GARA Euskal Herriko egunkaria
DESADOSTASUNAK EUSKAL MENDIZALE FEDERAZIOAN (I)

Arrakala zabaltzen ari da Euskal Mendizale Federazioan

Mendi-lasterketetako korrikalariek euskal selekzioarekin gehiago ez lehiatzeko erabakia plazaratu zuten duela astebete, Federazioko zuzendaritza berriarekin dituzten desadostasunengatik. Horren ostean, alpinistek salatu dute federazioa «hiltzen» uzten ari dela taldea. Zuzendaritzak korrikalariei erantzun die irizpide gardenagoak nahi dituela.


Edozein erakunde instituzionaletan zuzendaritza taldea aldatzen denean, eskuarki, bi joera ikusten dira; bata, aurrekoen ildo berari jarraitzea, eta bestea, bestelako irizpideekin ibilbide propioari ekitea. Iskanbilak sor daitezke ala ez, baina Euskal Mendizale Federazioak hartu duen bideak arrakala batzuk sortu ditu bere baitan dauden hainbat kirol talderen artean.

Hedabide honetan argitaratu zen legez, mendi lasterketetako korrikalari gehienek jakinarazi zuten ez direla berriro selekzioarekin jardungo. Korrikalariek helarazitako oharrak piztu zuen “sua”, eta, orain, gar hori Alpinismo Taldeak indartu du. Gazteak teknifikatzeko talde hori bi zuzendarik eta hiru gaztek osatzen dute, eta hauek ere ez daude batere ados Zigor Egiak zuzentzen duen federazioaren erabakiekin. Are gehiago, GARAri baieztatu diotenez, «taldea hiltzen uzten ari dira».

Haserre horren zergatia argitu ahal izateko, hedabide honek talde horrengana jo du, eta Markel De La Fuente gazteak azalpen gehiago eman ditu. Talde horretako ordezkariak esan du federazioaren zuzendaritza aldaketarekin egoera erabat okertu dela: «Beste taldeak ez bezala, gu ez gaude lehien mundu horretan. Pandemia iritsi zenean, Pirinioetan neguan jarduteko aurreko zuzendaritzak agiri ofiziala eman zigun. Bat-batean, inolako azalpenik eman gabe, egungo arduradunek agiri hori kendu ziguten. Hori gutxi balitz bezala, irteerak eta ikastaroak egiteko jaso behar genuen dirua kendu digute. Susmo handia dugu diru hori talde berri batera bideratu dela».

Egoera hori dela-eta, alpinista gazteak adierazi du oso irteera gutxi egiteko aukera izan dutela, eta egin dituzten horietan (azkena uztailean egin zuten) federazioak garraioa baino ez diela ordaindu; ez, ordea, janaria eta lotarako lekua: «Harrigarria da, baina hirugarren irteeraren inguruan galdetu genien, eta erantzun digute aurrekontuen %96 gastatu dugula eta 100 euro bakarrik geratzen direla. Guk egundoko esfortzua egin dugu irteera horiek egiteko, gastuak gure zuzendarien zein gure patriketatik irten direlako».

Pandemiak eragindako egoera latzak ia urtebete ezer egin gabe utzi du Alpinismo Taldea, eta EMFren zuzendaritzak iragarri die heldu den urteko urtarrilean promozio hori bukatu egingo dela: «Hirugarren urtea kendu digute eta, jakina, proiektu honetan Alpeetara edo Himalaiara egiten den azken irteera potoloa. Zur eta lur geratu gara; esan digute irteera hori egin dezakegula gure diruarekin eta federazioaren izenarekin. Jakina, guk ezezko biribila eman diegu».

Alpinismo Taldeak, azkenik, honako hausnarketa egin du: «Bazter batean utzi gaituzten sentsazioa dugu. Dirua zein irteerak kendu eta promozioa amaitu dute. Gu ez gaude batere ados, eta eginiko azken eskakizunei ez diete erantzun. Ilusio guztia kendu digute, baita aurpegiratu ere ez ditugula mendiak dituen balioak aintzat hartzen. Ez da gardentasunik izan, eta horrekin oso haserre gaude. Gure nahia da etorkizunean federazioaren kirol talde ezberdinetan sartuko diren belaunaldiek mendiarekin gozatzea eta formazio ona izatea».

 

Federazioaren oharra

Federazioak ohar baten bitartez erantzun du eta korrikalarien gaiari soilik heldu dio. Zuzendaritzak dio irizpide batzuk ezarriko dituela Euskal Selekzioan parte har dezaketen korrikalariak definitzeko: «Horiek guztiak kirol-merituetan, alderdi objektiboetan eta izaera teknikoko beste batzuetan oinarrituta egongo dira».

Ildo horretan, Euskal Mendizale Federazioak esaten du korrikalariak aukeratzeko irizpideak «eguneratu» eta «gardendu» beharrak bultzatu dituela aldaketak, eta, horrekin batera, korrikalarien taldea «irekiagoa» eta «indartsuagoa» izatea nahi duela.

Hautatzaile lanetan zebiltzanak aldatzeko erabakiaren inguruan oharrak hau argitzen du. «Hautatzaile izan direnen jarraitutasunik ezaren arrazoiak ez du zerikusirik orain arte lortutako kirol-emaitzekin. Haiekiko desadostasunak egiaztatu ondoren eta proiektuaren ikuspegi berarekin ez datozela ikusita, beren karguak aldatzea erabaki dugu».

Azkenik, zuzendaritzak argi utzi nahi izan du Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko apustu garbia egiten duela: «Lan horretan jarraitzen dugu, helburua mendi lasterketetako Euskal Selekzioak selekzio gisa funtzionatzea baita; nahiz eta, jakina, talde gisa parte hartuko duen Estatuko eta nazioarteko probetan».