Fito Rodriguez
Idazlea
GAURKOA

Flaubert aldarri

Gustave Flaubert jaio zela eta bera oroitzeko bigarren mendeurrenaren karira (Ruan, 1821eko abenduaren 12a-Croisset, 1880ko maiatzaren 8a) duela gutxi haren “Bibliomania” izeneko narrazioa euskaratzerakoan literaturaren ikuspuntutik sortutako zenbait hausnarketa partekatu nahi dut hemen zurekin balizko irakurle hori.

Flaubert bizi zen garaian, Frantzian giro politiko autoritariora eramaten zuten gertakizun ugari izan ziren, Luis Napoleon Bonapartek, Frantziako Bigarren Errepublikako lehendakariak, Napoleon III.a bihurtzeko estatu kolpea eman zuen. Horrek ondorio zuzena ekarri zuen literaturaren esparrura ere, Victor Hugoren erbestealdia adibidez eta, orokorrean, komunikabideen aurkako zentsura giroa nabarmentzea, bada.

Esate baterako, 1853an, Goncourt anaiak (Jules eta Edmond) artikulu batengatik epaitu zituzten. Kaleko giroa islatu nahi izan zuten, besterik ez. Orduan Zolak ekarri zuen naturalismoa literaturara eta, ustez, horrekin, moral publikoaren eta gobernu botereen aurka egin zuelakoan, baita ohitura onen kontra ere, auzitara eraman zuten. Ildo beretik, lau urte geroago Flauberti berari egoera bera egokitu zitzaion eta “Madame Bovary” eleberriagatik epaitegiaren aulkira eramana izan zen. Flauberten laguna zen Theophile Gautierek «esaldi bakoitzarekin epaitegietara eraman nazaten» arriskatzen zela esaten zuen. Charles Baudelaireri ere, handik gutxira, 1857ko abuztuan hain zuzen, erlijio-morala iraintzea egotzi zitzaion eta Gaitzaren loreak poemagatik auzipetu zuten (Patxi Apalategik 2019an Balea Zurian argitaratuta).

Beraz, Joseba Sarrionandiak idatzi zuen moduan “Airea ez da debalde”, hau da, idaztea ez da hutsala, kemena behar da beltza zuriaren gainean norberak nahi bezala azalarazteko, eta ondorioak izaten ditu.

Flaubertek idazleentzat bakarrik idazten zuela, ez irakurleriari begira, esan ohi da, eta, halaber, haren idazkietan idazlearen desagerpena bilatzen zuela egotzi zaio, urteen poderioz Roland Barthesek zabaldutako teoriaren aitzindaria izanik. Barthesi esker orain badakigu, jakin ere, idazle baten lanak harena izateari uzten diola argitaratu eta irakurleen eskuetara pasatzean, baina egia da idazle bat, berez, bere lana dela funtsean, eta, ondorioz, lan hori erakutsi eta defendatu egin behar duela. Flaubertek horixe egin zuen.

Gustave Flaubertek oso txikitatik zuzendu zuen gaztetik erabilitako ironiaren zentzua eta irrigarri denaren bilaketa. Materialismoa, nolabaiteko sadismoa, agnostizismoa, liberalismo amorratua, errealismo krudela eta ironia mingarriak ere zuzendu zituen urtez urte nekez landutako izkribuetan. Haurtzarotik sortu zitzaizkion haien aldeko jarreren joerak, zeren eta aitak zuzentzen zuen Rouengo Ospitale Orokorrean ikusi ahal izan zituen zirenak eta ez zirenak bere familiaren egoitzako patioetan etzanda zeuden gaixoen artean. Halere, ez zuen inoiz errazkeriarik onartu eta berezko estiloaren bila aritu zen etengabe. Harrigarria izan daiteke Flaubertek zortzi edo hamar orduz idatzi zuela bere bizitzako egun guztietan, 9 urtetik 59 urtera, lau eleberri eta hiru ipuin argitaratzeko bakarrik, ez baitzuen ia ezer kaleratu idazten zuen guztitik. Bere lanaren zati handi bat gutun zoragarri eta grinatsuek osatzen dute, non neurri handi batean bere literatura handia bizi den, baina ez zuen inoiz haiek argitaratzeko asmorik izan. Beste zati handi bat, idazkiak, zuzenketak, zirriborroak, planak eta argitaratzeko pentsatuta zeuden idazlanetarako erantsitako dokumentuen bildumak izan ziren.

