Iker GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Entrevista
JOSEBA TAPIA
MUSIKARIA

Josepa Tapia, «semitono eta septimetan dabil gizarajoa»

Trikitia zintzilik duela ezagutu dugu, baita gitarrarekin ere. Oraingoan, ordea, guztiaren hastapenera jo eta soinu handiarekin ikusi dugu «Egon edo ez egon» diskoan Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964). Bakarkako estudioko bederatzigarren diskoa du hau musikari gipuzkoarrak.

Lokomotora baten indarrarekin etorri da eta bera lokomotora samarra ere bada. “AHT” kantuak, gainera, 90eko hamarkadako telebista saioen soinua ere ekarri digu gogora. Horrela ekin diogu Joseba Tapia elkarrizketatzeari.

Badu kutsu hori, ezta?

Kutsu hori lehenagotik ere baduela esan dezakegu; izan ere, akordeoi kromatikoan trenaren bertsio propioa baduela esango nuke soinu-jotzaile bakoitzak. Baina egia da programaren sintonia ere izan zitekeela.

Lokomotora samarra bazara.

Motora baino gehiago, kar-kar.

Instrumentua, soinu kromatikoa, ezarria izan omen zitzaizun. Bagara bi.

Biktimen lista oso handia da. Hamalau urte arte-edo sekulako aurkikuntza izan zen, barru-barruraino sartu nintzen eta gurasoek ez zekiten halako eskola batean murgildu nindutenik. Ez zen beren garaiko tango eta pasodobleen eskola bat, baizik eta musika oso modernoa eta puskatzailea zen eta aldi berean oso fina eta konplikatua. Oso interesgarria egin zitzaidan.

Sorkuntza erabat zuk egin duzu edo inguruan dituzun artistek lagundu dizute?

Diskoa kolektiboa da, nahiz eta nire izenean datorren, eta bakoitzak baditu bere lan eta ardurak. Baina kilometro eta ordu asko, urte asko, mende asko daramat moldaketetan eta nik hor laineza hartzen dut. Gero dago musikari bakoitzak partituratik jotzerakoan jartzen duena. Duela gutxi zendu zen lagun trikitilari batek, Mentxu Alkortak, esaten zuen kantuaren edertasuna norberak jarri behar zuela. Hori esaten zien ikasleei abestiak erakustean eta horregatik da kolektiboa disko hau.

Trikitian tonuerdirik ez, eta, orain, tonuerdiekin lehendik ere harmonietan nahikoa loriatsua zenari aukerak bikoiztu zaizkio, gutxienez.

Ez litzateke titular txarra izango «semitono eta septimetan dabil gizarajoa». Txikitatik atentzio handia jarri izan diot eta ezinegon handia sortu izan dit harmonien mundu horrek eta puntu honetaraino iritsi naiz.

Chill Mafiarekin eta ikusi zaitugu; autotunea erabiltzen dutenekin, alegia. Pentsatuko zenuen autotunea agertu zenean, «hau zertarako»?

Guk afinagailua ezagutu genuen estudioan. Harmonietan ibilbide luzea izanagatik ere, halako batean teknologiaren berrikuntzak iritsi ziren, tartean afinagailua. «Joño, hauxe gauza», esaten genuen guk. Autotunearen efektua lortzen zuen horrek, koordenatuak ongi sartzen ez bazenituen. Orain gazteak autotunearekin entzutean gogorarazten dit lehen akatsa zena orain beharrezkoa bihurtu den tresna dela, eta hori gauza askorekin gertatu da.

«Nerbioiko zirgariak» kantua benetan gertatuko istorioan oinarrituta al dago?

Erabat benetakoa da; horrelaxe ibiltzen ziren. Duela aste pare bat ikusi nuen Getxoko errio ondoan egin dietela halako monumentu bat zirgariei. Kantu honekin ezagutu dut emakume zirgarien historia eta emakumeek ezkutuan eta isilean egin behar izan duten lan gogor eta fisikoen beste adibide bat.

Mezu gaurkotua ere badu, «Gizonak salgai ditugu, txanponean zortzi» esaten baitu abestiak. Alegia, nazka-nazka eginda daudela gizonen munduaz.

Horixe, eta, gainera, txanpon hori ez dakit ez ote den Karlisten garaikoa; pentsa noiztik dauden nazkatuta Euskal Herriko emakumeak.

«Gudazkenez» tangoa da. Ez da lehena zure ibilbidean.

