Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Migrante bat zauritu da trenbidean Lapurdin

Joan zen hilean hiru migrante hil ziren Ziburun trenak harrapatuta. Atzo goizean, berriz, istripu askoz larriagoa gutxigatik saihestu zuen migrante gazte batek. Trenaren ufadak atzera bota zuen eta zauri arinekin eraman zuten erietxera. Urriaren 13an zenbait elkartek plazaratutako mezuaren ildotik, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugaren eta Baionako Pausa zentroaren artean «pasabide segurua» galdetu zuen Etorkinekineko bozeramaile Amaia Fontangek.

Suhiltzaileek eman zuten atzo Donibane Lohizuneko tren geltokitik ez oso urrun gertatu zen istripuaren berri. Donibane Lohizune eta Getaria artean gertatu zen migrazio politikari loturiko gertakari larri berria. Euskal Irratiei azaldu zietenez, 25 urte inguruko migrante bat burdinbidean zela, tren baten ufada jazo zuen. Gaztea erori egin zen eta, ondorioz, zauri arinak egin zituen zango batean.

Handik ordu batzuetara SNCFk baieztatu zuenez, iragan urriaren 12an izan zen ezbeharrean gertatu bezala, goizeko trena igaro zenean suertatu zen atzoko ezbeharra ere. Hain zuzen ere, 04.47ean atera zen TER eskualde trena Hendaiatik eta Donibane Lohizuneko Akotz auzoaren parean igaro zenean gertatu zen istripua.

Gogoratu behar denez, iragan urriaren 12an tren batek harrapaturik hiru gazte aljeriar hil ziren trenbidean atseden hartzen ari zirela, Ziburun. Laugarren lagun bat erietxera eraman zuten zauri larriekin eta onik atera zen bosgarren migrante bat handik hiru egunera Baionan atzeman zuen frantses Poliziak.

Erietxera eraman zuten migranteak azaldu zuenez, mugatik oinez heldu ziren, nekatuta sentitu eta trenbidean etzan ziren. Tamalez, loak harrapatu zituen eta 05.00ak aitzin Hendaiatik heldutako eguneko lehenengo trenak harrapatu zuen migratzaile taldea.

Istripu larri horren biharamunean migranteekin lan egiten duten elkarteek mobilizazioa egin zuten Donibane Lohizuneko tren geltokiaren aurrean. Bertatik eskaera zehatza egin zuten: bide seguruak ireki behar dira. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga pasabideetan frantses Poliziak ezarritako kontrol iraunkorrek bide gero eta arriskutsuagoak hautatzera bultzatzen dituzte migranteak.

Zenbait elkartek galdetu zuten behinik behin mugaren eta Baionako Pausa zentroaren artean bide segurua bermatzea. Izan ere, geroztik jakin izan denez, frantses Estatuak ez du mugen kontrolak lausotzeko asmorik. Are, heldu den apiril bitartean barne mugak atxikitzeko asmoa jakinarazi zioten udazken hasieran frantziar agintariek Europar Batzordeari.

Erakundeei eskari zuzena

Atzo gertatu zen istripuaren harira, pertsona migranteentzat bide seguruak zabaltzea «ezinbestekoa» dela berretsi zuen Amaia Fontang Etorkinekin-Solidarite Migrants elkarteko ordezkariak. GARAri egindako adierazpenetan nabarmendu zuenez, horrelako ezbeharrak ez gertatzeko «goitik behera» behar da aldatu migrazio politika.

Bitartean, behin-behineko aterabideak eskatu zituen Fontangek. Urriaren 13an trenbidean zendu ziren hiru gazteen omenez Donibane Lohizuneko tren geltokiaren aitzinean antolaturiko elkarretaratzearen ostean zenbait elkartek plazaratu zuten mezuaren ildotik, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugaren eta Baionan Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoak kudeatzen duten Pausa aterpetxearen artean «pasabide segurua zabaltzea pertsona migranteentzat» galdetu zuen zehazki.

Fontangen erranetan, «eskaeraren jakitun dira tokiko erakundeak» eta hainbat herriko etxek «begi onez» hartu dute proposamena. «Handik aurrera erakunde horietako kudeatzaileei dagokie bidea egitea, migranteen bizitzak salbu jartzeko neurriak sustatuz», adierazi zuen. «Elkarteen lana da gizartearen sentsibilizazioa areagotzea, elkartasuna zabaltzea eta etorkinek bizi duten egoera jasangaitza aldi oro salatzea», gaineratu zuen.

Pausa zentroa

Urtero-urtero 7.000 migrante inguru heltzen dira Ipar Euskal Herrira. Baionan 2018an bere ateak zabaldu zituen Pausa zentroan hilabetero 600 bat migrante hartzen dituzte. Aldiz, lehenik osasun krisia eta horren ondotik «terrorismo islamiarraren mehatxua» argudiatuz frantses agintariek barne mugetan berrezarritako kontrolek traba handiak sortzen dizkiete migranteei Euskal Elkargoak diruztatzen duen zentrora heltzeko orduan.

Bidasoaren gaineko zubietan erregularki gelditzen dituzte migranteak, eta, oztopoak gaindituz muga zeharkatzea lortzen dutenek, bidean jarraitzeko kontrol anitz behar dituzte saihestu bai errepideetan bai trenetan bai autobusetan. Azkeneko hilabetetan hiru migrante hil dira Bidasoaren ertzetan eta beste hiru trenak harrapaturik Ziburu eta Donibane Lohizune artean.