Amagoia MUJIKA TELLERIA
IRUÑEA
Entrevista
SAIOA ALKAIZA GUALLAR
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO TXAPELDUNA

«Txapela ez da kasualitatea, lanaren emaitza da»

Bertsoz bertso egindako lanaren emaitza izan zen igandeko txapela. Baina, lana lanaren gainean, azken urteotan egindako lanketaren, entrenamenduaren, hausnarketaren eta ahaleginaren emaitza ere badelako. Oholtzan finalean izan zuen argitasunak, begirada zorrotzak, esan nahi zuenera gerturatzeko talentuak hor dauka oinarria, egindako bidean.

Nekatuta –txapelak merezi tamainako ospakizuna izan duelako– eta kontentu, oso kontentu hartu gaitu Nafarroako txapeldun berriak.

Final biharamuna elkarrizketaz elkarrizketa. Beste plan bat zenuen zuk, ezta?

Bai, nire plana etxekoekin eta bide honetan babestu nauten guztiekin goxo egotea zen. Izan ere, zuk bertsolaria oholtzan ikusten duzu eta badirudi bera bakarrik dagoela, baina batetik prestakuntza lana erabat kolektiboa da eta, bestetik, etxekoek eta inguru hurbilekoek ere asko zaindu behar gaituzte txapelketan. Bertsolariak zailak gara txapelketa garaian, gurera egoten gara, oso ariketa introspektiboa izaten da. Nire asmoa zen finalaren ondoren lasai egotea etxekoekin. Bihar, bai.

Has gaitezen saioaren amaieratik, txapelaren eskaintzatik. Parte bat etxekoei, seme-alabak euskaldundu dituzten erdaldunei.

Gure gurasoei eskaini nien, baina, era berean, bistaratu nahi nuen gaur egun askotariko euskaldunak gaudela eta erabiltzen diren euskaldun berri-euskaldun zahar dikotomiak antzuak direla. Euskaldunon tipologiak bistaratu nahi nituen eta adierazi ez dela gauza bera euskaraz bizitzea eta horren aldeko hautu politikoa egitea toki batean edo bestean. Nafarroan inguru erdaldunean oso azpiratua izan da euskara eta eskertu nahi nuen azpirakuntza horretan, nire gurasoek eta beste askok, zer lan egin zuten guk euskaraz ikas genezan. Eta euskara ez da bakarrik hizkuntza, gauza askotarako sarbidea ere bada. Era berean, ofizialtasunaren aldarria egin nahi nuen. Nafarroan garrantzitsua da gogora ekartzea nafar batzuek oraindik ez daukatela euskaraz ikasteko eskubidea.

LGTBIQ+ kolektiboa ere gogoan zenuen agurrean.

Batetik, nire lagunak ikusten nituen publikoan pozez zoratzen eta haiei keinu bat egin nahi nien. Bestetik, niretzako oso gauza argia da ez dela gauza bera munduan egotea –munduan, kalean, espazio publikoan– baldin eta gizon zis heterosexuala bazara edo beste gorputz bat bazara. Beste mila zapalkuntzekin ere gertatzen da, azkenean gorpuzten duzun horrek munduan toki diferente batean kokatzen zaitu. Aitortza bat egin nahi nien tokia hartzen asmatu dutenei eta mundua birpentsatzen ari direnei beste identitate, gorputz, izate eta egote batzuetatik. Hori bistaratu nahi nuen.

Estitxu Arozenak jantzi zizun txapela zuri, saioko emakume bakarrari. Galdetu beharko nizuke horri buruz?

Gustatzen zait galdetu beharko zenidakeen galdetzea. Eskertuko nuke, niri aldiro eskatzen didaten bezala, finaleko gizonezko bertsolariei ere eskatuko baliete finalaren inguruko genero irakurketa bat. Ni prest nago egiteko, baina iruditzen zait garrantzitsua dela desberdintasun hori agerian jartzea. Finaleko emakume bakarra naizela esaten denean, garrantzitsua da datu hori testuinguruan kokatzea. Txapelketetan parte hartzaileen %20 inguru gara emakumeak eta, helduen bertso eskoletan, %25 inguru. Nola lortuko dugu bistaratzea gutxiago baldin bagara? Eta gutxiago izanda ere, emaitza oso onak lortzen dituzte emakumeek. Hori da gure buruari ez diogulako mediokritatea permititzen, etengabe inpostorearen sindromearekin agertzen garelako plaza publikoan… gauza asko daude horren atzean. Nire ustez emakumearen datua aipatzen bada, kontestuan kokatu behar da eta irakurketa zabalagoa egin behar da.

Finalean sumatzen al zenuen emakume bakarra izatearen presioa?

Gutxiago gara eta zergatik ote gara gutxiago? Patriarkatuak gizartearen arlo guztietan eragiten du eta baita bertsolaritzan ere. Ez da gauza bera bertsotan irautea gizonezkoa edo emakumezkoa izanda; inguruagatik, saritzen den kantaeragatik, gorputzengatik, espazio publikoaren okupazio desberdinagatik… Nik banuen emakume bakarra nintzenaren kontzientzia eta oso babestuta sentitu nintzen nire kideen aldetik. Baina bai uste dut finalean gizonak bakarrik baldin badaude hor ezin dela islatu gizartearen aniztasuna. Bertsolarien kantaera, pentsaera eta izate anitzak behar dira baldin eta bertsolaritza anitza izaten bada noizbait.

Hasierako agurrean kantatu zenuen: «Iritsi zaigu eguna kantatzeko nahi duguna». Lortu zenuelakoan nago.

Egia esan kantatu nahi nuenetik nahiko gertu ibili nintzela uste dut, nahiz eta beti dauden akatsak eta hobetu beharrekoak. Bertsolariok batzuetan esaten dugu bertsoak ikusi egiten ditugula, etorri egiten zaizkigula eta finalean hori nabaritu nuen, gaia entzun eta bertsoa ikusten nuela.

