Iker GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Entrevista
JOSUNE ARAKISTAIN
HUNTZA TALDEKO KIDEA

«Entzulea sorpresan harrapatu nahi dugu, bai audio aldetik eta baita euskarri fisikoarekin ere»

Bere ibilbideko hirugarren diskoa argitaratu berri du Huntza musika taldeak, formazioari eutsiz. Erromeria giroari ukorik egin gabe, bestelako doinuekin ausartu dira eta emaitzarekin bat baino gehiago sorpresan harrapatuko dute. Eta ez da harritzekoa, hori baita «Ezin ezer espero» diskoaren mezu nagusia.

Aurreko kantekin aspertzen denean sortzen omen ditu berriak Josune Arakistain Salasek (Lastur, 1996), hori kontatu zigun behintzat pandemia hasieran izan genuen elkarrizketan. Bada, ez da denbora gehiegi pasa ordutik hona, baina entseatzen aspertuko zen, kontzerturik emateko aukerarik apenas izan dutelako: «Gutxi eman ditugu eta zein baldintzatan! Azken bi urteak ez dira onak izan eta bajoi pixka bat ere badugu, baina, tira, ea hemendik aurrera zer datorren». Ez direla isiltzeko jaio diote diskoa irekitzen duen “Odoletan” kantu indartsuan, erori eta altxa eta aurrera egin behar dela aldarrikatuz: «Ez dakit kantua nola deskribatu. Ez genuen espero horrela aterako zenik eta, gustatzen zitzaigunez, bada aurrera. Batzuetan gustatzen zaigun horrekin aurrera egitea zenbat kostatzen den galdetzen diogu gure buruari, baina aurrera egin behar dela argi daukagu».

“Ezin ezer espero” diskoa kaleratu dute eta sorpresa eman gitarra baten distortsioz betetako riff batekin hasten delako lan berria. «Entzulea sorpresan harrapatu nahi genuen, bai audio aldetik eta baita euskarri fisikoarekin ere. Horrekin jolastu nahi izan dugu». Eta bai, diskoa esku artean hartzen duen edonork hartuko du sorpresa handia. Pablo Novoa izan dute ekoizle eta esperientzia berria izan da Huntzakoentzat: «Sekula ere ez genuen lanik egin ekoizle batekin eta bagenuen beldurra. Ez genekien eskua zenbateraino sartuko zuen eta asmatu dugu, Pablok ez duelako sekula esaten zer egin behar dugun; aholkatu egiten du eta azken erabakia taldearen esku uzten du, azkenean diskoa taldearena delako».

Julieta Venegasen kolaborazioa

Singleetako bat izan da “17:21” abestia; bihotzak eta buruak duten talkaz hitz egiten da bertan. «Diskoko esaldi indartsuenetako bat da eta errealistenetako bat ere bai. Benetan askotan nahi duzun hori bihotzak esaten dizu eta buruak zentzuz jokatzeko erantzun. Denok izan gara noizbait borroka konstante horren parte, egunerokotasunean ematen delako, baina ez da asko hitz egiten honen inguruan eta ekarri nahi izan dugu», kontatu digu Arakistainek.

Julieta Venegas izan dute kantuan abesten, kolaboratzaile aparta inondik ere. Soinu txikiarekin ikusi izan dugu mexikarra, baina ez da hortik etorri berak parte hartzearen ideia: «Etxeko salan, nagoen toki honetan bertan, sortu nuen abestiaren hasierako melodia eta bat-batean etorri zitzaidan bera burura. Soinu aldetik eta ongi geratuko zela uste nuenez, taldekoei esan nien: ‘Aizue, zer, galdetuko diogu?’. Utopikoa zen, baina Pablo Novoak ezagutzen zuen eta saiatu ginen. Karta bidezko harremana izan dugu eta esan zigun baietza emateko arrazoi nagusia euskaraz abesten genuela izan zela. Ez dugu berarekin harreman zuzena izan, nahiko genuke, baina badakigu Julieta Venegas nor den eta nahikoa da gure abestian parte hartu duela. Amets bat izan da». Gaztelerara moldatu ditu Ekaitz Goikoetxeak berak sortutako hitzak: «Abestiaren letra, bertso sorta dena, Ekaitzena zen eta kohesio gehien izateko berak gaztelerara itzultzea zela onena iruditu zitzaigun. Julietaren baiezkoa genuela esan genion Ekaitzi eta onartu zuen itzultzearen lana».

