GARA
GASTEIZ
HEZKUNTZA ETA HIZKUNTZA

Euskarazko eredua orokortzearen aldeko adierazpen zabala

Hezkuntzako eragile nagusiek, euskalgintzak eta gehiengo sindikalak adostutako adierazpena aurkeztu zuten atzo Gasteizen. Paul Bilbaok irakurri zuen eta «inflexio puntutzat» jo. «Hezkuntza hitzarmenaren inguruko eztabaidan, euskarazko ereduaren aldekoa da adostasunik zabalena lortu duen gaia», adierazi zuen Kontseiluko eledunak.

Gasteizko Legebiltzarrak urriaren 14an egindako osoko bilkuran erabaki zuen Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatu eta hurrengo hamarkadetako hezkuntza sistemaren oinarriak ezartzeko prozedura hastea. Ondorioz, Hezkuntza Batzordearen esparruan ponentzia bat eratzeari ekin zion. Hezkuntzako eragile nagusiek, euskalgintzak eta gehiengo sindikalak EAEko hezkuntza hitzarmenari lotuta euskararen eremuan jaso beharrekoa zehazteko ekarpena egin eta euskarazko eredua orokortzearen aldeko «adostasun historikoa» bultzatu dute, “Euskaraz hezi, berdintasunean hazi” izeneko adierazpenean.

Gasteizen egindako aurkezpenean zehaztu zutenez, eragileok eskatu dute hezkuntza hitzarmenean «berariaz jaso dadila hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskarazko gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua» ezarriko dela. Konpromisoa hartu dute eskaera hori eurena egiteko.

Agerraldian ordezkaturik izan ziren eragile sinatzaileak (Ehize izan ezik): Ikastolen Elkartea, EHIGE, Kristau Eskola, Hik Hasi, ELA, LAB, Steilas eta Euskalgintzaren Kontseilua. Azken hori izan da ekimenaren bultzatzailea eta bere eledun Paul Bilbaok irakurri zuen adierazpena. «Inflexio puntuaz» hitz egin zuen. Adostasunik zabalena lortu duen gaia euskarazko ereduaren aldekoa izan dela azaldu zuen.

Adierazpenak dioenez, «hezkuntza ardatza da egoera gutxituan dagoen edozein hizkuntzaren berreskurapen prozesuan», belaunaldi berriek hizkuntza gutxituaren gaitasun egokia izatea bermatzen duelako, baita jendartearen kohesiorako eta bizikidetzarako ere. Hamarkadotan hezkuntza sistemak egin duen ekarpenari aitortza ere egiten diote eragileek, milaka eta milaka herritar euskaldundu dituelako. Halere, «oraindik ezagutzaren unibertsalizaziotik urrun gaude», erantsi dute.

«Datuek erakusten dute egungo ereduen sistemak arrakalak dituela. Badakigu zein den eredurik arrakastatsuena eta zein desegokiena, baina sistema bera berrikusi behar da. Gaur-gaurkoz ikasle askori ez baitzaio euskarazko gaitasun egokia eskuratzeko eskubidea bermatzen», gaineratzen du, eta, Euskararen Legean jasotzen den bezala, gogorarazten du Administrazioak gaitasun hori ziurtatzeko «betebeharra» duela, «betetzen ari ez den» egitekoa. Eragileok argi dute orain dela aurrera egin eta «ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia» egiteko momentua.

Ekainaren 19an askotariko ehundik gora eragilek “Batuz aldatu” adierazpena aurkeztu zuten eta etorkizuneko hizkuntza politiken norabideratzeak bertan zehazten direla uste dute. Hain zuzen ere, ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskararen erabilera erosorako espazioak ahalbidetzea. Betiere, «inor bazterrean utziko ez duen eredua izan beharko du, eta gutxien duenari gehiago emango diona».