GARA Euskal Herriko egunkaria
56. DURANGOKO AZOKA

QR KODEA, USB-A, KASETEA... CD-AZ HARAGO BADA MUSIKARIK

Entzuketa fisikoari digitalak hartua dio aurrea aspaldi musikan. QR kodea, USBa, kasetea... CDaren gainbehera nabariaren aurrean hainbat dira bide berriak urratu eta euskarri anitzak aukeratu dituzten musika taldeak.


Landako Guneko musikako salmahaietan bueltaxka bat ematea nahikoa da ohiko euskarrien ondoan formatu berriak ugaltzen ari direla jabetzeko. Euskal musika taldeek bide berriak bilatzen dituzte; batez ere, belaunaldi gazteengana iristeko. Baina ez bakarrik. QR kodea, USBa, kasetea, biniloa... hainbat dira CDaren alternatiba gisa kaleratutako euskarriak. Bistakoa da. Mundu mailako fenomenoa da, azken urteotan azaleratzen ari dena: CDa gero eta gutxiago saltzen da.

Landako Gunean gaude eta 17-18 urte inguruko neska-mutil taldea sartu da bertara. «Zuk uste duzu kuadrilla horrek CDa erosiko duela? Zertarako? Ez daukate-eta gailurik entzuteko», bota du Iñaki Larrañaga Mauka-Airaka zigiluko kideak.

Kezkatuta ageri da. «Gaur egun disko fisikorik ez da saltzen; beraz, eredu berri baterantz joan behar dugu. Zer gertatzen da? Azoka dela orain arteko ereduaren bukaera errazen ikusten den tokia, euskal kulturgintzak daukan oasirik handiena, zeren urtean zeharreko salmenta desertua da».

Adinaz harago doa gainbehera, bere esanetan, eta hausnarketarako garaia iritsi delakoan dago. «Musika sektorean lanean gabiltzanok birplanteatu beharko dugu zein den gure eskaintza –esan du–. Momenturen batean zerbait sortu beharko dugu. Ez dakit zein den eredu berria, baina zalantza barik, diskoarena agortuta dago».

Online kontsumoak berebiziko indarra hartu du, baina etekin urriak ematen dizkio bai sortzaileari, bai argitaletxeari. «Lehengoan tuit bat irakurri nuen. ‘Gaur hamabi binilo saldu ditut eta urte osoko Spotify erreprodukzioekin baino gehiago irabazi dut’, zioen. Eta egia da, Spotifyk eta Youtubek oso-oso diru gutxi ematen dizute. Musika demokratizatu du eta oso positiboa da hori, puntako taldea eta hasiberria maila berean daude bertan, pozgarria da, inoiz baino musika gehiago dago. Baina ezin duzu lehengo diskoen salmentarekin parekatu», azpimarratu du.

Hainbat talderen estrategian ere ikusten da, Larragaren iritziz. «Lehen diskoa Azokan aurkezten zuten denek, orain hilero kantu bat ateraz zoaz eta hona iristerako ia lan osoa aurkeztua duzu. Etengabe elikatuz joan behar duzu, bestela jai duzu»., azaldu du.

Kontu jakina da, zuzeneko emanaldiak dira gaur egun musikarien diru-iturri nagusia.

Mauka-Airakaren standean, beste hainbat lanen artean, Skakeitan taldearen lan berria, “Nola galdu denbora”, aurkituko du bisitariak. Begiratu hutsera disko arrunta da. Baina ireki eta CDaren ordez QR kodea aurkituko du erosleak, deskarga egiteko.

Izurritearen aurretik inbertsio handia egin zuen «ekonomikoa zein artistikoa», Larrañagaren esanetan. Ingalaterrako ekoizle batengana joan ziren grabatzera eta nazioarteko bira antolatua genuen, Hego Korea, Japonia, Mongolia... Dena pikutara joan zen. Pandemia etorri eta hiru kontzertu bakarrik eman ahal izan zituzten.

Publikorik gabeko zuzenekoa

Horren aurrean, prozesu osoa dokumentalean jaso dute eta zuzeneko emanaldi bat ere bai. Berezia oso. «Pandemia garaian publikorik gabe grabatu genuen kontzertua –‘Eman ez genuen kontzertua’ izena jarri diote– eta QRarekin batera, pua, set-lista ere badoaz barruan. Bi abesti berri entzun daitezke, aurreko seirekin batera. Gaur egun CDa bilduma-objektu bihurtu da, plataforma digitalen bidez entzuten dute musika eta CDan, formatu bezala, ez dugu sinesten», kontatu dute Anton eta Valcarlosek, Skakeitan-eko kideek.

«Oraindik urte batzuetan existituko da CDa, baina garbi dago bukatzear dagoela; zailena alternatiba aurkitzea da. Ea zeinek asmatzen duen hurrengo formatuarekin».

