Imanol CARRILLO
ESKUBALOIA - EHF EUROPEAN LEAGUE

Indarra hartzeko garaipen ikusgarria

PFADI WINTERTHUR 23

BIDASOA-IRUN 37


Pasatakoak pasata, behar zuen Bidasoa-Irunek atzo lortutakoaren pareko garaipen erraz bat. Izan ere, jipoi izugarria eman zieten atzo irundarrek Pfadi Winterthurri (23-37), EHF European Leagueko multzoen faseko laugarren puntua eskuratuz eta hurrengo fasea gertuago utziz. Oraindik partida asko falta dira, baina aurkari zuzen bat atzean utzi dute gipuzkoarrek eta bihar beste pausotxo bat emateko aukera izango dute Wisla Plocken etxean (18.45).

Bidasoa-Irun covidak eragindako buruhausteak behingoz atzean uzteko gogoz aritu zen atzo Suitzan. Bi astez geldirik egon beharrak jokalarien fisikoan eragina izan du eta aurreko bi partidetan argi ikusi da. Atzo, baina, Jacobo Cuetararen mutilak bikain aritu ziren hasieratik.

Lehen minutuak parekatuak izan baziren ere, hiruna berdindu ostean, gipuzkoarrek partidako lehen kolpe gogorra eman zuten, 0-3ko partzial bati esker. Jarraian, 0-4ko bat lortu zuten (12-17 atsedenaldian). Bigarren zatiak ez zuen kolorerik izan eta Cuetarak gazteei eman zien bikain baliatu zuten aukera.

Anaitasuna, Koparekin hitzordua

Maila eta Liga bereko Bathco Torrelavega izango du aurkari gaur Kopan Anaitasunak (20.30). Partida bakarrera jokatuko da kanporaketa, Kantabrian. Bidaso-Irunek hilak 21ean bisitatuko du Unio Esportiva Sarria.