GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Joseluk salbatutako puntua

Aurrelari galiziarrak 85. minutuan egindako golari esker, Alavesek jaitsieratik kanpo egingo du lo beste jardunaldi batez. Getafek Ünalek lehen zatian egindako golarekin hartu zuen aurrea markagailuan.


ALAVES 1

GETAFE 1


Joseluk beste balentria bat lortu zuen atzo arratsaldean. Lehen itzulia bukatzeko hiru partidaren faltan, Ligako zortzigarren gola egin zuen Getaferen aurka; iazko denboraldi osoan egin zituen golen %72 egin ditu jada. Kopuru bikaina da jaitsiera postuekin jolasean dabilen talde bateko aurrelari batentzat, baina are ederragoa da Lehen Mailan Alaveseko historiako golegile nagusia bihurtzea.  

Duela bi urte eta erdi iritsi zen Gasteizera Joselu, 2019-2020 denboraldian, alegia. Aurreko bi denboraldietan hamaikana gol egin ditu, taldeari puntu mordoa emanez eta atzo, beste behin, sekulako garrantzia izan dezakeen puntua salbatu zuen Mendizorrotzan. Horrelako golek beti merezi dute ospakizun handia, nahiz eta garaipena lortzeko balio ez izan.

Partidako zatirik handienean galtzen joan zen Javi Callejak gidatutako taldea, aurreko asteburuetan egin bezala, bi areetan oso itxura kamutsa erakutsita. Babazorroak ez ziren gai izan arriskuarekin iristeko Getaferen areara eta madrildarrek, aldiz, etxekoen akats bat nahikoa izan zuten 0-1ekoa lortzeko. Enes Ünal izan zen golegilea, Riojaren pase eskas bat Damianek ostu eta aurrelari turkiarra espazioan aurkitu ostean.

 

Erremate bat, gol bat

Gola jaso arte Alaves sendo ari bazen ere –presio altua eta eraginkorra eginez–, bat-batean amildu egin zen. Callejak hiru aldaketa egin zituen hasierako hamaikakoan. Duarte itzuli zen eta Manu Garcia eta Pellistriren aldeko apustua ere egin zuen. Uruguaitarrak oraindik ez du erakutsi adituek ikusten dioten talentu hori –paseetan eskas, arerioei ezin iskin egin...– eta, hala, Callejak ez zuen zalantzarik egin atsedenaldian.

Hobeto aritu zen Alaves bigarren zatian, baina arriskurik ezin sortu jarraitzen zuen. Arambarrik lehen zatian 0-2koa oso gertu eduki bazuen, Matak ere oin puntan izan zuen bigarrenean. Ez zuten asmatu, ordea, eta gogotik ordaindu zuen Getafek, Joseluk izan zuen aukera bakarrean asmatu egin baitzuen. Behin jaurti zuten babazorroek hiru zutoinen artera eta erremate hori gola izan zen. Kanpoan lehen aldiz irabaztea galarazi zioten Getaferi eta jaitsiera postuetatik at mantentzen dira hiru puntuko aldeaz.