GARA Euskal Herriko egunkaria
ANDEAK

Aritza Monasteriok bigarren alea utzi du Hualcan mendian

Iragan uztailean, bi eguneko eskaladan, andinista gipuzkoarrak bide berria zabaldu zuen seimilakoaren iparraldeko horman. Blaz Karnereta Matevz Stular gazte esloveniarrekin «Knights and days» eskalatu zuen. 1.100 metro luze da, eta 90º eta M5 zailtasunak ditu.


Urte asko dira Aritza Monasterio Perura bizitzera joan zenetik. Herrialde horretan sustraiak bota ditu,; hain zuzen ere, Huarazen. Eta, mendi gidaria izateaz gain, batez ere Cordillera Blanca mendikatean goi mailako jarduerak egin ditu.

Lerrootatik onartu behar dugu zaila izaten dela andinista gipuzkoarraren ibilbidea jarraitzea; izan ere, egiten dituen eskaladak eskuarki berarentzat “gordetzen” ditu. Hots, ez ditu lau haizeetara hedatzen; haren sokakideak dira xedearen berri ematen dutenak.

Eta berriro ere egoera bera gertatu da. Joan den uztailean, Esloveniako Mendizale Federazioak gazteentzat sortutako alpinismoko taldearen kideek Perura espedizioa egin zuten. Urteko irteera horretan Cordillera Blancan dagoen Hualcan mendia (6.122 m) helburu izan zuten. Hain zuzen ere, seimilakoaren iparraldeko murru gogorra.

Gogoratu behar dugu horma horrek soilik igoera bat zuela, Alik Berg eta Monasteriok berak lortu zutena. Duela bi urte izan zen, eta sokada horrek “Nadie sabe nada” bidea (1.100 m, ED1, M6, 85°) ireki zuen. Bi eguneko eskalada izan zen, eta, jaitsiera hegoaldeko isuritik egin ondoren, bi andinistok mendiaren zeharkaldi integrala egiteko aukera izan zuten.

Monasteriok beti lotura estua izan du alpinista esloveniarrekin, eta, hain zuzen ere, aipaturiko talde hori gipuzkoarrarekin harremanetan jarri zen: «Aritzak gure herrialdeko alpinistekin makina bat eskalada egin ditu. Nahiz eta adinean alde handia egon, gurekin eskalatzea proposatu genion. Erantzun zigun Hualcanera gurekin joango zela».

Monasteriorekin batera, Hualcanera lau gazte joan ziren: Matija Volontar (26), Bor Livicnik (21), Matevz Stular (25) eta Blaz Karner (25). Kanpaleku nagusira heltzeko normalean bi eguneko ibilaldia egin behar da, baina mendizaleok egun batean egin zuten. Nahiz eta zama handiko bizkar-zakuak eraman, zortzi orduan lehen “helmugara” iritsi ziren. Glaziarrean altxatu zuten kanpalekua; hormaren oinarritik oso gertu. Aukera ezberdinak aztertu ondoren, Karner, Stular eta Monasterio hormaren eskuinaldera abiatu ziren; Volontar eta Levicnik, aldiz, ezkerraldera.

Baldintza gogorrak

Gipuzkoarraren taldeak uztailaren 16an lehen urratsak egin zituen. Parez pare: zutoin sistema bat, harkaitz sekzio bat eta elurrezko aldatsak. Tarte horiek guztiek mendebaldeko tontorrera eraman behar zituzten.

Stularrek aurreratu du lehen luzeak nahiko aise gainditu zituztela: «Mistoko luze batzuk eskalatu genituen. Ez ziren batere zailak (M5); bai, ordea, ederrak. Bidearen giltza glaziarretik ikusi genuen; oso agerikoa zen. Arrokazko zutoin tente bat zen. Diedro batzuk-batzuk zituen, eta glaziarretik ez ziruditen oso samurrak. Gure asmoa zutoinaren beheko aldea (oso tentea) saihestea zen. Ondoan dagoen korridore batetik abiatu behar ginen, baina ohartu ginen luizi batzuk zeudela. Azkenean, plaka batzuk eskalatu ondoren, zutoinaren erdira heldu ginen. Sekzio horretan gainditu genituen luzeak zailak (6b) eta arriskutsuak izan ziren. Lan horiek bukatu bezain pronto, bibaka antolatu genuen».

Biharamunean, hirukoteak mistoko luzeak (M5) eta izotzezko tarte bikain batzuk igo zituen. Eguraldia gaiztotu zen, eta lainoarekin arazoak izan zituzten bide egokiena jarraitzeko: «Azken zatian mistoan eta arrokan jardun eta tontorra lortu genuen. Gailur horretan bibaka egin genuen. Jaitsiera beste kontu bat izan zen. Lainoa, elurra, haizeteak... Beste gau bat gailurrean egin genuen. Tontorrean 36 ordu egin eta gero, ziztu bizian glaziarrera jaitsi ginen. Hualcaneko abentura honek bost egun eskatu zizkigun. Alabaina, pozarren gaude».