GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Zauriak estaltzera doaz zelairik zailenera


Ligako azken lau partidetan irabazi gabe –lau partidetan bi puntu lortu ditu– eta Kopan kanporatuta. Hala iritsiko da Deportivo Alaves Vallecasera, hurrengo neurketara. Gasteiztarrek zauriak azkar estali beharko dituzte Ligan beltzak ikusi nahi ez badituzte.

Eta, hasteko, esan behar da ez dutela oso aurkari erraza izango aurrean. Izan ere, Andoni Iraola usurbildarrak gidatzen duen Rayo Vallecano Lehen Mailako onena da bere zelaian. 24 puntutik 22 eskuratu dituzte madrildarrek Vallecasen eta urtea Europako postuetan amaitu nahi dute.

Beren estadioan lortutako zazpi garaipenez eta berdinketa bakarraz gain, oso gol gutxi jaso dituzte: hiru bakarrik. Alaves, ordea, Athleticekin batera gol gutxien sartu duen bigarren taldea da, Getaferen atzetik. Gasteiztarrek eta bilbotarrek 13 gol sartu dituzte; Quique Sanchez Floresen talde madrildarrak, aldiz, 11 egin ditu. Rayok 24 gol sartu eta 18 jaso ditu. Gainera, Alavesek partida bakarra irabazi du Mendizorrotzatik urrun.

Datuok aintzat hartuta, Javier Calleja entrenatzaileak adierazi du bere taldearen helburu garrantzitsuena «golak ez jasotzea eta ondo defenditzea» dela. Alaves «gehiagora» doala eta taldean hobekuntza «oso handia» nabaritu duela gaineratu du. Hori bai, aldaketak eta sorpresak iragarri ditu hamaikakoan.