GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ez eskatu mailuari bihurkinaren lana egiteko


Errusiarekin tratatzerakoan zigorra baino beste biderik ez omen dago. Bere ekonomia ustez kolapsora eramango duten zigorrak erreminta kutxako mailu dituela esan berri du Europar Batasunak. Badira ere mehatxuak, Moskuk sekula ikusi gabeko ondorio ekonomikoak pairatuko dituen promesak; badira Errusiako presidente Vladimir Putin mafiaburu eta matoi bezala karikaturizatzeko ahaleginak; eta badago jokabide hori nazioartean normalizatzeko bulkada. Errusiari bezala Txinari begira, edo Irani, edo Venezuelari, edo Nikaraguari, edo Bielorrusiari, edo Kubari, zigorra zigorraren gainetik. Baina, gero eta gehiago, helburuak lortzeko ekintza desesperatuak dirudite. Airera botatako ukabilkadak.

Aurreratu diren balizko zigorren artean Errusiako errubloa Mendebaldeko dibisetara aldatzea ezinezko egiteko asmoa aipatu da, herrialdea Swift ordainketa sistematik kanporatzea, zor subiranoa erosteko bideak ixtea, edo Ukraina saihestuz eta ahulduz gasa Alemaniara eramaten duen Nord-Stream hodia gelditzea. Munduan zigortuen dauden herrialdeen artean dago Errusia. Eta zigor zaparraden ondoren, esaterako, ez da Ukrainako giroa baretu. Dibisa digitalak eta ordainketa plataforma alternatiboak biderkatu egin dira, diru funtsak eduki eta transferitzeko dolarrean oinarritutako sistematik kanpo ekonomia paralelo erraldoi baten sorrera azkartuz. Agian Errusiako barne produktu gordinak puntu bat edo beste behera egitea lortuko dute, baina horrek ez du eraginkortasunik erakusten.

Zigorrak ez dira zilarrezko bala mirakulutsuak, inolaz ere. Baina errazagoa da zigorrak jartzea kentzea baino. Mendebaldeko demokrazia indartsuen klubaren ustezko nagusitasuna erakusteko pentsatu ziren zigorrak, baina egun klub horren gainbeheraren erakusle dira: aurkariak ez dituzte beldurtzen eta kutxan ez da beste erremintarik. Antagonismoak indartu, aliatuak haserretu, jende xehea kolpatu eta sistema alternatiboak azkartzen dituzte. Mailuari ezin zaio bihurkinaren lana egitea eskatu.