Ni dantza mundutik nator eta gu ‘wedding band’ bat izan gara. Oso barruan ditugun dantza eta erritmoak dira, kanpotik oso baldar iritsi zaizkigunak. Asko gustatu izan zait kontrako lana egitea, testu duinago batzuekin abestea tango edota cumbia bat.

Pasodoble bat ere sartu duzu, «Hemen dago» abestia. Gernikako gerra ondoreneko garaian, 1949an, idatzitako testu bat du. Balio lezake «Guernica Gernikara» ekimenerako.

Testu gogorra. Gernika orduantxe erreka lainoaren ordez hautsen lainoz estalitako isiltasun eskandalagarri horretan irudikatzen nuen eta dramatismo horri forma eman nahi izan nion. Hasiera hori erabat da ‘summer time’ bat, hortik abiatu nintzen eta gero garapena eman nion betiere gogortasun eta tristura hori emanaz, baina kontuz, «ez gaude hilda» horren baitan.

Hari-moldaketa ia-ia opera batera eramateko modukoa da.

Josean San Migelek lagundu zidan idazten eta lehen esan dizudan tesituren afera horietan. Niretzat oso interesgarria izan da mundu horretara muturra pixka bat sartzea, umilki; izan ere, mundu oso konplexua da, ideologia askokoa eta asko jakin behar da. Eta ni lotsagabe sartu naiz, edozein moduz. Beste banda bat ere (Et Incarnatus orkestra) batu da kantu honetarako, taldeko metalez gainera.

Chill Mafiakoek mito deitu dizute. Hitz potoloa ere bada eta ez dakit nola hartu ote zenuen kontua.

Konturatzen zara beste espazio bat, beste belaunaldi bat eta beste mundu bat etorri dela eta zu beste norabait pasa zaituztela, erretretara-edo. Haiek hurbildu ziren bideo baterako deituz, baietz esan genuen, baina covida dela-eta ezin izan genuen Iruñera joan eta grabatu. Kantua atera eta gero aprobetxatu egin genuen Hiru Damatxokoen ideiari esker eta nire gorputza haien eskura jarri nuen jolaserako pronto.

Hor Celestinok izango du kulpa zati bat.

Erabat kulpantea da eta lehenagotik datorren zerbait da. Iruñean badago mugimendu, eskola, sumendi... ez dakit nik zer. Badago zerbait Iruñean bai euskal mundu, instrumentu-jotzaile, eskola, idazle, politika… zerbait gertatzen ari dela ematen du; ez orain, lehendik, eta Celestino bada horren kulpanteetako bat seguru.

Dupla eta Chill Mafiakoen aipamenari esker edota, Jon Celestino, Olaia Inziarte eta Leire Leturia taldean izateak lagunduta, beste belaunaldi batengana iristea ere ekar lezake akaso.

Bada, bai, sumatzen dut Durangoko Azokan ere gazte asko galdetzera etorri dela eta interesatuta. Gure ekosistema honen hutsuneak, dituen gabeziak, erakusten ditu, beharbada ez dagoelako saneatuta transmisioa eta komunikazioa. Kasu honetan halako olatu eta sute moduko bat gertatu da hauen ondora hurbildu naizelako eta ni pozik, noski.

Diskoa zure zigilu propioarekin kaleratu duzu, autoekoizpenaren garaian bizi garen honetan, horrek eskatzen duen ahalegin guztiarekin. Zu musikatik bai, baina oholtzatik ez zara bizi oraindik.

Gure industria nola dagoen erakusten du, autoekoizpenen zigilu kopurua ikusita. Txikituta dago industria, formatuaren akabera, denden itxiera, kontsumo ohituren aldaketa… eta gure espazioa geroz eta txikiagoa egin dugu guk. Bai erakundeek, baina baita belaunaldi berriak askoz ere kaptatuago egon direlako. Hartara, ez da soluzio egokiena autogestioarena, ezin baitugu lehiatu multinazional edota diskoetxe handiekin.

Pausa bat izango da orain, kontzertuen bira hasi aurretik.

Ez dugu aukera gehiegi izan elkarrekin entseatzeko, zatika eta abar aritu gara, baina zuzenekoa prestatu egin behar da. Bartzelonan izango da akaso Gracian lehenbizikoz aurkezteko modurik; Euskal Herriko lehen kontzertua, apirilaren 28an izango da, Victoria Eugenian.