GARA Euskal Herriko egunkaria
UHOLDEAK EUSKAL HERRIAN

Tutera estali du uraldiaren azkenak


Larunbatean Funes edo Faltzesi nola, Tuterari erauntsi zion atzo denboralearen azken apurrak. Euririk egin ez zuen arren, Ebro ibaiak azken egunetan hartutako ur kopuruak –6,18 metroko altuera eta segundoko 2.678 metro kubikoko gehienezko edukierara iritsi zen 14.00etan– Erriberako hiri nagusiko hainbat kale ur azpian geratzea eragin zuen, eta Udalak horietako batzuk itxi zituen, zenbait errepide eta zubirekin batera.

Metro batetik gorako altuera hartu zuen urak Alde Zaharreko zenbait puntutan, bizilagunak etxean gelditzera behartuz. Ateratzekotan, Babes Zibileko txalupa erabili behar izan zuten.

Iragarrita zegoen bezala, Castejonen ere gainezka egin zuen Ebro ibaiak, 04.00ak aldera, eta zenbait kale urez bete zituen San Adrian inguruan.

Ageriko kalteak Gasteizen ere

Lakuako Gobernuak Arabako larrialdi egoera desaktibatu zuen atzo, uren maila jaitsi zela egiaztatu ostean. Ulibarriko eta Urrunagako urtegietan isuritako uraren bolumena ere murriztu egin zen. Baina Zadorra ibaiaren hazkundearen eraginak nabariak ziren atzo oraindik, bai Gasteizen bai hiriburutik iparralderako herrietan.