Jon ORMAZABAL
PILOTA

Urrutikoetxeak topatu du bidea

Aranguren txukun batek lagunduta, erakustaldia emanda lortu dute bigarren puntua presaka aritu diren Peña eta Albisuri gailenduta.

URRUTI.-ARANGUREN 22

PEñA-ALBISU 16


Badirudi hilabete luzez konfiantzarik gabe eta galdu samar ibili den Mikel Urrutikoetxeak topatu duela frontoian berriz ere gozatu eta gozarazteko bidea eta, aurreko astean Galdakaon bezala, protagonismoa berreskuratuz, Binakako Txapelketako bigarren puntua lortu zuen atzo, Aranguren txukun eta langile batek lagunduta. Airez 10 tanto lortuta, gantxoari distira atera zion Zaratamokoak, baina, batez ere, aspaldi oso aurrelari gutxik egindakoa lortu zuen, atzelari jotzaile bati partidaren agintea kentzea, eta horrek asko esan nahi du garaiotan. Txanponaren beste aldean, lehiaketari iazko bidetik ekin ziotela zirudien arren, Peña eta Albisuk ez dute iazko kimikarik erakusten, aurrelaria presaka eta aurrean asmatu ezinik aritu zen eta puntu bakarrarekin amaitu dute enpresa bereko bikoteen arteko partiden lehen fase hau.

Hasieratik Jon Ander Albisu piloteoan nabarmen nagusitu zen arren, partida ezin hautsi aritu ziren gipuzkoarrak.

Berdinketak bata bestearen atzetik etorri ziren eta dozena bat tanto behar izan ziren bikote batek bi tanto jarraian lortzerako. Zaratamokoa izan zen, txokoan egindako lehen erremate batekin, tendentzia hori apurtu zuena eta ordura arte sakeak txandakatuz aritu baziren, oso denbora gutxian zuloa ireki zuten gorriek, Urrutikoetxeak ezarritako erritmora jokatuz (12-6 eta 15-7). Hasieran Albisu bazen agintzen zuena, denbora luzez bizkaitarra izan zen bere gustuko erritmoa ezarri zuena, urdinei zuzen jokatzea eragotzi eta bere gantxoari distira handia ateraz.

Izan zuten iazko txapeldunordeek euren erreakzioa, Peñak sakearekin asmatu eta Albisu berriz ere agintzen hasiz, baina partida berdintzear zirela (16-17) txapa jo zuen tolosarrak eta hantxe geratu ziren tanto gehiago egin ezinik. Azken tantoetan, gainera, elkar ulertu ezinik ere aritu ziren eta badute, bai, zer hausnartua.