GARA
La habana

Kubako lehen LGTBI hotelak ateak zabaldu ditu

Familia kode berriaren testua, Kuban sexu bereko pertsonen arteko ezkontza ahalbidetuko lukeena, Batzar Nazionalak urte amaieran onartzea espero da, gero 2022an galdeketa nazionala egiteko. Testuinguru horretan, uharteko lehen LGTBI hotela berrireki dute: Ciego de Avilako Cayo Guillermon dagoen Gran Muthu Rainbow izenekoa.

Agintariak uhartean ezkontza homosexualak onartu ala ez aztertzen ari diren honetan, Kubako lehen LGTBI hotelak ateak berrireki ditu.

Gran Muthu Rainbow hotela, Kubako ekialdean dagoen Ciego de Avila probintziako Cayo Guillermon kokatua, 2019ko abenduan inauguratu zuten, baina handik gutxira itxi behar izan zuten koronabirusaren pandemiagatik.

Osasun neurri guztiak hartuta, bost izarreko ostatua lehen bezeroak jasotzen hasi zen joan den azaroaren 15ean, hamar hilabetez konfinatuta egon ostean Kubak mugak ireki zituenean.

Batik bat LGTBI komunitateari zuzendutako hotelarekin, Kuba «urrats garrantzitsuak egiten ari da familia kode berriaren alde», esan dio AFP agentziari Marlis Delgadok, ostalaritza zentroko salmenta buruak, herrialdean berdinen arteko ezkontza onartzeko lege-batzorde batek gaur egun aztertzen duen testua erreferentziatzat hartuta.

«Hori aurrerapen bat da gure gizartearentzat, baita hotel hau hemen izatea ere»; horrek, laster Habanan inauguratuko den beste batekin batera, «familia kode horrek oinarri sendoagoa izateko aukera ematen digu, onartua izateko», esan du.

Lehen asteetan Kanadako turistak izan dira hoteleko bezero ohikoenak, Kubako bidaiariez gain, Delgadok zehaztu duenez.

Kevin McGrath 37 urteko kanadarra itsasora ematen duen igerilekuan gozatzen ari da, eta hortik adierazi du hotela inspirazio iturri izan daitekeela, Gobernuak «Kubara iristen diren LGTB pertsona guztientzako aldaketa egokiak» egin ditzan. «Leku atsegina da eta onartuta sentitzen gara», gehitu du.

Familia kode berriaren testua, Kuban sexu bereko pertsonen arteko ezkontza ahalbidetuko lukeena, urte amaieran Batzar Nazionalak onartzea espero da, gero 2022an galdeketa nazionala egiteko.

Agintariak saiatu ziren gaia 2019an onartutako Konstituzioan sartzen, baina Eliza ebanjelikoetan eta beste gizarte sektore batzuetan eragin zuen gaitzespenak eztabaida atzeratu zuen.

Hoteleko zuzendariek ziurtatzen dute atzerriko bezeroek PCR proba bat egin dutela Kubara iritsi baino 72 ordu lehenago, eta kubatarrek beren osasun txartela ekartzen dutela txertaketa eskema osoarekin.

Industria turistikoak, Kubako ekonomiaren motor garrantzitsuetakoa denak, kolpe latza jaso du pandemiagatik. Orain, urteko azken 45 egunetan 100.000 bisitari jasotzea aurreikusten du Gobernuak, eta 2022rako bi milioi turista espero ditu; halere, 2020aren aurretik urtean bisitari kopuru bikoitza iristen zen, lau milioi.

Erick Hiller, hoteleko bigarren egonaldian hondartzaz gozatzen ari den Kanadako beste bisitari bat, hain dago hunkituta, ezen legea onartuz gero Kuban ezkontzeko asmoa agertu baituen.

«Gure herrialdean duela urte batzuk onartu zen sexu berekoen arteko ezkontza; ikusiko dugu ea posible dugun hemen ezkontzea», aitortu du bikotekidea ondoan duela.