Festa giroko abestiak ere sartu dituzte diskoan “Izan nahi nuke” eta “Punta punte bi” kantuekin. Erromeria giroari eta plaza talde izaerari ez diote ukorik egin Huntza taldekoek: «Egia da aurreko diskoekin fidelenak direla, horrela atera ziren abestiak eta aurrera. Ez genuen zeharo apurtzaileak izan eta aurreko ildoarekin erabat hautsi nahi».

Lelo itsaskorra eta buelta asko dituen abestia da “Punta punte bi”. Formula horrek funtzionatu die lehendik eta haiei ere egin zaie itsaskorra abestia: «Guri ere itsatsi zaigu buruan, baina natural etorri zen. Gustuko dugu halako abestiak egitea». “Izan nahi nuke” abestian kontrapuntuarekin aritu dira jolasean: «Ekaitzen letra da eta gatz handikoa, umoretsua eta azkarra iruditu zitzaidan. Musikarekin, gainera, oso egoki etortzen dira hitzok. Ez da inongo momentuan ezer kritikatzen, baizik eta bizitzan dauden ‘B aldeak’ ikusarazten dizkigu, pixka bat deskolokatzen duten hitzak dira».

Sorpresaren bila

“Haizeak” kantuarekin jakin genuen zerbait berria bazetorrela, orduan patinete gainean ikusi genituen gure harridurarako: «Bada halako anekdota bat bideoklip horretan. Hasieran trukoa hartu behar izan genion patineteari, eta, grabaketa bukaeran, Uxue eta Aitor txoroarena egiten hasi ziren eta Aitorrek lurrera erori eta galtzak zulatu zituen. Orain zulo eta guzti erosi izan balitu bezala janzten ditu praka horiek». Euskal Herria eta Katalunia arteko lotura egin dute Huntzakoek abesti horretan: «Argi geneukan artista katalan batekin kolaboratu nahi genuela kantu honetan eta bakoitzak entzun zituen taldeak aipatuz joan ginen, tartean Doctor Prats atera zen eta haiei komentatu genien, onartu zuten, eta sekulako plusa ematen dio abestiari». Baina Katalunia-Euskal Herria lotura bat ere izan dute diskotik aparte azkenaldian, Lil Dami taldekoekin parte hartu dutelako abesti batean: «Gure konfort egoeratik atera gintuen kolaborazioa izan zen, baina oso polita izan zen esperientzia. Harreman ona egin genuen haiekin».

Hainbat gauzaren artean, “Haizeak” kantuan «askatasun oihu bat gara» diote: «Pandemiaren kontua pixka bat umoretik ere hartu nahi genuen, nekatuta ginelako. Gainera, gure betikotasunetik atera ginen eta jendeak beste irudi bat egin zuen diskoa izango zenaren gainean. Horren bila ere joan ginen, inork espero ez izateko zer zetorren». Avicii DJ eta ekoizle suediarraren “Hey brother!” abesti mitikoa ere gogorarazten du abestiaren sarrerako gitarra akustikoaren riffak. Gainera, Josune Arakistain Avicii zale deklaratua izanda, espero zitekeen baietz, eta «bai, hor dago» esan digu Lasturko trikitilariak. Orokorrean koru asko sartu dituzte eta ahotsek pisu handia hartu dute diskoan. «Egia da ahotsei sekulako garrantzia eman diegula eta sintetizadore batzuk ere sartu ditugula, aurreko diskoekin konparatuta, estudioko lan handiagoa egon da oraingoan», azaldu du Arakistainek.