Ariketaz ariketa, perla ederrak utzi zenituen. Zortziko handian Julio Sotorekin batera irakasleen paperean, «kontua ez baita zer garen, zer amesten dugun baizik».

Ni bertso irakaslea naiz eskoletan eta, gaia entzunda, egoera irudikatu nuen. Pasa izan zait esatea “Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna da” eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek, D eredukoek, galdetzea; “baina zer da Euskal Herria?”. Gaia ez zitzaidan arrotza egin eta erraz irudikatu nuen. Erabaki nuen Euskal Herriaren aldeko aldarri antzu eta mamirik gabea egitea baino hobe zela ikasleen kritikotasunean eta herri hau birpentsatzeko beharrean jartzea arreta.

Zortziko txikian Eneko Fernandezekin. Plaza lehertu egin zen. 16 urteko gaztea autobusean musika topera jarrita. Erreferentzia ugari ekarri zenituen.

Bai, gaia imajinatu egin nuen, polita iruditu zitzaidan. Erreferentzia errealak ekartzea erabaki nuen. Lehenengo C Tangana etorri zitzaidan, gero Chill Mafia eta Joseba Tapia. Gozatu egin nuen. Bion artean ariketa ederra egin genuela sentitzen nuen.

Hamarreko txikian Joanes Illarregirekin maskulinitate eta aitatasun moduen gainean jarri zenuen fokua. Seme-alabak ikastera kanpora joan diren eta etxea hutsa sumatzen duen aitari esan zenionez, «zaurgarri izan zaitez behingoan maitea/ faltan botatzea ez da ahul izatea».

Gaia entzun nuenean, ez nion pisu dramatikorik eman nahi. Joanesek akaso pisu gehiago hartu zuen sakontasun horretan eta nik arinagotik hartu nuen. Gustatu zitzaidan hori irudikatzea, rol horiek irudikatu nahi nituen. Finean bertsoa parodia bat ere bada eta ongi atera zitzaidan rol horiek irudikatzea.

Bakarkakoan, gasolindegian gauez lan egiten duen langilearen azalean, 60 urte bueltako emakumea ekarri zenuen, matxismoak eta prekaritateak gauero astindua.

Gaiaren hasiera entzun nuenean, “gasolindegi batean”, ez zitzaidan batere toki poetikoa iruditu. Bigarren partea entzutean, gaia gustatu egin zitzaidan. Gaua eta beldurra lotu nituen eta argi neukan emakumea izanen zela. Lehen bertsoa kokatzeko izan zen, bigarrena esateko zein desberdina litzatekeen gizona banintz. Hirugarrenean zalantza sortu zitzaidan, bazen aukera bat lana uztea. Baina ez zen erreala. Azkenean erabaki nuen hortik jotzea, “ze pena baina bihar berriz bueltatuko zara lanera, horrela da langileon bizitza”. Kontentu geratu nintzen.

Orokorrean oso lurretik aritu zinen.

Saiatu nintzen pertsonaia errealak ekartzen eta uste dut hori nabaritzen dela. Ariketa gehienetan mezua ikusi nuen teknika baino gehiago eta bertsoa tolestu nuen ideiara, ez hainbeste teknikara. Bukaerak nahiko normal etortzen zitzaizkidan, hizketan bezala. Ideiak etortzen zitzaizkidan eta uste dut ideiak dituzunean, bidearen parte handi bat egina daukazula.

Eta, azkenean, buruz burukoa.

Ikusten nuen publikoak berotasuna zuela nirekiko, banekien ondo aritu nintzela, pentsatzen nuen Euskal Herrikorako sailkatzea lortuko nuela agian, baina ez nuen batere garbi buruz burukora zein pasatuko zen. Zaila da neurtzen oholtzan zaudenean. Baina nire ondoan zeuden Julio Sotok eta Eneko Fernandezek esan zidaten tentsioa mantentzeko. Komunera joan nintzen eta bidean elkarteko beste langile batek gauza bera esan zidan, “Saio, mantendu tentsioa”. Eta orduan sinetsi nuen gerta zitekeela eta finala ez zela bukatu. Nekea nabaritzen nuen, nire bizitzan inoiz ez dut lau orduko saio bat egin. Asko gozatu nuen, baina horrenbeste denbora hain kontzentratuta egotea zaila egin zitzaidan. Azken parterako nekatuta nengoen.

Baina sokatiran aritu zinen Eneko Lazkozekin, tinko. Agian hor ikusi zenuen txapela janzteko aukera.

Ez. Hor pentsatu nuen Nafarroako txapeldunorde behintzat banintzela, kontentu nengoen eta lasaitasun horretatik abiatu nintzen buruz burukora. Uste dut hor harrotu egin nintzela –zentzu onenean– eta buruz burukoak polita izan behar zuela erabaki nuen, zukutu egin behar genuela, amaiera ederra eman finalari.

Eta txapelarekin etxera. Txapel horren atzean lan handi-handia dago.

Bai, lan handia egin dut. Ez naiz hasieratik emaitzak lortu dituen bertsolari bat eta asko kostatu zait. 24 urte neuzkanetik ia-ia finalean egon naiz txapelketa guztietan eta oso nekosoa da bide hori. Uste dut horrek eramaten zaituela lan handia egitera, entrenatzera, pentsatzera… Nik nabarmendu nahiko nuke talde lana izan dela, elkarrekin eta elkarlanean egin dugun bidea, eta oso bide polita izan da. Txapela ez da kasualitatea, lanaren emaitza da, eta horrekin pozik nago. Berandu iritsi naiz, baina nire bertso maila onenean.