GARA Euskal Herriko egunkaria

Autobus turistiko batean zihoazen 46 bidaiari kiskalita hil dira Bulgarian, horietatik 12 adingabeak


Gutxienez 46 pertsona hil ziren atzo, tartean 12 haur, autobus batek Bulgariako mendebaldeko autobide batean su hartu ostean. Sofiatik 32 kilometrora gertatu zen istripua eta hildako bidaiari gazteenak 4 urte besterik ez zituen; zaharrenak, 63. «Ez dira edonork ikusteko moduko irudiak. Kiskalitako gorpuak bata bestearen gainean pilatuta daude», adierazi zuen Boyko Rashov Barne ministroak. Azaldu zuenez, gorpuak identifikatu ahal izateko DNA probak egin beharko dituzte.

«Tragedia izugarria da. Biktima gehienak oso gazteak dira. Gehien-gehienak gure herritarrak», jakinarazi zuen Ipar Mazedoniako lehen ministro Zoran Zaev sozialdemokratak. Zaev Bujar Osmani Atzerri ministroarekin eta Venko Filipche Osasun ministroarekin joan zen Bulgariara gertatutakoaren informazioa bertatik bertara jasotzeko.

Ipar Mazedoniako matrikula zuen autobusa, txatarra eginda geratu zen, guztiz erreta. Zazpi lagunek lortu zuten bizirik ateratzea, ibilgailutik salto eginda; erredura eta zauri arinak baino ez dituzte. Agintariek espero dute bizirik atera zirenek gertatutakoa azaldu ahal izatea. Sofia eta Blagoevgrad arteko bidea egiten ari zen autobusa, 51 bidaiari eta bi gidariekin. Turkian egindako txango turistiko baten ostean Ipar Mazedoniara itzultzen ari ziren bidaiariak.

Bulgariako Fiskaltzak istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketa hasi du. Lehenengo datuen arabera, autobusa irauli egin zen baranda bat jo ondoren. Piztutako suak bidaiari gehienak hil zituen, baina oraindik ez dago argi sua talkaren ondoren edo lehenago piztu zen. Garrak hain handiak zirenez, autobusaren aurrealdeko metala bera ere urtu zuten. Sua aurrealdean piztu zen, eta, hala, bizirik ateratzea lortu zuten zazpi lagunak atzealdean eseritakoak izan ziren.

Rashkovek azaldu zuenez, ez dute baztertzen ez gidaria lo geratu izana ez istripuaren aurretik hil izana. Istripua gertatu zen lekutik hurbil den Pernik hiriko Vasko Pirgoven adituaren arabera, autobusa «orduko 100 kilometrotik gorako abiaduran zihoan, tenperatura 9 gradukoa zen eta errepidean ez zen izotzik». Bere ustez, baliteke aurrealdeko eskuin gurpilak eztanda egin ostean, autobusak autobideko erdibitzailea apurtu eta sortutako txinpartak erregaiarekin kontaktuan sartu izana.