Esperimentatuz

«Zurekin ez dut ezer egin nahi, baina zurekin guztia» dio “Poema nekatu bat” abestiak, indar handiko esaldia: «Ekaitzen hitzak dira hauek ere eta asko kostatu zitzaidan bere poema kantura moldatzea. Zaila egin zitzaidan zein esaldi aukeratu erabakitzea, melodiak hori eskatzen zuelako. Nik sorta bat aukeratu nuen eta Ekaitzekin fintzen joan nintzen gero. Esaldi hori ez neukan aukeratuen artean, baina berak esan zidan sartzeko, harreman sanoak biltzen dituen esaldi bat zela iruditzen zitzaiolako. Hortaz, sartu genuen». Trikitirik gabeko kantua da eta instrumenturik gabe abestera oraindik ez dela ohitzen onartu digu Josune Arakistainek, nahiz eta Euskadiko Orkestrarekin ere ikusi dugun gisa horretara kantuan: «Egia esan nabaritzen dut instrumentuaren falta. Ez daukazu ezer aurrean, eskuak libre eta zer egin ez dakizu. Lehenengo diskotik sartu ditugu trikiti gabeko kantuak, baina kontzertuetan defendatzeko zailagoa izaten da niretzat».

Aipatu bezala, Pablo Novoa izan dute ekoizle, baina teknikari lanetan Haritz Harreguy izan dute Higain estudioan: «Pablo Novoarekin esperientzia berri batean murgildu ginen eta nahikoa geneukan horrekin, hortaz, teknika aldetik eta estudioan eroso sentitu nahi genuen eta zein hobe horretarako Haritz baino, dagoeneko hirugarren lana izan delako hau berarekin grabatzen duguna. Segurtasun, konfiantza eta lasaitasuna nahi genituen, eta asmatu dugu».

Diskoaren diseinua, berriz, Chromatic estudioak egin du, kanpotik dotorea eta barrutik informala dena: «’Ezin ezer espero’-rekin jolastu egin nahi izan dugu bai abestien aldetik baina baita diskoaren euskarri fisikoarekin ere, kanpotik ikustean begietatik sartzen den diskoa da, eta aldi berean irekitzen duzuenean esaten diozu zure buruari ‘zer da hau?’. Efektu hori lortzen duela uste dugu. Gero eta disko gutxiago saltzen dira eta nahi genuen euskarri fisikoarekin halako jolas hori bultzatu, jendeak disko fisikoak eskuratzeko ohitura berriz ere hartu dezan».

Diskoa “Agur Ithaka” kantuak ixten du, metrika desberdineko bertsoz osatutako abestia. Azken bertsoa oso indartsua da, bizi dugun gizarte honetan zer espero dugun, zer nahi dugun eta benetan zer garen pixka bat kontatzen duen abestia, suizidioa bezalako gai bat ardatz hartuta: «Maisulana iruditzen zait letra hau. Irakurri nuen momentuan ia negarrez hasi nintzen, suizidioaren gaia tabua delako. Hain ondo islatzen du Ekaitzek mina, kantatzen duen pertsonak sentitzen duen hori… Ezingo zen hobeto esplikatu. Eta azken bertso horretan hain justu, sekulakoa da egin duena». Ekaitz Goikoetxea azken urteetan bertso idatzietara gehiago zentratu den bertsolaria da eta sekulako curriculuma du sariketa askotan garaile izan delako. «Nik Ekaitz idatzizko bertsoetatik ezagutu dut batez ere, haren bertsopaper asko irakurritakoa naizelako eta horrela ezagutu nuen baita ere ‘Olatu bat’ aurreko diskoko abestiko sorta ere. Ordutik geroz eta gehiago irakurri dut, honekin topatu naizen arte, eta maitemindu ninduen. Melodia oso erraz etorri zitzaidan», aitortu du Huntzako trikitilariak.