Ainara RODRIGUEZ - Idoia ERASO
EUSKARAREN EGUNA

EUSKARAREN LURRALDEKO HIZKUNTZA POLITIKEI BEGI-KOLPEA

Euskararen Egunaren abaroan, zazpi herrialdeetako hizkuntza politikei begira jarri gara hiru administrazioetako arduradunekin. Euskararen Erakunde Publikoko Antton Curutcharry, Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran eta Nafarroako Euskarabideako Mikel Arregi elkarrizketatu ditugu.

Nondik begiratzen zaion, ezberdina bezain urruna da euskararen egoera gure zazpi lurraldeetan; bai bederen hiru administrazioetako arduradun politikoak entzunda. Baikor begiratzen dio abaguneari Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek; ezkorragoak dira Euskarabideako Mikel Arregi eta Euskararen Erakundeko Publikoko Antton Curutcharry. «Egoera, oro har, ez da ona», azken honen iritziz; duela bost urteko inkesta soziolinguistikoa horren isla: Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan %20 soilik dira euskal hiztunak. Nafarroan, herritarren «hizkuntza eskubideak errespetatzetik urruti» daude.

Elkarrizketetan, guztiek nabarmendu zuten gaur egungo testuingurura egokitu beharra. Ez dituzte alferrik pasatzen utzi nahi, besteak beste, «digitalizazioaren aukerak».

Dobaranek balioa eman zion euskal komunitatearen «potentzialitateari». «Wikipedia, Twitter, TikTok... ozeano ikaragarri handia da, eta bagaude. Hor eremu asko eta asko irabaz daitezke. Gazteak eleaniztunak dira, baina euskaraz ere ibiliko dira eta kapaz gara gure lekutxoa egiteko. Uste badugu gaztelaniaz edo ingelesez dagoen guztia euskaraz eduki behar dela, oker gabiltza. Aldiz, euskara ere txertatu behar da gozamenerako eta sorkuntzarako, eleaniztasunaren barruan».

Eremu ez formala eta lana, irabazteko

Eremu formalaz gainera, eremu ez formalean euskara zabaltzea dute helburu Euskal Herri osoan. Irabazteko dagoen eremuetako bat da, lan mundua bezala. Azken honetan datuak ez dira oparoak; Euskararen Kontseiluak dio EAEko enpresen %1 direla euskararen inguruko ekimenen bat dutenak. Lana euskalduntzeko plan estrategikoa martxan dutela gogoratu zuen sailburuordeak, ez bakarrik enpresak «apurka» kudeaketa horretara gerturatu daitezen, baita «gazteek lan alor euskalduna topa dezaten ere».

Bere ustez, «enpresak ezin dira oztopo izan; zertarako egin dugu bestela hezkuntza sisteman ahalegin hori? Esperantza dugu Lanbide Heziketan. Ikasleen erdiek baino gehiagok laster D ereduan ikasiko dute, eta praktikak eta formazio duala egitean asmoa da lehenengo kontaktua euskaraz izatea. Errealistak gara, bi-hiru hizkuntza egongo dira presente enpresetan, baina nahi dugu zehaztea euskara non, zertarako eta nola erabiliko den beren jardunean. Ezezkoa esatea ez dugu posible ikusten XXI. mendean, eta gure lana laguntza eskaintzea da, enpresek bidea egiteko».

Ikus-entzunezkoen Legea, aukera

Madrilen alderdi independentistek eta espainiar Gobernuak Ikus-entzunezkoen Legean lortu dituzten aurrerapenen oihartzuna iritsi da, noski, euskal administrazioetara. Oraindik jakiteke dago azkenean nazioarteko plataforma handiek hizkuntza gutxituen %6ko kuota hori errespetatu beharko ote duten, baina hortik harago, ikus-entzunekoena kezkatzen dituen eremua da.

Euskarabideako zuzendariak agertu zuen «Nafarroako gazteen %25 elebidunak» direla, horietako gehienek eskolan ikasi dutela euskara eta garrantzitsua dela «eskolatik kanpoko espazioetan» euskaraz aritzea. Ildo horretan, ETB3 Nafarroa Garaiko lurralde osora hedatzeko akordioari «albiste ona» deritzo, «eremu euskaldunetan ere marrazkiak euskaraz ikusi ahal izango dituztelako haurrek». Komeni da oroitzea orain arte ETB3 Nafarroako hegoaldean eta erdialdeko hainbat eremutan ikusten zela soilik; EH Bilduk espainiar Gobernuarekin lortutako akordioaren ostean lurralde osoan ikusi ahal izango da aurki, baita eremu euskaldunetan ere.