“On Kixote Mantxakoa” oso gaztetik irakurri zuen, eta ingelesa ere ikasi zuen Shakespeare eta Byron idazleengana hurbildu ahal izateko. Montaigne laster hasi zen maitatzen eta gai historiko zein geografikoetan aditu bihurtu zen. Berehala aplikatu zituen ikasitakoak bere kontakizun historikoetan, baita bere ipuin satirikoetan, erotikoetan eta sinbolikoetan ere. Biraoak, ironiak, iseka eta irrika atzeman ohi dira bere lehenengo izkribuetan (Denonartean argitaletxe nafarrak berriki kaleratutako “Bibliomania” ipuinean bezala, non «nerbio sentikorren irakurleentzat» idatzi zuela adierazia utzi zigun).

Beraz “Hezkuntza sentimentala”-ren arabera, zenbait idazketan ongiaren eta gaizkiaren arteko desberdintasuna ez da hain argia, baina, hura kontraesana!, norberaren gustuko idazleen artean bereizketa garbia da oso. Egia da estetika ezin dela guztiz argudiatu, baina argumentu edo gai batek begi bistan jar dezake idazlan on bat. Estiloaren aldarrikapenak, literaturari Flaubertek emandako akuilua ere, bideratzen du irakurketa jakin bat gustukoa izan ala ez. Eta, halaber, sentimendu onak nola ikas, edo zehatzago oraindik, nola irakats daitezke? Idazketak zenbat du sentimenduetatik jasoa eta zenbat, berriz, arrazoiaren bidetik eskuratua?

Jakin, badakigu, gauzak ez ditugula ontzat jotzen gustuz ederrak edo onak direlako, alderantziz baizik. Hau da, gustagarritzat hartzen ditugun neurrian polit bihurtzen ditugu. Etikan eta estetikan. Beraz, bizitzan gustatzen zaigunaren irudia da estetika. Ez dugu, bada, jakintzaren arlo soltea, etikarekin batera doan jarrera baizik. Nolabait adierazia, ona denak ederra behar du. Baina, alderantziz ere esan genezakeen: bikaintasunak ez du zerikusirik moralarekin, aitzitik, inor gustagarria izan daiteke eta, era berean, gaiztoa izan oso.

Izan ere, Flaubertek landutako berezko estiloan, maiz aforismo jenialetan lehertzen ziren esaldi distiratsu eta zintzoz betetako ibai horretan, beste Flaubert bat agertu ohi zitzaigun, beste urrats bat ematen zuena: Flaubert sentsitiboa, dena zalantzan jartzen zuena, gaztetan testu gose handia zuena eta ezertaz usterik ez zuena, eszeptiko bat, alegia.

Idazle honek bere sasoian gaurkotasuna zuen kultur gairen bati heldu nahi izan zion, norberaren esperientziatik abiaturik eta liburuen erreferentzietatik harago. Ahalegin horretan, ordea, bere burua ere, iheskor bezain aldakorra, ezagutarazten joan zen. Erakutsi digu literatura, mundua ezagutzeko bidea izateaz gainera, balizko ekintza ereduak aurreikusteko tresna ere badugula. Hau da, munduan aritzeko –eta, bide batez, mundua birmoldatu ahal izateko– lanabesa dela idazkuntza, besteak beste.

Hau da, lehenengo eszeptiko helenistikoek egiten zuten gisan, bilaketa egin nahi izan zuen Flaubertek. Izan ere, skepsis hitz grekoak «gogoeta bidezko ikerketa» nahi du esan. Jakintzaren peskiza, beraz. Eta horixe da, bide batez, literatura onaren betebeharra, duela mende eta erditik hona Flaubertek erakutsitako bidea.