GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Brasilen nagusitasuna, agerian

Euskal Selekzioak hiru partidak galdu arren, aurpegi serioa erakutsi du goi-mailako selekzioen aurka. Atzo, Brasil nagusi izan zen.


Euskal Selekzioak ez du egunero jokatzen Finlandia, Argentina edo Brasilen aurka –azken bi hauek datorren Munduko Txapelketa jokatuko dute– eta, beraz, printzipio hori kontuan izanda baloratu behar da euskaldunek eginiko txapelketa. Finlandiarren aurka gol bategatik galdu ostean, porrot gogorragoa jaso zuten Argentinaren kontra, betiere duintasunari eutsita, eta Brasil ere, atzo, oso nagusi izan zen. Espero izatekoa zena. Selekzio horiek oso onduta daude –brasildarrek Hego eta Erdialdeko Amerikako selekziorik onena osatzen dute–, Euskal Selekzioa ez bezala, zeina noizean behin batzen den entrenamendu gutxi batzuk egin eta lagunartekoak jokatzeko.

Gurean ere goi-mailako jokalariak ditugula agerian geratu da beste behin –Bera Bera eta Zuazoko jokalariek osatu zuten selekzioaren bizkarrezurra–, nahiz eta punta-puntako selekzioen aurka lehiatzeko zerbait falta zaien. Txapelketa hau bide baten hasiera izan daiteke, eskubaloiko euskal eskubaloi selekzioari jarraitutasuna emateko, alegia.

Hausnarketak hausnarketa, atzo Brasil kontraeraso hilgarrien bitartez nagusitu zen. Zati bakoitzaren hasieran euskaldunek estu hartu zuten aurkaria, baina minutuak igaro ahala, euskal taldean zalantzak ugaritu eta brasildarrek ederki aprobetxatu zuten. Munduko txapelketako deialdian egotearren ere borrokatu ziren Brasilgo jokalariak, hitzordu garrantzitsu horretan egoteko nahiarekin eta Euskal Herrian aski ezagunak diren Cardosok edo Fernandesek ez zuten gupidarik izan.

Atsedenaldirako partida erabat hautsita zegoen (11-22) eta, hala, Euskal Selekzioak bere “garaipen” propioak osatu behar izan zituen. Eibarreko Ipurua kiroldegira hurbildu ziren zaleek ere txalotu zituzten helburu xume horiek. Esaterako, June de Castro Arrate klubeko jokalariaren minutuak, jokaldi onak, defentsa sendoa... Bazegoela zer ospatu, alajaina!

Brasil, bestalde, markagailua biribiltzeko lanean aritu zen, kalitatezko entrenamendu gisa hartuta eta azkenerako lortu zuen, bai, hogei golengatik irabaztea.