30 NOV. 2021 Migranteen harreran elkarlana iragarri dute Urkulluk eta Etchegarayk Urte erdi eskasean mugan zazpi etorkin hil ondoren, adierazpen bateratua kaleratu dute Iñigo Urkullu eta Jean-Rene Etchegaray lehendakariek. Bertan, beren «humanismoa» aldarrikatu dute, egiten duten lana nabarmenduz eta elkarlana sustatzeko konpromisoa azalduz. GARA Bidasoa ibaian izandako azken heriotza eta gero Irunen egindako elkarretaratzean, Lakuako Gobernuaren inplikazioa zuzen-zuzenean salatu zuten bertaratuek, pankartan bere jokabidea Gobernu espainolarenarekin parekatuz. Lapurdiko elkartasun taldeek ere behin baino gehiagotan kritikatu dute bertako erakundeen axolagabekeria. Testuinguru horretan, adierazpen bateratua kaleratu dute Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk. «Iragaitzazko migrazioen krisiaren aurrean» hauxe adierazi dute bi lehendakariek lehenik eta behin: «Gure atsekabea eta kezkarik handiena azken hilabeteetan gure mugan zazpi pertsonaren heriotzak adierazten duen dramaren aurrean, baita beste 27 pertsonaren heriotza berekin ekarri duen Calaisko tragediaren aurrean ere. Elkarrekin berretsi nahi dugu pertsonen oinarrizko eskubideen errespetuarekin dugun konpromiso humanitarioa, arrazoi desberdinengatik, beren jatorrizko herrialdetik alde egitea erabakitzen dutenena. Hartara, berretsi egiten dugu gure errespetua nazioartean eta Konstituzioan jasota dauden babes-figurekiko». Behin hori esanda, bi administrazioen lana azpimarratu nahi izan dute, Baionako eta Irungo harrera zentroak aipatuta: «Pausa zentroa sortu dugu, Baionako hiriak hasia Euskal Herri Elkargoaren eta elkarteen laguntzarekin, migrazio ibilbidean etenaldi bat errazteko. Irun-Hilanderasetik igarotzen ari diren migratzaileentzako harrera baliabidea abian jarri dugu, Euskadiko Gurutze Gorriarekin lankidetzan, eta erakundeen arteko koordinazio mahai bat eratu dugu, migrazio fluxuen premia aldakorretara egokitutako kontingentzia planak berritzen ari diren gizarte erakundeen parte hartzearekin». Gaineratu dutenez, Lakuako Gobernuak zein Euskal Elkargoak «konpromisoa hartzen dugu erakundeen arteko lankidetzarako esparru berri batean lan egiteko, pertsona horien sufrimendua eta jasaten dituzten arriskuak arintzen laguntzeko». Bestalde, EH Bilduren taldeak eta EAEko Unidas Podemoseko diputatuek galdera-sorta bat erregistratu dute Kongresu espainolean, Barne Ministerioari zuzendutakoa, jakiteko «ezer egingo al duen Irungo drama humanitarioari erantzuteko».