Euskarabidean adi begiratzen diete, hain justu, Nafarroa hegoaldetik iritsi diren azken mugimenduei. Arregik azaldu zuen oraindik ez dutela kontaktu zuzenik izan euskaraz bizi nahi dutela adierazteko eta euren eskubideak errespeta daitezen aldarrikatzeko Cortesen batu den mugimenduarekin, baina interesez begiratzen diote auziari.

Berriki aurkeztu dute Euskararen Bigarren Plan Estrategikoaren zirriborroa. Oroitu zuenez, 2015-19 legealdian «nabarmena izan zen euskararen gaineko polarizazioa, euskarafobia asko hedatu zen. Kezkaz bizi izan genuen egoera hori, garatzen ari garen hizkuntza politika denen aldekoa izatea nahi dugulako. Hortaz, ezberdinen arteko adostasunak eraikitzeari garrantzi handia eman diogu, beti herritar guztien hizkuntza eskubideak betetzea bilatuz».

Herritarren parte-hartze prozesua amaituta, abenduan itxi nahi dute dokumentua. Ekarpen kopuru handi samarra jaso dute eta horiek aztertzen ari dira. «Helburua da urte honen amaieran edo datorrenaren hasieran plana onartzea eta 2022an aplikazioan buru-belarri sartzea».

«Molac legearen» itzalean

Urte berezia izan da aurtengoa Curutcharryrentzat, tokiko hizkuntzei dagokienez. «Euskararen babes politiko eta soziala inoiz baino handiagoa da, baita Estatuko beste hizkuntza gutxituena ere. Horren erakusle da hizkuntzen babeserako ‘Molac legea’ onartu izana Asanblea Nazional frantsesean». Piztu zituen bezain azkar itzali ziren neurri batean “Molac legeak” ekarritako itxaropenak, baina alde onari begiratu zion Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak. Izan ere, jakobinismoak lege hori erabat garatzea ahalbidetu ez badu ere, pentsamendu horretan «pitzadurak» agertzen hasi dira: «Konstituzionalak ebatzitakoa gorabehera, Parisek konpromiso politikoa hartu behar izan du murgiltze eredua gauzatzeko hala nahi duten eskualdeetan». Gainera, «azken urteetan murgiltze ereduan eskolatutakoen kopuruak gora» egin du.

«Kontseilu Konstituzionalak eman duen murgiltze sistemaren kontrako zentsuraren aurka izan dira erantzun handiak, bai lurraldeetan, baita Gobernuan ere. Orduan, nahiz eta zentsura izan, eta hori da harrigarria, Ipar Euskal Herrian ireki ditugu hiru murgiltze klase, azken urteetan baino gehiago. Tokiko jendearen indar eta iritziengatik, Estatuak atzematen du konponbide bat, murgiltzearen garapena ez trabatzeko».

Curutcharryren irudiko, Euskal Herrian banaketa administratiboa da egun euskararen normalizazioak duen lubaki handiena. Positiboki baloratu zuen azken urteetan beste administrazioekin harremanak estutu izana. «Joan den urrian izenpetu genuen ituna Nafarroako Gobernuak, Euskadikoak eta Euskal Elkargoak. Bertan adierazpen handietatik at, txosten jakin batzuk hartu, eta gauza xehe batzuk plantan ematea hitzartu genuen. Emeki-emeki indartzen ari da, baina ez gara maila berean, ezin gara maila berean izan, ez dugulako ofizialtasun izpirik. Hala ere, erakundeek aitzina eramaten dituzte urrats ezberdin batzuk, kasu konkretuetan eraikitzeko euskararen aldeko politika bat, hiru ereduen artean».

Estatus ofizialaren faltan, Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezin dute nahiko luketen hizkuntza politika garatu. Baina amore ematetik urrun, ahal duten neurrian urratsak egiten segituko dutela baieztatu zuen. Horretarako, keinu positibo batzuk ikusten ditu: «Belaunaldi berrietan bada hartze bat, bereziki irakaskuntza mailan, eta lehen aldikoz hiztun kopurua ez da ttikitzen. Hori testuinguru aski ezkor batean argi berde positibo bat da. Euskarak sinbolikoki diskurtsoetan badu babesa eta irudi biziki ona; ez da aski, baina oinarri bat da harago joateko».

Jite gozoagoan, adierazpen bateratua sinatu berri dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Lakuako Hizkuntza Politikaren Sailak, gainerako erakunde nagusiek eta UEMAk. Euskararentzat eremu ez formalak irabazi beharraren garrantzia azpimarratu zuten bertan. «Elkarlanetik» eta «konpromisotik» etorriko da euskararen suspertzea, Dobaranen hitzetan: «Masa kritikoa badago, euskararen ezagutza datuak onak dira. Baina ez dago magiarik; kontsentsutik etorriko dira aurrerapausoak».