GARA Euskal Herriko egunkaria

Amaiera bikaina Mundakan surf eta bodyboardeko euskal itzuliei

Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen dituen surf eta bodyboard itzulietako azken lehiaketak egin ziren atzo Mundakan. Bezperan, berriz,bodyboard zaleak Ereagan lehiatu ziren sailkatu etaMundakako hitzorduan parte hartu ahal izateko.


Asteburua oso mugitua izan da euskal surflarientzako, Euskal Herriko surf eta bodyboard zirkuituak amaitzeko azken txapelketak egin baitira. Batez ere bodyboard zaleentzako asteburu garrantzitsua izan da, izan ere, larunbatean Euskal Bodyboard Zirkuituko bigarren proba egin zuten Ereagan eta sailkatuak Mundakan lehiatu ziren berriz ere biharamunean. Neguko baldintzekin bada ere, amaiera duina eman ahal izan zaie behintzat aurtengoan surf eta bodyboard kategoriako euskal zirkuituei.

Baldintza zailetan baina olatu ederrekin egin zen Ereagako bodyboard txapelketa Xabier Urrestilla zumaiarrak irabazi zuen. Mundakan, ostera, honakoak izan ziren garaileak: Janire Gonzalez-Etxabarri nesken kategorian, Roberto Letemendia mutilen kategorian eta Mikel Atxega bodyboard kategorian.

Azaroan amaitu zen 18 urtetik azpiko kategorien denboraldia, hortaz, surf eta bodyboard kategoria irekietako azken txapelketak egitea bakarrik falta zen aurtengo denboraldiari amaiera emateko. Surflarien kasuan txapelketa bakarra falta zen Olaian Euskal Surfing Open Zirkuitua amaitzeko, alegia, Mundakakoa. Bodyboard kategorian, aldiz, Mundakako hitzorduko sailkatuak hautatzeko beste txapelketa bat egin behar zen, eta, azaroan egiteko aukerarik izan ez zenez, larunbatean egin zuten bodyboard itzuliko bigarren txapelketa Getxoko Ereaga hondartzan.

Sopelan eta Zarautzen egin ziren txapelketen ostean, mutilen zein nesken rankingeko lehen sailkatuak hautatu zituzten surf modalitatean, hamabost mutilen kasuan eta zazpi neskenean. Ondorioz, Mundakan parte hartu behar zutenen zerrendak eginda zeuden. Bodyboard kategorian, ostera, larunbatean Ereagan egin zen txapelketaren ostean izendatu zituzten atzo Mundakan parte hartu zuten zortzi lehiakideak.

Mundakako irabazleak

Guztira 30 lehiakidek hartu zuten parte Mundakan egin ziren euskal zirkuitu desberdinetako azken txapelketetan. Atzokoa ez zen Mundakan tuboak egiteko egun aproposena, marea hilak zirenez itsasoa ez baitzen asko jaitsi. Ondorioz, ezin izan ziren hondo gutxirekin sortzen diren tubo famatuak altxatu, baina bi metroko olatu ederrak izan ziren eta lehiakideek gozatu ahal izan zuten. Bide batez, ikusleak ere gozarazi zituzten.

Bodyboard kategorian zortzi lehiakide aritu ziren. Alegia, pasa den urrian Zumaiako Itzurun hondartzan egin zen txapelketan eta larunbatean Ereagan egin zen Euskalsurf Bodyboard Zirkuituko bigarren txapelketetan puntu gehien bildu zituzten zortzi lehiakideak. Bi txanden ostean finala egin zen, eta, azkenik, Mikel Atxega oriotarra gailendu zen parte hartzaile guztien artean.

Mundakan jokatutako finalean izan ziren gainontzeko lehiakideek honako postu hauek eskuratu zituzten atzokoan: Ayoub Adardour bigaren postuan geratu zen, Alexander Sebastian hirugarren postuan eta Andoni Izaga zumaiarra laugarren postuan.

Nesken kategorian ere finalerdiekin abiatu zuten txapelketa Europako ezker olatu luzeenean, eta, azkenean, finalera iritsi ziren lau lehiakideen artean gailendu zena Janire Gonzalez-Etxabarri surflari gaztea izan zen. Duela egun gutxi, Haleiwan (Hawaii) lehen mailan lehiatu zen 16 urteko zumaiarra.

Bigaren postuan Silke Martinez geratu zen Mundakan egin zen nesken txapelketan eta hirugarren postua Anette Gonzalez-Etxabarrirentzat izan zen. Laugarren postuan Saioa Ortega geratu zen.

Aipagarria da Gonzalez-Etxabarri ahizpen surf maila, oso gazteak izan arren Mundakako txapelketa aitzin egin ziren euskal zirkuituko bi txapelketak beraiek irabazi baitzituzten, Anettek Zarauzkoa eta Janirek Sopelakoa. Azken horrek, beraz, itzuliko hiru probetatik bi irabazi ditu.

Mutilen kategorian lehiakide gehiago aritzen direnez, sailkatuak ere gehiago ziren. Horrela, final laurdenekin hasi, finalerdiekin jarraitu eta azkenik finala egin zuten Mundakan. Roberto Letemendia zarauztarra izan zen txapelduna.

Markel Bizkarguenagak eskuratu zuen bigaren postua Mundakan mutilen txapelketan eta Peru Zuñigak hirugarren postua. Laugarren postua, berriz, Diego Martin Gomezentzat izan zen.

Aurtengo denboraldiko txapelketa guztietan bezala, neskek zein mutilek sari berberak jaso zituzten Mundakan. Hala, 500 euro izan ziren irabazlearentzat, 350 euro bigarrenarentzat, 200 euro hirugarrenarentzat eta 150 euro laugarrenarentzat.