eta A2 mailak oso berandu eta oraindik partzialki integratu baitira. Eskertzekoa litzateke etorkinez beteta dauden euskaltegietako maila horiek errekonozimendu osoa jasotzea ahal bezain laster. Baina erronka berezi bat azpimarratu nahiko genuke. Izan ere, gaur egun, hizkuntza-mailen ziurtagiriak lortzeko, trebetasun guztiak gainditu behar dira, derrigorrez, eta, hori horrela izanik, euskaldun erreal askoren izaera kanpoan uzten da, ukatu egiten da.

Edozein hizkuntza komunitatetan, hiztun gehienak ahoz moldatzen dira batez ere, eta uste baino hiztun gehiagok zailtasun larriak dituzte irakurtzen dutena ondo ulertzeko eta, are gehiago, idazteko; hiztun agrafoak dira. Hain zuzen ere, Irakurketa Erraza elkarteak sarritan ohartarazi du hainbat hizkuntzatan hiztunen %30ek kostata irakurtzen dutela. Baina gure sisteman aitortza ofiziala jasotzeko nahitaez irakurtzea eta idaztea eskatzen zaie.

Gainera, aintzat hartu behar dugu hizkuntza-azterketetan, hizkuntza-jabekuntza neurtzeaz harago, gaitasun diskurtsiboa neurtzen dela. Errealitatean, komunikatiboki ahoz ongi moldatzen diren pertsonek ez dute zertan ongi moldatu maila diskurtsiboan. Argi dago pertsona horiek gai direla idatzizko trebakuntzarik ez duten lan ezberdinetan aritzeko, eta hori bideratu beharra dago.

Bestalde, «Euskaraldia» fenomenoari esker, gure artean «ulerrizketa» paradigma eta «belarriprest» rola zabaldu dira, normalizatuz aldameneko beste herri batzuetan oso ohikoa dena, Katalunian, esaterako. Hizkuntza-bizikidetza izugarri hobetzen da trebakuntza «hartzaileak» (entzumena eta/edo irakurmena) hedatzen badira, hiztun oso bilakatzeko bidean ingurune euskaldunetan (ariguneak) txertatzen direlako, hizkuntza bera inklusiorako tresna bilakatuz.

Ildo horri helduz, orain arte derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik izan ez duten lanpostu batzuetarako berritasun hori ere proposatu dugu: belarriprest profilak eta lanpostuak. Betiere herritarrekin zuzeneko harremanik gabeko postuetan, hizkuntza eskubideen bermeak herritarrentzako zuzeneko zerbitzuetan gaitasun osoa eskatzen duelako.

Gure ustez, hizkuntza-eskakizun asimetriko berri bi horien onarpenak (euskaldun agrafoak eta belarriprestak) gure gizartearen eta bertako hizkuntza-komunitate elebidunaren aniztasuna hobeto islatuko luke, eta euskararekiko atxikimendurako aukerak zabalduko lituzke. Euskarara gerturatzeko era ezberdinak daude, eta guztiak balioztatuz gero, euskararen eremua handitzen dugulakoan gaude.