GARA
MAROKO

Bi zibil saharar hil izana leporatu diote Marokori

SEADen Lagunen Elkarteak bi zibil sahararren heriotza egotzi zion, atzo, Marokoko Armadari. Elkartearen esanetan, Marokok drone bat erabiliz jaurtitako misil baten bidez hil omen zituen bi sahararrak joan den abenduaren 15ean. Bi biktimak, EAEko instituzioek finantzatutako azpiegituretan zebiltzan lanean gertaerak jazo ziren unean; zisterna-kamioi batekin herritarrentzako ura banatzeko lanetan ari ziren bitartean, zehazki.

SEADen Lagunen Elkarteak atzo salatu zuen Marokoko Armadak bi zibil bonbardatu zituela joan den asteazkenean, abenduaren 15ean, horiek EAEko erakundeek finantzatutako azpiegitura batzuetan lanean zebiltzanean. Halaber, gertaeren inguruan «isiltasun mediatiko eta politiko onartezina» egon dela deitoratu zuen SEADen Lagunen Elkarteak.

Ohar batean zehaztu zituen gertaerak elkarteak: «Pasa den abenduaren 15ean marokoar Armadak bi pertsona hil zituen drone batetik misil bat jaurtita. Bi sahararrak zisterna-kamioi baten gidaria eta laguntzailea ziren eta herritarrentzako ur-banaketa lanetan ari ziren erasoa gertatu zenean».

Bi zibil horien heriotzaren inguruan jasotako irudiek erasoak «pertsonak hiltzeko asmo argia» zuela frogatzen dutela gaitzetsi zuen elkarteak. «Ez ibilgailua suntsitzea bakarrik, misilak kamioiaren kabina baino ez baitzuen jo», eman zuten aditzera.

Hori horrela, elkarteak gogorarazi zuen Marokok, gutxienez, «20 zibil saharar hil» dituela hainbat bonbardaketatan. Eraso horiek 2020ko azaroaren 13an hasi ziren, elkartearen esanetan, Marokoko Armadak Mendebaldeko Saharako Guerguerat esparru desmilitarizatua inbaditu zuenean, horrela, Marokok 29 urteko su-etenari «amaiera» emanez.

Oraingo honetan, aldiz, SEADen Lagunen Elkarteak salatu du erasoak EAEko erakundeek, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Euskal Fondoak, finantzatutako lankidetza-proiektuei eragin diela; hain zuzen, saharar biztanleria nomada eta errefuxiatuaren ur-hornidura azpiegitura hobetzeko proiektuei.

«Premiazko deia»

Horretaz gain, SEADen Lagunen Elkarteak gatazkan erantzukizunez jokatzeko eskatu zuen: «Premiazko deia egiten dugu gatazkan erantzukizunak dituzten erakunde eta instituzioek, bereziki PSOE eta Podemosen koalizio-gobernu espainolak, lehenbailehen eragin dezaten gerrari amaiera emateko eta saharar herriaren askatasun eta independentziarako eskubideak bermatzeko».