Iraide IBARRONDO
BILBO
MIGRAZIOA

Itxialdiko lehen 15 egunetan etxeko zaintzaileen %54 kaleratu zituzten

Deustuko Unibertsitateak antolatutako «Emakumeak eta migratuak, bi urteko pandemia generoaren ikuspegitik» izenburupeko jardunaldian koronabirusaren krisiak emakume migranteen egoeran zer-nolako eragina izan duen aztertu zuten atzo goizean. Ondorio orokor bezala, krisiak jada existitzen zen arazo bat azaleratu duela atera zuten.

Hirugarren sektoreko langileak eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak elkartu ziren atzo Deustuko Unibertsitateko auditoriumean, Bilboko campusean, “Emakumeak eta migratuak, bi urteko pandemia genero ikuspegitik” jardunaldiaren barruan covid-19ak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz emakume etorkinek bizi duten errealitatea plazaratzeko asmoz.

Azaldu zutenez, barne-erregimenean diharduten etxeko langileen egoera kaskartu da gehien gaitzagatik. Zehazki, behargin horien %54 zuzenean kaleratu zituzten itxialdiko lehen hamabost egunetan eta, gainera, kaleratuen %94k ez zuten inongo kalte-ordainik jaso.

Datu horiek plazaratuz eman zion hasiera Trabajadoras Sin Domesticar kolektiboko kidea eta abokatua den Liz Quintanak covid-19ak eragindako ondorioei buruzko mahai inguruari. Quintanaren esanetan, gaur-gaurkoz barne-erregimenean zaintza lanetan diharduten beharginen %95 emakume migranteak dira, jatorri hegoamerikarrekoak kasu gehienetan.

Beraz, zaintzaile horiena lanpostu erabat feminizatu eta arrazializatua dela baieztatu zuen. Hala ere, ohartarazi zuen osasun krisiak aurrez existitzen zen egoera bat «nabarmendu, ikusarazi eta sakondu» besterik ez duela egin. Hala, abokatuak salatu zuen itxialdiak «erabateko eromena» ekarri zuela emakume hauentzat. Aipatu bezala, asko eta asko zuzenean kaleratu zituzten, gehienak inongo kalte-ordainik jaso gabe. Lanpostuari eustea lortu zutenentzat, gainera, egoera ez zela askoz hobea izan salatu zuen Quintanak: «Kaleratu ez zituztenetako askori esan zieten itxialdiak iraun bitartean lanik eta soldatarik gabe geratuko zirela eta, gainera, egun horiek beraien opor egunak zirela».

Barne-erregimeneko beharginek prekaritate latza pairatu arren, emakumeok lanari ezin diotela uko egin nabarmendu zuen Quintanak, barne-erregimenekoen kasuan lantokia eta etxebizitza espazio fisiko berbera baitira: «Emakume hauentzat lana galtzeak etxebizitza galtzea esan nahi du».

Hori gutxi balitz, emakume migrante hauek biolentzia sexuala, arrazista, instituzionala eta sinbolikoa sufritzen dituztela salatu zuen. Ildo beretik, etxeko zaintzaileen aferari heldu eta «erantzukizun kolektiboz» jokatzeko exijitu zuen. «Gizarte moduan, eskubide hauek aitortu eta indarrean dagoen araudia aldatzeaz gain, zaintzaren afera nola konpondu behar dugun ere erabaki behar dugu», aldarrikatu zuen.

Era berean, Quintanak ohartarazi zuen oinarrian dagoen arazoa ez dela «koiunturala» eta ezer egin ezean hamar urte barru zaintzaren aferak «berdin-berdin» jarraituko duela.

Generoa eta buruko gaitzak

Jarraian, Buru Osasunaren inguruan mintzatu zen Maria Jose Cano, Fedeafes buruko erien elkarteen federazioko gerentea. Bere hitzaldiaren hasieran, Canok azpimarratu zuen osasuna ez dela afekzioen absentzia, baizik eta ongizate fisiko, sozial eta mentala.

Emakumeak, orokorrean, antsietatea, depresioa eta buruko gaitzak garatzeko «arrisku faktore gehiagorekin» kontaktuan daudela jakinarazi zuen Canok. Arrisku faktore horien artean egin beharreko zaintza lanak, lan baldintza prekarioagoak izatea, biolentzia estrukturala, genero rolak eta pandemiaren lehen lerroan egon izana nabarmentzen dira, besteak beste.

Zehazki, itxialdian funtsezko lanen %76 emakumeek egin zituztela plazaratu zuen Canok adibide baten laguntzaz: Osakidetzak lehen lerroan egon ziren beharginei zuzendutako zerbitzu bat martxan jarri zuen, arreta psikologikoa eskaintzeko. Canok jakinarazi zuenez, zerbitzu hori baliatu zuten profesionalen %88 emakumeak izan ziren.