Xole ARAMENDI ALKORTA
DURANGO
56. DURANGOKO AZOKA

Editore zein sortzaileak, erdibideko edizioari neurria hartu nahian

Aurtengo Azokak zer emango duen arrastorik eduki gabe iritsi ziren ostiralean Euskal Herriko argitaletxeetako arduradun eta langileak Landakora. Baita stand propioa duten sortzaileak ere. Espektatiba jakinik gabe, euretako asko. Lehen bi egunek lur hartu eta Azokari neurria hartzeko balio izan dute. Zuhurtzia gailentzen da gehienen artean.

Pandemia aurrekoen eta iazko edizioaren erdibideko edizio honetan gauza bat gailentzen da beste ezeren gainetik, Azoka aurrez aurrekoa izatea garaipena da. Denak datoz bat.

Fermin Munarriz Astero argitaletxeko editorea aurkitu genuen GARAren standean. Horrelaxe aitortu zuen: «Zuhurtziaz hartu dugu aurtengo Azoka».

Bere esanetan, «aldea nabarmena da izurri aurreko garaiekin konparatuz, nahiz lehen eguna nahiko ondo joan zen. Aforoa ohikoaren herena ala laurdena denez ikusiko dugu datozen egunak nola doazen».

Olatz Osa Elkar Taldeko argitaletxeen zuzendaria «galdera ikur handi» batekin etorri zen espektatibei dagokienez. «Arraroa da, geure burua kokatzen ari gara oraindik. Lehen egunean jabetu ginen zer izango den. Jendea badabil, baina ezin daiteke alderatu ohiko Azoka batekin», esan du.

Ahalegina

Denen esfortzua nabarmendu zuen. «Gerediaga Elkartea zein salmahaietako ordezkarien eta argitaletxe eta diskoetxeak denok ari gara ahaleginean ahalik eta Azoka txukunena atera dadin, uzta gehien ekartzen eta aurten egindako lana ahalik eta txukunen erakusten. Ahalegina handia da eta ikusi beharko da nola bukatzen den, baina kostako da balantze ekonomikoa berdintzea», adierazi zuen.

Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluagari «inpresioa» egiten dio tarteka korridoreak hutsik ikusteak. «Aldi beren, bisitariek diote inoiz baino gusturago daudela barruan. Guk ere jendearekin egoteko aukera edukitzea oso ondo baloratzen dugu, baita idazleek ere: iaz liburuak argitaratu eta ez zuten horretarako aukerarik izan. Salmentei dagokienez nahiko ezkor hasi genuen lehen eguna baina ondo joan zen». Jon Jimenez Txalapartako editorea baikor zegoen. «Berriz bueltatu gara Landakora. Etorriko dira garai hobeak», zioen.

Ez zuen salmenta kopururik buruan Azoka hasi aurretik. «Ezjakintasuna erabatekoa da. Beraz, zerotik abiatu garenez botila erdi beteta ikusten dugu», kontatu zuen.

Eguraldia ere ez du lagun aurtengo Azokak. Ez bertara iristeko, ez euri zaparradapean ilaran zain egoteko. «Etsiak gaude eguraldiarekin, heroikoak dira datozenak eta euri erauntsien azpian ilaran zain daudenak», Pamielako Elzabururen esanetan. «Espektatiba baxuak» ekarri ditu, eta horren adibide, ohiko standa %60ra jaitsi duela argitaletxe nafarrak.

Rafa Rueda, Maite Larburu, Oier Aranzabal, Alain Urrutia eta Iker Lauroba, beste batzuen artean... eta Harkaitz Cano. Musikariez inguratuta dago idazlea Zart kolektiboan.

Ale bakoitza

Duela urte eta erdi indarrak batu eta bidea elkarrekin egitea erabaki zuten. Canoren esanetan, Azokan «espektatibak bete dira, ez zirelako onak. Nahiko bazterreko proiektuak dira gureak, guk ez ditugu ehunka ale saltzen, eta saldutako bakoitzak kontatzen du; alde horretatik pozik gaude», esan zuen.

«Sarrera sistema hain zurruna izanik, eta kontuan izanda erreserba egiteak ez duela esan nahi etorriko zarenik, horrek uzten duen giroa argitalpenak ikusteko egokia da –irakurleekin lasai hitz egin ahal izan dut– baina salmentarako nahiko mugatua», jarraitu zuen.

Izaro 2016tik etorri da Azokara. Aitortu zuen urduritasun puntuarekin irten zela etxetik, «ez nekien zein espektatiba eduki. 2020ko edizioa hutsa izan zen, etxean geratu ginen, eta aurrekoak jende askokoak ziren gure standean». Kostatzen ari zaio erdibideko hau. Hala zioen. «Bueltan gaude eta ez da gutxi, baina tristetxo gaude», dio.

Musika Zuzenean atariaren arduraduna da Koldo Otamendi. Autoekoizpen bidez diskoak ateratzen dituzten taldeen eta Azokaren arteko zubi lana egiten dute. «Musikarientzat salmentak inportanteak diren arren, horren gainetik hemen egotea da garrantzitsuena, talde berrien berri izatea publikoak», esan du. Aurten Euskal Herrian argitara emandako 40 lan aurki daitezke standean.

«Egoera dena da eta ezin gara kexatzen hasi. Txukun antolatu dute, ezarritako aforoaren aurrean ezin da ezer egin –esan du–. Datozenak erostera datozela ikusten da, etxeko lanak egin eta zer erosi nahi duten garbi dutela».