GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Buruz Buruko Txapelketako finala, lehen aldiz, Nafarroa Arenan jokatuko da

Maiatzaren 29an jokatuko da finala eta ez da atzerapenik onartuko. 2022ko Masterseko bi finalerdiak eta finala ere Nafarroa Arenan jokatuko dira.


Nafarroa Arena ari da bere tokia hartzen Euskal Herriko zenbait ekitaldiren egoitza gisa. Duela hilabete iragarri zuten 2022ko Bertsolari Txapelketa nagusiko finala hartuko duela eta atzo baieztatu zuten Buruz Buruko Txapelketako finala ere hartuko duela hurrengo urtean, lehendabiziko aldiz.

Finala maiatzaren 29rako programatu dute eta Esku Pilotako Enpresen Ligak (EPEL) adierazi du ez dutela atzerapenik onartuko. Akordio hau Nafarroa Arena kudeatzen duen NICDO sozietate publikoarekin itxi du EPELek. Final horretaz gain, hurrengo urteko Masters txapelketako bi finalerdiak (irailaren 30ean) eta finala (urriaren 2an) ere hartuko ditu Iruñeko pilotalekuak.

Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura eta Kirol sailburuak hitz batzuk esan zituen akordioa iragarri zuten aurkezpenean. «Buruz buruko final hau jasotzeko aukera izatea oso atsegingarria da, pilotari zein pilotazaleengan sekulako grina pizten baitu hitzordu honek. Nafarroan ere zaletasun handia dago eta oraingo honetan etxean bizitzeko aukera izango dute», adierazi zuen.

ASPE enpresako zuzendari komertzial Inaxio Errandonea ere aurkezpenean izan zen eta onartu zuen «pilotarentzat, oro har, oso albiste ona dela beste frontoi batzuk ere finaletarako irekitzea, orain arte finalak Gasteiz, Donostia edo Bilbon jokatu baitira». «Nafarra naizen aldetik, gainera, ohorea da esku pilotan egon daitekeen finalik prestigiotsuena nire herrialdean jokatzea», gaineratu zuen.

Baiko enpresako zuzendari Unai Iglesiasek esan zuen finala Nafarroan jokatzea «berezia» izango dela, pilotari nafar askok irabazi baitute Buruz Burukoa.

NICDO enpresako kudeatzaile Moncho Urdiainek «esker ona» adierazi nahi izan zien EPELi zein Nafarroako Gobernuari Buruz Buruko finala Nafarroa Arenara ekartzeko erakutsitako prestasunagatik: «Hitzordu garrantzitsu hau hemen jokatzea gainontzeko ekitaldiak erakartzeko ere baliagarri izan daiteke; Masterseko finalerdia eta finala, kasu».

Gaitasun osoa finaletarako

Nafarroa Arena 2018ko azaroan inauguratu zen eta Masterseko finala jokatu zen egun hartan. Pabiloiak dituen 3.000 eserleku inguru guztiz bete ziren. Orduan argi geratu zen finalak hartzeko gaitasuna zeukala. Bidena, 2018an eta 2019an Lau eta Erdiko finalak ere hartu zituen. Aurtengo uztailean, gainera, lehendabiziko emakumezkoen Nafarroako txapelketako finala ere jokatu zen.