GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKARAREN ERREPUBLIKAREN ALDE DURANGON

Euskararen Errepublika, hizkuntza politika burujabea izateko

Ehunka pertsona bildu ziren atzo Durangon euskarak espainiar eta frantziar estatuetan pairatzen duen «zapalkuntza linguizida» salatzeko, Euskal Herrian Euskarazek deituta. Euskararen egoeragatik kezka agertu arren, XXI. mendean «bizirik» dela nabarmendu zuen taldeak.


«Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika» lelopean, ehunka pertsonak parte hartu zuten atzo Durangon Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak deituta egin zen manifestazioan, espainiar eta frantziar estatuetan euskarak pairatzen duen «zapalkuntza linguizida» salatzeko.

Durangoko Landako gunetik abiatu zen martxa 17.30ean eta ehunka pertsona batu ziren manifestaziora; beste askok, bien bitartean, ilaran itxaroten zuten Durangoko Azokara sartzeko. Manifestazioaren leloa jasotzen zuen pankartaren atzetik, bildutakoek «Hemen gaude euskararen alde», «Euskarari erasorik ez» edo «Gazteok ere euskararen alde» leloak oihukatu zituzten ibilbidean zehar.

Euritik babesteko, ekitaldia Andra Mari elizako arkupeetan bukatu zen, bertso eta txalaparta doinuekin. Koldo Zarate EHEko kideak taldearen adierazpena irakurri zuen eta hiru ideia helarazi zizkien bildutakoei. Hasteko, euskalgintzari zuzendutako deia: «beharrezkoa da euskararen borroka biderkatzea; euskalduntzearen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko jarduna berrindartzea eta Euskal Herri luze-zabalean hedatzea». Bigarren deia eragile independentistei egin zien. Nabarmendu zuenez, argi izan behar dute «prozesu subiranista zintzoa izateko nagusiki euskaraz bultzatu behar da; euskararik gabe ez dago Euskal Herririk». Gainera, «eragile politiko, sindikal eta sozial independentistok elkarrekin esertzea» eskatu zuen Zaratek, «adostasunak bilatu eta guztion artean Euskararen Errepublikara, Euskal Errepublikara, eramango gaituen gehiengo sozial independentista egituratzeko».

Azkenik, euskaltzaleei gogoratu zien herritar euskaltzaleak izan direla «euskararen berreskurapenaren motorra eta horrela izango da etorkizunean ere». «Euskaraz hitz egiten dugun bakoitzean Espainiatik eta Frantziatik deskonektatzen gara», adierazi zuen, euskaraz bizitzea «korronte hegemonikoen kontra egitea baita».

Euskal Herri euskalduna

Euskararen egoeragatik kezkatuta agertu arren, EHEk aldarrikatu zuen euskara eta Euskal Herria «bizirik» daudela XXI. mendean, «zorigaiztoko patu beltz guztiei aurre eginez». EHEko kideen ustez, egungo hizkuntza politikek «eman behar zutena eman dute» dagoeneko, eta hurrengo pausoa zein den argi dute: Euskararen Errepublika independentea. «Soilik horrela lortuko dugu Euskal Herri euskalduna berreraikitzea», esan zuen Zaratek. Hain zuzen, Euskal Herrian den Kurdistango ordezkaritza baten bisita baliatuz, Musa Anter idazle kurduaren esaldia gogoratu zuen EHUko kideak: «Nire hizkuntzak zure Estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure Estatua nire lurrean eraiki duzula».

Antolatzaileen ustez, «esaldi horrek oso ondo islatzen du euskaldunok, kurduek eta munduko hizkuntza gutxitu guztietako hiztunek pairatzen dugun errealitatea. Estatu arrotzek gure lurretan eraiki dituztela euren egiturak. Estatu arrotzek euren hizkuntzak gure berezko hizkuntzak ordezkatuz inposatu nahi dizkigutela».

Ildo horretan, euskararen kasura bueltatuta, kritikatu zuten frantziar eta espainiar estatuak ez daudela prest «euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin uzteko. Ez daude prest euskaldunok normaltasunez euskaraz bizi ahal izatera irits gaitezen. Zapalkuntza hau da euskaldunok pairatzen dugun hizkuntza gatazkaren muina eta euskararen egoeraren jatorria».

Bukatzeko, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalariak esandako hitzak oroitu zituzten. «‘Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz’. Hori da euskaltzaleok gaur gogoan izan beharrekoa eta horren arabera jokatu behar dugu ezinbestean», nabarmendu zuen EHEko kideak.