GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Bitik bi, perfekziotik oso gertu jokatu zuten Unai Laso eta Ander Imazentzat


LASO-IMAZ 22

PEÑA II-ALBISU 11


Lasok eta Ander Imazek bigarren garaipena lortu zuten Binakako Txapelketan, atzo Labriten, Jon Ander Peña eta Albisuri 22-11 irabazita. Gorriek partida bikaina jokatu zuten eta urdinek, aldiz, pilota gehiegi galdu zituzten garaipena lortu ahal izateko.

Neurketako lehen zatian urdinak nagusitu ziren piloteoan. Atzean, espero zitekeen moduan, Jon Ander Albisuk nabarmen agindu zuen eta aurrean aukera asko sortu zizkion Peñari. Baina atzokoan aurrelari tolosarra ez zen beste batzuetan bezain inspiratuta agertu.

Horretan garrantzia izan zuen gorrien defentsak. Lasok eta Imazek oso bikote sendoa osatzen dute –atzo lau pilota bakarrik galdu zituzten– eta urdinei etsipen puntu bat nabaritu zitzaien partidak aurrera egin ahala. Gainera, hasiera horretan, urdinen hutsei esker hartu zuten abantaila markagailuan gorriek (5-2), Unai Laso oso urrunetik sartzen zelako eta errematerako oso aukera gutxi izan zituelako. Apur bat zuzendu zirenean, Peñak eta Albisuk partida 7-7 berdintzea lortu zuten.

Une horretatik aurrera, ordea, Unai Laso onena azaldu zen. Albisuk apur bat behera egin zuenean, Bizkarretakoak bere bertsio onena erakutsi eta sekulako tantoak egin zituen. Aipatutako 7-7 horretatik 12-7ra joan ziren gorriak, tartean Lasok egindako hiru jokaldi ederrekin.

Urdinek ahaleginak egin arren, norgehiagokaren norabidea ez zen batere aldatu hortik aurrera. Peñak eta Lasok tanto onak huts handiekin tartekatu zituzten, eta Laso eta Imaz, aldiz, perfekziotik oso gertu ibili ziren, akatsik ia batere egin gabe eta tanto ikusgarriak sinatuz.

Lasok jokoan egin zituen hamar tantoetatik, agian, 17-11koa izan zen aipagarriena. Lehenik pilota atzeratu zuen nafarrak, gero gantxoa jo zuen eta azkenik errebotean sartu zuen pilota; horrekin eguraldi gordinari aurre eginez Labritera hurbildu ziren ikusleak txalo egiteko zutiarazi zituen.

Azken zazpi tantoak jarraian eginez 15-11tik 22-11ra joan ziren gorriak eta ligaxkan lehen postuan egin dute lo, jokatutako bi partidak ederki irabazita.