Karmelo Landa
Historialaria eta Sortuko partaidea
KOLABORAZIOA

Jokoan dagoena

Piztu da eztabaida eta ezker abertzalearen eremua baino zabalago hedatzen ari da. Sortu, ezker abertzalearen alderdia, kongresua egitera doa. Bi txosten aurkeztu dira parez pare: “Herrigaia” deitua, gaur egungo zuzendaritzak aurkeztua, eta “Lurrari lotuz”, militante talde zabalak landutako proposamen alternatiboa.

Non eta nola kokatu behar du ezker abertzaleak garai berri hauetan, gainean dituen bi estatu astun horiekiko? Estatu horien joko politiko-instituzionalaren barruan kokatuko da nagusiki, horrela indar akumulazio berria saiatu eta jauzi estrategiko berriak burutzeko: horixe da “Herrigaia”-k nahi duena. Estatu horiekin konfrontatu eta herri botere propioa sendotuko du, instituzionalizazio propio berria garatuz, “Lurrari lotuz”-en esanetan.

Balantzean, trantsizio arrakastatsua nabarmendu du txosten ofizialak, batez ere EH Biduren zein EH Bairen lorpenak azpimarratuz. Txosten alternatiboak, aldiz, lausotu egin dela ezker abertzalearen estrategia, impasse batean sartu independentismoa, eta naziogintza prozesua ia izoztu egin dela.

Eztabaida hau ez da esklusiban Sortu barruan bizi. Mugimendu euskaltzaleak, naziogintzak, herri-politikak modu oso kritikoan epaitzen du alderdi eta erakunde abertzaleen jokabidea; iritziak zabaltzen ari dira kritika zuzenak plazaratuz: «Gu euskaldun bezala txikitzen ari direla, egunetik egunera». Hori baino urrunago, krisi nabarian agertu den Estatu espainiarrari berari oxigenoa eta denbora oparitu diotela, larrialdi instituzionaletik (monarkia, botere judiziala, ustelkeria…) zein lurralde arrakalatik (Kataluniako procés-a) salbu irteten lagunduz, horretarako babes taktikoa eskainiz.

Hemendik aurrera nola jokatu beharko du ezker abertzaleak, zer egingo du Sortuk: horra hor bigarren korapiloa. “Herrigaia”-k instituzioetan lan egitea eta hauteskundeak lehenesten ditu: «Prozesu subiranistak behar du gehiengo sozial bat, maila elektoralean eta instituzionalean adieraziko dena». Oso bestelakoa da “Lurrari lotuz”-en iritzia: “Hegemonia instituzionalarekin ez da boterea lortuko”. Eta hor sortzen da ohiko eztabaida: zer lehenetsi, instituzioetako lana ala herri mobilizazioa. Hauteskundeetan botoak zenbatu egiten dira eta eskainuak lortu, baina nola jarri indarrean herri-boterea? Azken galdera honek badu erantzuna Euskal Herrian, gizarte zibilaren garaipenak zerrenda luzean kontatzen direlako: frankismoaren luzapena ezindu; zentral nuklearren plana bazterrera eraman; euskalduntze-alfabetatzea burutu; frankismoaren ondoko urteetan preso guztiak askatu; memoria historikoa abiatu, Gernikako gezurrak gainditu; intsumisio mugimenduaren garaipena; euskaldunon egunkariak sortu eta birsortu; feminismoaren goraldi geldiezina… Zerrendak irekian jarraitzen du.

Nola laburbildu “Herrigaia”-ren eta “Lurrari lotuz”-en arteko desberdintasunak? Politologo ezagun batek egin berri du zerrendatzea, sarean jarri duena: “Herrigaia” horrela definitzen du: instituzioak oinarri, epe motzerako taktika, konfrontazioa ekidin eta aldebikotasuna landu, ezkerreko posizioak lausotu, EH Bildun eta EH Bain erreferentzia nagusia, koadro politikoen antolakunde bertikala. “Lurrari lotuz” horrela ikusi du: estrategia osatua epe luzera ere begira, herrigintza oinarri, konfrontazio demokratikoa, independentismoa nazio osotik eta ezkerretik, horizontala, barne demokrazia, zuzendaritza partekatua Sortu, LAB eta Ernairen artean.

Eztabaida zabalik, erabakiak jarraian.