GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Getaferen aurka, egoera irauli nahi eta behar


ALAVES-GETAFE

Azken hiru partidetan puntu bakarra batu ostean, egoera arriskutsura itzuli da Alaves. Bi aurkari zuzen izan zitezkeenen aurka galtzeak jaitsieratik gertu egotera eraman du. Soilik bi puntuko aldearekin salbatzen da, Getafe, bere gaurko aurkaria baino hiru gehiagorekin. Alegia, irabaziz gero, sei puntuko diferentziarekin utziko lukeela atzean talde madrildarra.

Quique Sanchez Flores da egungo entrenatzailea Getafen eta taldearen ardura hartu zuenetik, ezin uka hobekuntza nabari dela. Esaterako, bi partida soilik galdu ditu eta poltsikoratu dituen 11 puntuetatik 10 haren gidaritzapean lorturikoak dira. Partida bat irabazi eta bi berdintzetik dator Gasteizera, hiru partidatan atea hutsean utzi eta Athletici gauzak zail jartzetik, hain zuzen ere.

Nahiz eta Alavesek asko hobetu duen ate aurrean –9. jardunaldian Betisen aurka galdu zuenetik partida guztietan egin du golen bat–, gol gutxien egin duten bi taldeak izango dira aurrez aurre. Alavesek guztira 12 gol egin ditu eta horietatik 7 Joselurenak izan dira. Laguardia da taldeko hurrengo golegile nagusia (2).

Callejak Duarte berreskuratuko du partida bateko zigorra bete ostean, baina Matt Miazga galdu, koronabirusaz kutsatu dela eta.

Quique Sanchez Floresek, bestalde, min hartutako jokalari gehiago dauzka: Jose Juan Macias, Vitolo, Sabit Abdulai, Chema Rodriguez eta David Timor.