GARA Euskal Herriko egunkaria

«Mapa bat baino gehiago» ekimena sortu du Etxepare lizeoak


Euskal Herriko mapa zatitu gabe topatzea ez da erraza. Hori dela eta, Baionako Bernat Etxepare lizeoak material berezia plazaratuko du. «Euskara hutsean, erliebean eta gure herri osoa jasotzen duen mapa bakarra besapean hartuta», hainbat merkatutan izango dira lizeoko lagunak, Durangoko Azokatik hasita.

«Gure herriko mapa zatitu gabe topatzea ez da erraza; hezkuntza eremuko testuliburuetan, esaterako, egunerokoan ikus dezakegu; zentzu horretan, mugak zubi bilakatu eta euskararen mapa Euskal Herriko xoko guzietara zabaltzea dugu helburu», nabarmendu du ikastetxeak ohar bidez.

Maparen gibelean Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean den hezkuntza-errealitatea ezagutarazi dute. «Guretzat euskararen herriak barne mugarik ez badu ere, gure ikasleek gainerako herrialdeetan goi mailako ikasketak euskaraz egiteko oztopoak dituzte; brebeta edo baxoko azterketak euskaraz pasatzeko eskubiderik ez dute; “Molac legearen” ondorioz murgiltze eredua eta ikastolen etorkizuna arriskuan dago eta zer esan curriculum edo berezko unibertsitateaz», azaldu dute Seaskako ordezkariek.

Bernat Etxepare lizeorentzat baliabide ekonomikoak biltzeko balioko duen kanpaina abenduaren 4an hasiko da, 16.00etan, Durangoko Landako Gunearen kanpoko plazan. Kanpainaren kanta egin duen Esne Beltza taldeko Xabi Solanok ikasleekin batera zuzenean abestuz eta dantzatuz aurkeztuko dute ekimena.

Durangoko Azokan ez ezik, bertze zenbait azokatan ere eskainiko dute 99 euroan salgai izanen den mapa. Salmenta nagusiki internetez egitea aurreiskusten dute.