GARA Euskal Herriko egunkaria

Santi, Josu eta Estatu indarkeriaren biktima guztien egia aldarri


37 urte bete ziren atzo Santi Brouard Herri Batasuneko parlamentaria Bilbon atentatuan hil zutenetik, eta 32 urte Josu Muguruza HBko diputatu hautatu berria Madrilen tiroz hil zutenetik. «Jatorri bereko» balek hil zituzten biak, gogoratu zutenez, baina Santi eta Josu «ez ziren izan Espainiako Estatuak lurralde honetan erabili duen indarkeriak eraildako lehenak, ezta azkenak ere. Estatu terrorismoa ez da GAL bakarrik izan», adierazi zuten atzo Bilbon.

Egiari Zor fundazioak nabarmendu zuenez, badaude oraindik Estatuko aparatuen indarkeriak eragin eta onartu ez diren sufrimendu ugari. Santi eta Josuren heriotzez gain, biolentzia horrek beste heriotza batzuk eragin dituela zehaztu zuen, eta badaudela oraindik ere beraien mina onartua ikusi ez eta gertatu zena kontatu ere ezin duten biktimak. Horren aurrean, «ausardia» eta «pausoak» eskatu zituen, baita «sekretu ofizial aitorrezin horiek» azalaraztea ere.

Estatuaren indarkeriaren biktimak biltzen dituen fundazioak azpimarratu zuenez, adierazpen ezberdinak izan zituen «indarkeriazko estrategia» bat egon da, eta horren guztiaren erantzukizuna «ez da soilik estrategia hori abian jarri zutenena, horretarako ezinbestekoa baitzen gehiengo politikoaren babesa». Gogoratu zuen babes horren inguruko erantzukizunak badaudela «egun etikaren, moralaren eta politikoki onargarria denaren elite gisa aurkezten den elite politiko» horren artean ere.

Urtero bezala, militante biak oroitzeko ekitaldia Bilboko Ametzolako parkean hasi zen, Santi gogoratzen duen monolitoaren aurrean. Jendetza bildu zen han eta Errekaldeko parkean ondoren, asteburuarekin bat egin eta EH Bilduk arratsalderako egindako manifestazioaren deialdia jarraituz hainbat lagun goizetik heldu baitziren Bilbora.

Aurreskuak eta ondorengo lore eskaintzak zabaldu zituzten omenaldi ekitaldiak puntu horretan. Senideen ondoan, besteak beste, koalizio independentistaren ordezkaritza zabal batek hartu zuen parte, baita Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak eta Monika Hernando Lakuako Gobernuko Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak ere.

Kontatzea debekatuta dutenak

Ametzolako lehen saioaren ostean, Errekalden jarraitu zuen oroimen ekitaldiak Josu Muguruza gogoratzen duen eskulturaren ondoan. Bertan MacOnak musika taldearen kantek eta Arkaitz Estiballesen bertsoek zabaldu zuten azken mezua.

Ane Muguruza Josuren alaba eta Egiari Zor fundazioko kideak hartu zuen hitza Santi eta Josuri eginiko omenaldian, eta Estatuko indarkeriaren biktima izan eta «hedabideetan espazio txiki bat ere izaten ez duten horiek, efemerideetan aipatzen ez direnak, izen debekatua dutenak edo kontatzea debekatuta dagoen historia bat dutenak» izan zituen gogoan. «Indarkeria eta estatu-terrorismoaren biktima eta kaltetuak, Espainiako Estatuaren izaera demokratikoa zalantzan jartzen dugun guztiak, gero eta oztopo nabarmenagoak gara», azaldu zuen. Aipatu zituen, era berean, «memorial baztertzaileak, ukatzen gaituzten diskurtso eta ekimen instituzionalak» edota «jarrera alderdikoiak dituzten ustezko bizikidetza planak». Erantsi zuenez, «etengabeak» dira, gainera, «estatuaren indarkeria eta terrorismoa goraipatzeko ekimenak».

«Zeren beldur dira?»

Era berean, zehaztu zuen zaila dela ulertzea «ustez ‘demokrazia finkatua’» den batean sekretu ofizialen Konstituzio aurreko Legea ez indargabetzea. «Trantsizioa, gerra zikina, otsailaren 23ko estatu kolpe saiakera, ZEN plana, Navajas txostena, GAL, Etxebarrietaren heriotza, Iharrarena, Martxoaren 3ko sarraskia, German Rodriguez, Jose Miguel Etxeberria, Pasaiako lauak, Almeria kasua, Muruetagoiena, Urigoitia, Zabalza... Zeren beldur dira?», galdetu zuen.

Ramon Jauregi buruzagi sozialistak Estatuak GALekiko duen erantzukizuna ez duela bere gain hartu behar esanez egindako hitzak gogora ekarrita, PSOE Gobernura iritsi eta bi urtera hil zutela Santi gogoratu zuen, eta, Josu, bost urte geroago. Kontroletan edo poliziekin izandako ustezko liskarretan, torturapean edota salbuespenezko espetxe politikaren ondorioz hildakoak ere izan zituen gogoan, eta «dena ETA da» doktrinaren «aitzindaria» izan zen «ZEN plana eta milaka herritarren atxiloketa arbitrarioa».

Adierazpenak

«Santi eta Josu ez ziren bakarrak izan, askoz gehiago ere izan ziren: GALek erailak, polizia kontroletan erailak, Estatuko segurtasun indarrekin izandako ustezko liskarretan erailak, torturapean, salbuespenezko espetxe politikaren eraginpean, deportazioan...»

ANE MUGURUZA

Egiari Zor

«Lehendakariak Ertzaintzaren aurkako tortura epai bakar bat ez egoteaz harro dagoela esan arren, guri min ematen digu oraindik ere inork ezer esan ez izana 300 torturatu baino gehiagori»

ANE MUGURUZA

Egiari Zor