“Egon edo ez egon” diskoa aurkeztuko du ordu batzuk barru Joseba Tapiak Ahotsenean. Erritmo dantzagarriak, letra alaiak, umorea eta keinu ironiko asko egosi ditu bere bederatzigarren lana prestatzeko. Koldo Izagirrerenak dira letrak.

“Guapos como Solano, leyendas como Tapia” esaldia –Chill Mafiak “Barkhatu” kantuan dioena gogoan– maiz entzun dugu azkenaldian. Oihartzun handia lortu du, Hiru Damatxoren eskutik talde iruindarraren konplizitatearekin egindako kanpaina biralari esker.

Belaunaldi gazteengana hurbiltzea izan du helburu. «Beste hizkuntza bat, beste teknologia bat, beste irudimen bat, beste toki batean daude gazteak eta hurbildu egin behar da haien ondora, zeren gu baino bizkorrago dabiltza», esan dio NAIZi.

Gustura ageri da. Lortu duelakoan dago. «Bada esan didanik ‘ze ondo berriz itzuli zarela musikara!’ –kontatu du–. Ez bazara hedabideetan agertzen ez zara existitzen; hori horrela da».

Saiakerak

«Gauzak aldatuz doaz, CDa aspaldi akabatua dago. Formatu berria bilatu behar da eta gazteak ari dira saiakerak egiten», gaineratu du.

Kanpainan bidelagun izan dituen Chill Mafia taldeko DJa, Sara Goxua, Azokara ekarritako azken kaseteak saltzen ari da. Kasetea entzun dezake zaleak eta, horrez gain, QR kodea dauka deskargatzeko. «Bildumazaleek gorde dezakete kasetea, gaur egun plataforma digitalak erabiltzen baititugu guztiok musika entzuteko», esan du.

Fisikoa berreskuratu behar delakoan dago. «Musikariok hortik ateratzen dugu dirua, eta hori ezean ezin proiektu berririk abian jarri, streamingak ez du ematen».

Baga-bigako arduradun Ritxi Aizpururen ustez, «beti egongo da euskarri fisikoren bat, pen drivea, CDa edo dena delakoa. Jendeak erosten ditu, baina batez ere bilduma bezala gordetzeko».

Euskarri digitalak badu, oraingoz, akats bat, bere esanetan. «Ezin da ukitu, ezin da esku artean eduki, hodeiertzean dagoen hodeia da. Beti hodeiertzean eta inoiz ez eskuetan. Euskarri fisikoak aldatuko dira: biniloa, kaseta, CDa, pen drivea, eta etorriko diren berriak. Musika erosleak eskuetan euskarri fisikoa nahi du. ‘Fetitxe’ gose gara eta ezin zaio kea saldu musikazaleari. Edukitzaileak gara, mami edukitzaileak».

STR taldearen lana ekarri du, beste askoren artean, aurten Landakora. Eskaintza berezia hori ere, USB euskarrian ekoitzia eta bihotz apurtu moduan aurkeztu dutena. «Oso garestia da formatu honetan argitaratzea eta 600 ale atera ditugu, ea horiek saltzen diren zuzenekoetara begira jartzeko», adierazi du.

Zortzi abesti biltzen dituen USBaz gain, duela sei hilabete digitalean ateratako beste sei abesti biltzen dituen CDa ere eskaintzen diote zaleei. Bi euskarriak uztartu ditugu».

Binilo mimatuak

Gorka Urbizu aurkitu dugu Berri Txarrak taldeak urtero Azokan jartzen duen salmahaian. Biniloak begiratzen ari dira zaleak. «Gehiena streaming bidez entzuten da musika; CDaren gainbehera begi-bistakoa da. Egia da urteak daramatzagula hori aurreikusiz eta orain Durangon gure CDak saldu egiten direla. Gure apustua da euskarri fisikoa erosten duenak zerbait berezia eraman dezala. Gure biniloak beti dira 180 gramokoak, edizio oso landuak eta zainduak, mimoz eginak. Pixka bat garestiago ateratzen zaio erosleari, baina euskarri fisikoa badauka, entzun eta irakurtzeko», adierazi du.

Gizarteak daraman abiadurari lotuta doaz kontsumo bide berriak. «Dena azaletik entzuten eta irakurtzen dugu eta horrekin bat datorrena streaminga da».

Denetarik dago. «Entzule mota desberdinak daude. Bada kaskoak jarri eta biniloa ordubetez entzunez gozatzen duenik eta bada musika edonon daukana eta haren kalitateari hainbeste erreparatzen ez dionik».

«Ulertzen dut industriak bere aurreikuspenak egin nahi izatea, baina azkenean musikaz ari gara eta hori ez da aldatu, hor jarraitzen du emozionatzen», esan du amaitzeko.