GARA Euskal Herriko egunkaria

Nagusiek tornadoetatik ihes egin nahi zuten langileak mehatxatu zituzten

AEBetako Kentucky estatuko Mayfield herriko kandela lantegiko arduradunek ez zieten utzi langileei kalte izugarriak eragin zituzten tornadoetatik babes hartzen. Are, lantokitik alde eginez gero kaleratu egingo zituztela egin zieten mehatxu. Zortzi lagun hil ziren. Amazonen biltegi batean ere sei langile hil ziren.


«Alde eginez gero, kaleratu egingo zaituztegu», egin zien mehatxu Mayfield herriko kandela fabrikako arduradunak beharginei herria txikitu zuten tornadoak iristear zirela. Horrela adierazi zion NBC telebista kateari McKayla Emery langileak, ospitaletik. Beste hiru beharginek ere berretsi dute salaketa.

Emeryk 21 urte ditu eta tornadoak txikitutako lantegiko hondakin puska baten kolpea jaso zuen buruan. Sei ordu eman zituen hondakinen azpian harrapatuta. Hanketan erredura kimiko larriak ditu eta giltzurrunak ere kaltetuta ditu; kolore beltzekoa da bere gernua.

Gabonetako jaien bezperatan, kandela usaindunak ekoizten zituen fabrikan 110 pertsona ari ziren lanean tornadoek erabat suntsitu zutenean. Bob Ferguson enpresako bozeramaileak azaldu zuenez, zortzi behargin hil ziren eta beste 40 hondakinetatik erreskatatu zituzten. Gainerakoak onik lokalizatu zituzten. Asteburuan 70 langile inguru hondakinen azpian egongo ote ziren beldur azaldu zen Andy Beshear Kentuckyko gobernadorea. «Gabonetako miraria dirudi», esan du, pozik, gobernadoreak, baina langile guztiei agintariekin kontaktuan jartzeko eskatu die. Langile bakoitzarekin banan-banan hitz egin nahi dutela gaineratu du. 

Kandela fabrika topera ari zen lanean, txandaka eta makinak gelditu gabe, Gabonetako eskaera asetzeko. Lehen tornado abisua larunbatean 05.30ean jaso zuten, alarmak jo zuenean. Arduradunen mehatxuak zirela medio, langileak beharrera itzuli ziren, baina gutxienez hamabost izan ziren arriskutik babesteko etxera joateko baimena eskatu zutenak. Arduradunek ezetz esan arren, batzuek alde egitea erabaki zuten. Lau ordu geroago, langileek komunetan eta pasilloetan babes hartu beharra izan zuten. Orduan ere ez zieten etxera joaten utzi. Arriskua amaituta zela pentsatzean, lanera itzuli ziren, baina handik gutxira iritsi zen lantegia guztiz suntsitu zuen tornadoa.

Enpresako zuzendaritzak langileek salaketak gezurtatu ditu. Bob Fergusonek NBC telebista katean nabarmendu zuenez, «covida hasi zenetik langileak edozein momentutan joan daitezke etxera eta hurrengo egunean itzuli». Iturri batzuen arabera, baina, langileetako asko paperik ez duten etorkinak dira.

Momentuz 74 hildako eragin dituzte tornadoek Kentuckyn eta 100 pertsona inguruk desagertuta jarraitzen dute. Beste hamalau hildako daude inguruko estatuetan. Illinoisen, Amazon merkataritza elektronikoko enpresa erraldoiaren biltegi bat txikitu zuen tornado batek, gutxienez sei hildako eraginez. 50 tornadoko bolada 2011tik AEBetan izandako hilkorrena izan da.